Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/06/12

Palestinarekiko elkartasuna eta konpromisoa berretsi ditu Pasaiak

Mahai-inguru formatuan, palestinar herriaren genozidioa eta herrien arteko elkartasuna izan dituzte hizpide udaletxeko ekitaldi instituzionalean

Gora Herriak egitasmoaren aterkipean, palestinar herriari elkartasuna adierazteko ekitaldi instituzionala egin du gaur Pasaiako Udalak. Maiatzaren 21ean hasi eta ekainaren 13ra arte luzatzen ari den ekimenak, urtero bezala, munduko herri baten errealitatea, historia, kultura, zapalkuntzak eta borrokak gertutik ezagutzeko aukera eskaini du aurten ere Pasaian. Bixi-Bixi kultur elkarteak antolatutako egitasmoak Palestinan jarri du aurten fokua, herri hori bizitzen ari den genozidio larria eta azken hilabeteetan areagotu den sarraskia Pasaiara ekarriz.

Eguerdian, Pasaiako udaletxearen atarian egin diete ongietorria Pasaiako udal ordezkariek gonbidatuei. Bertan izan dira Teo Alberro alkatea, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen gobernu taldeko ordezkariak eta EAJ-PNV eta PSE-EEren udal ordezkariak. Harreraren hasieran, herriko dantzariek agurra eskaini diete gonbidatu bereziei eta bertaratutakoei.

Ekitaldi nagusia udaletxeko pleno aretoan izan da, mahai-inguru eta topaketa formatuan. Helburua izan da elkar ezagutzea, bizipenen berri izatea eta Palestinako herriak bizi duen genozidioa lehen pertsonan ezagutzea, baita nazioarteko elkartasunaren garrantziaz hausnartzea ere.

Saioari hasiera emanez, Teo Alberro alkateak eskerrak eman dizkie gonbidatuei eta Bixi-Bixi elkarteari. Azpimarratu du Gora Herriak bezalako ekimenek "herrien arteko zubiak eraikitzen" laguntzen dutela, eta urte luzez Pasaiara munduko hainbat herriren errealitatea ekarri izanak "balio zenbatezina" duela. Era berean, gogorarazi du elkartasuna "ez dela sentimendu hutsa, baizik eta konpromiso etiko eta politikoa", eta herri txikiek ere badutela munduari zer esan injustizien aurrean.

Lehenengo testigantzak Gernika-Palestina herri-ekimeneko Ibon Meñikak eman ditu; harekin batera aritu da Eneko Gerrikabeitia ere. Azken urteotan Palestinarekiko elkartasunak Euskal Herrian izan duen bilakaera eta egoera horren aurrean herritarrek eta erakundeek duten erantzukizuna azaldu ditu. Azpimarratu dute elkartasuna ez dela adierazpenetara mugatzen, eta gizabanako bakoitzak ere lagun dezakeela informazioa zabalduz, mobilizazioaren bidez, boikota egiteko kanpainen bidez edo elkartasun-sareen bidez: "Gora herriak ekimenean parte hartu dugu azken asteetan. Azken bi urte luze hauetan Palestinak sufritzen ari duen genozidioaren aurrean erreakzio sozial bat antolatzeko helburua izan dugu. Palestinaren zatitxo bat gurekin dugu Euskal Herrian bizitzen eta horiei ere atentzioa eta harrera eskaini behar diegu”.

Bixi Bixiko Itziar Goienetxeak Gora Herriak ekimenaren hamargarren urteurrena azaldu du. Halaber, azaldu du zer gogoeta egin behar izan duten aurtengo edizioa ez zedin festa hutsa izan, baina ez zendin soilik genozidioan eta sufrimenduan zentratu. Gaineratu duenez, Palestinak asko sufritzen du, baina, era berean, hitza eta memoria egunero garatzen duen herria da. Erresistentzia hori, erresilientzia hori, emakumeen inguruan gorpuzten den ahalegin hori, bizitzaren aldekoa, askatasunaren aldekoa. Jakin ezazue beti izango gaituzuela zuekin, Palestinaz etengabe mintzatuko garela, etengabe altxatuko dugula zuen bandera gurearekin batera”.

Ondoren, Mahmut Alzae idazle palestinarrak hartu du hitza. Pasaian egon da, Hadil Abulebda emaztearekin eta semearekin batera, eta Palestinako herriaren memoriaz, identitateaz eta kultura-erresistentziaz hitz egin du. Palestinar herriak jasaten duen indarkeriaz gain, herri baten duintasuna eta bizirauteko gaitasuna nabarmentzen dira liburuan. Bere kausaren alde jasotzen dituen babesa eta maitasuna eskertu nahi izan ditu. «Oso zaila da Gazan 2023tik gertatutakoa transmititzea. Su-etena amaitu zenetik, milaka pertsona erail eta zauritu dituzte, gure familiak, eta oraindik ez dago su-etenik, eta ez dituzte oinarrizko bizi-premiak betetzen. Ez dakit noiz berreraikiko dugun Gaza, baina espero dut egunen batean herri palestinarrak bakea aurkitzea ".

