Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2023/11/03

Udalaren harrera Sheroes Hangout proiektuko kideei, Indian azidoarekin erasotutako emakumeentzako topagunea. Arratsaldean, hitzaldia Bekoz Beko-n

Azaroaren 3an

Gaur eguerdian Pasaiako udaletxean izan dira Chhanv fundazioak sustatutako Sheroes Hangout proiektuko kideak. Pasaiako alkate Teo Alberrok harrera egin die Ritu eta Mousumi Sheroes Hangout proiektuko kideei, Alok Dixit Chanj Chhanv fundazioaren zuzendariari, eta Rajni Kant itzultzaileari.

Haiei ongi etorria eman ondoren, eskerrak eman dizkie Alberrok Bekoz Bekoko kide Izaskun Barbier, Clara Barbier eta Cristina Lopezi: “Zuen lanik gabe gutako inor ez baikinateke hemen izango gaur, harrera hau ospatzen”. 2017tik dihardu Pasai Antxoko elkarte feministak Indiako Chhanv fundazioarekin elkarlanean.

Bekoz Bekoren eskutik, hain zuzen, heldu dira aurten berriro Pasaiara Sheroes proiektuko emakumeak. Talde hori Chhanv fundazioaren ekimenez jaio zen, azidoarekin erasotutako emakumeentzako elkargune bat sortu eta haien bizipenak gizarteratzeko. 

Azido erasoen biziraule diren emakume horiek Pasaian izango dira egun hauetan euren testigantzak partekatzeko. Alkateak dei egin die bizilagunei Bekoz Bekok datozen egunotarako antolatu dituen jardueretan parte hartzera. Eta, bereziki, gaur arratsaldean, 18:30ean, elkartearen egoitzan Ritu eta Mousumik eskainiko duten hitzaldira bertaratzera.

Gaurko agerraldian Pasaiako Udalbatzan ordezkaritza duten alderdi guztietako ordezkariek parte hartu dute. Gobernutik, Teo Alberro alkateak eta ondoko zinegotziek: Aintzane Taberna, Iraitz Pazos, Laura Re, Aitor Brion, Natitxu Etxarri, Mikel Garcia eta Julen Rodriguez (Ahal Dugu-Podemos). PSE-EEtik Lore Suarez, Miguel Angel Crespo eta Andrea Palomaresek. Eta EAJtik Koldo Errondosorok.