Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2023/11/23

Merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatzeko egitasmoa

Lehen hitza euskaraz

Pasaiako Udalak eta Laurak Bat merkataritza elkarteak herriko merkataritza eta ostalaritzan euskararen erabilera handitzeko elkarlanean dihardute. Helburu hori lortzeko bidean, merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan lehen hitza euskaraz egiteak asko laguntzen du. Hori dela eta, Pasaiako merkatari eta ostalariak gutxienez lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartu eta elkarrizketak euskaraz hastera gonbidatu nahi dituzte. Horren berri emateko, konpromiso hori hartu duten establezimenduek “Hasi” hitza daramaten bereizgarriak jarriko dituzte establezimenduetan: sarrerako atean, ordainketak egiteko mahaian, langileen paparrean...

Gainera, bezeroak ere lehen hitz hori euskaraz egitera animatu nahi ditu egitasmoak. Lehen hitza euskaraz egiteak asko eragiten baitu ondoren etorriko den elkarrizketaren hizkuntza aukeratzerako orduan.

Lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartzen duten Pasaiako establezimendu guztiek har dezakete parte Udalak eta Laurak Bat elkarteak landutako egitasmoan, merkatari eta ostalari elkartearekin edo Udaleko Euskara Sailarekin harremanetan jarrita.

Bigarrenik, lehen hitzaz gain zerbitzu osoan euskara erabiltzeko aukera bermatzen duten establezimenduek Euskal Herrian zabaltzen ari den Euskaraz Barra-Barrae//” bereizgarria jartzera animatu nahi dituzte. Horretarako, establezimendua zabalik dagoen bitartean gutxienez langile bat egon beharko da euskaraz zerbitzua emateko gai dena. Horrez gain, establezimenduko langile orok, euskal hiztuna izan edo ez, euskara erabiltzen duen bezeroari edota kontsumitzaileari lehen hitza eta azken agurra euskaraz egingo dizkio, eta kontsumitzaileari euskara erabiltzeko aukera bermatuko zaio establezimenduan.

Euskaraz barra-barra bereizgarria lortzeko ere Laurak Bat elkartearekin edo Euskara Sailarekin jarri beharko dute harremanetan establezimenduetako arduradunek.

Pasaitarrei establezimenduak egiten ari diren ahaleginaren berri eman emateko eta hizkuntza ohiturak euskararen mesedetan izateko establezimenduetan “Hasi” edo “e//” ikurrak ikustean nola jokatu behar duten azaltzeko liburuxkak banatuko dira etxeetako postontzietan nahiz egitasmoan parte hartzen duten establezimenduetan. Helburua beti bera izango da: euskara gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin egitea. Batzuetan lehen hitza besterik ez da izango euskaraz, beste batzuetan elkarrizketa elebidunak sortuko dira batek euskaraz egin eta besteak erdaraz erantzunda, eta hainbatetan bezero eta merkatari/ostalariaren arteko harremana euskara hutsean izango da.

Egitasmo honekin merkatariek jarrera aktiboa hartuko dute euskararen erabilera sustatzeko, eta bezeroak ere berdin jokatzera animatu nahi dituzte Laurak Bat elkarteak eta Pasaiako Udalak.