Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2022/07/20

Hasi dira topoa lurperatzeko lanak zumardian

Aurreikusita zegoen moduan, topoa lurperatzeko obrak Gure Zumardira iritsi dira. Zumardiaren azpian egongo da geltoki berria. Uztailaren 19tik aurrera hasiko dira Zumardiaren eremua hesitzen.

Izaskun Gomez Pasaiako alkateak oso positibotzat jo du obra hauetan epeak betetzea:  “obra hauek mugarri bat izango dira, eta pasaitar guztien bizi-kalitatea hobetuko dute”, izan ere, trenen maiztasun berriekin “leku guztietatik gertuago egongo dira, mugikortasun jasangarriaren bitartez". Pasaiako alkateak azpimarratu duenez, "obren aurrerapauso honen ondoren, trazadura berria abian jartzetik eta zubibidea eraistetik gertuago gaude".

Aste honetan bertan Hamarretxeta kalea hesitu egingo da, Azokaren parean dagoen saihesbidea estali eta trafikoarentzat egokitu ondoren. Izan ere, Azoka eraisteko lanak ere datozen egunetan hasiko dira. Eremu horretan dauden ezinduentzako hiru aparkalekuak Oarso kalera lekualdatu dira. Ez da espero eragin handirik izatea ibilgailuen zirkulazioan; nolanahi ere, patruila bat jakinaren gainean egongo da unean uneko gorabeherak arautzeko.

Eremu horretan obrak egiteko, plazako kioskoa kendu beharko da, eta obrak bukatu ondoren berriz jarriko da bere lekuan. Ibaiondoko zabalgunera ere iritsiko dira hesiak. Izan ere, bypass bat egingo da, itsasadarraren azpian tunel bat eraikitzeko, Errenteriaranzko irteera gisa.

Zumardiko lanak hastearekin batera, topoa lurperatzeko eta Gure Zumardia plazaren azpian geltoki berria eraikitzeko lanen agertoki nagusia landuko da. Geltoki berria Eskalantegi, Zumalakarregi, Biteri plaza eta Hamarretxeta kaleen artean egongo da. Sarbidea Eskalantegi kalean egongo da, eta igogailu bat izango du plazan bertan; eta larrialdi-irteera San Markos kalean egongo da. Pasaiako geltokiari jarraipena ematen dion tunel faltsua egikaritzeko, Molinao itsasadarraren azpitik gurutzatu behar da, eta haren ibilgua behin-behinean desbideratu behar da. Obrako hurrengo 21 hilabeteetan, geltokiko lanak gainazalean egingo dira, eta, ondoren, lauza azpian, plaza urbanizatuan. Plaza horrek ia bikoiztu egingo du azalera, eta 2023rako entregatzea aurreikusten da.

Azoka eraitsi ondoren, hainbat elkartek esparru horretan egiten zituzten jarduera gehienak Pasaiako Udalak Eskalantegi kaleko 45. zenbakian Visesari erositako lokalera eramango dira. Etorkizunean, jarduera horiek Luzuriagako bulego zaharren eraikinean kokatuko dira, eta bertan Udalak gizarte- eta kultura-zentro handi bat garatzeko proiektua du.