Wafaa Omar Sobh errefuxiatu palestinarrak eta Mohamed Zaki Sobh senarrak ere parte hartu dute. Euren lau seme-alabekin egon dira. Oso hunkituta, Wafaak esan du Euskal Herrian daudela gaixorik dauden bi alaben tratamendurako. "Bideoak ikusi arren, edo gure herriaren sufrimendua erakusten saiatu arren, ezinezkoa da". Errefuxiatu horrek anaia galdu zuen, hil egin zuten, eta haren bizitzaren zutabea zen. "Euskal herriak besarkatu egiten gaitu eta gure bigarren familia da, eta egunen batean bakea aurkitzea gustatuko litzaidake".

Hadil Bulebdak gaineratu duenez, "ez dago hitzik gure sufrimendua deskribatzeko. 10 urtez eraikitzen aritu ginen etxea galdu dut, nire etorkizuna, eta oraindik familiaren zati bat Gazan daukat. Instant batean bonbardatu gintuzten, eta segundo batzuetan dena galdu nuen. Hemen ere, zarata bat entzuten dugunean, gorputza dardarka jartzen zaigu eta beldurra izaten dugu. Gainera, beste ume bat daukat gaixorik Turkian, eta oraindik ezin izan dut ikusi.”

Ahmed Mubarak-ek eskerrak eman ditu une honetan emandako laguntzagatik eta batasunagatik "hilabete daramat Euskal Herrian eta nirekin batera Palestinako artea daramat. Ezingo dute gure erresilientzia gainditu."

Sohdos gazteak ere, oso hunkituta, erantsi du kasualitatez etorri zela Euskadira, eta gaixotu egin zela iritsi bezain laster. Jasotako laguntza eskertu nahi izan du, batez ere medikuena eta ospitaleena. "Poesia asko gustatzen zait, eta bertso batzuk errezitatu nahi dizkizuet, eta baieztatzen dut, gertatzen dena gertatuta ere, altxako garela".

Mahai-inguruan behin eta berriz aipatu dira Palestinako herriak gaur egun jasaten dituen eraso humanitario larriak: milaka hildako eta zauritu, abandonatutako familiak, bortxazko joan-etorriak eta azpiegitura zibilen suntsiketa sistematikoa. Aldi berean, hizlariek azpimarratu dute egoera horren aurrean ezinbestekoa dela nazioarteko komunitatearen inplikazioa eta herrien arteko elkartasuna.

Ekitaldiaren amaieran, Teo Alberro alkateak itxiera hitzaldia egin du. Orduan adierazi du Pasaia ez dela axolagabe Palestinako herriaren sufrimenduaren aurrean, eta horren adibide dela azken asteotan bai Pasai Antxon Basari elkartearen eskutik, bai egunotan Bixi-Bixiri esker martxan diren ekimenak, "elkartasuna hitzetatik ekintzetara daramatenak". "Palestinako herria ez dago bakarrik", adierazi du, "baina elkartasuna ezin da adierazpenetara mugatu. Gaurko ekitalditik etxera eramango dugun galdera da zer egin dezakegun bakoitzak egoera honen aurrean. Eta erantzuna argia da: informatu, salatu, mobilizatu, elkartasun sareak indartu eta zapalkuntzaren aurrean normalizazioa ukatu. Isiltasuna ere jarrera politiko bat delako. Herritar gisa, ez dezagun onartu sufrimendu hau urruneko zerbait balitz bezala. Ez dezagun begirada beste aldera eraman. Eta ordezkari publiko gisa, gure ahotsa erabiltzea dagokigu giza eskubideen urraketa oro salatzeko, nazioarteko zuzenbidea errespetatua izan dadin exijitzeko eta herrien askatasunaren alde lan egiteko. Badakigu Pasaiatik ez dugula genozidio hau geldituko. Baina badakigu, era berean, herri txikien isiltasunak ere mundua okerrago egiten duela, eta herri txikien elkartasunak ere mundua bidezkoago bihurtzen laguntzen duela".

Amaitzeko, gonbidatuei oroigarri bana eman die alkateak: Ategorrietan Fisterra nobela grafikoa. Argiak argitaratutako lana da, eta Malen Gainzarain, Beñat Apalategi, Markel Ormazabal eta Lander Arbelaitzek ondutakoa. Ategorrietako Sarraskia kontatzen duen lanak memoria historikoaren, herrien kontrako zapalkuntzen eta erresistentziaren arteko lotura sinbolizatzen du, eta Palestinako herriak gaur egun bizi duen errealitatearekin elkartasun zubi bat eraikitzeko keinu gisa eskaini zaie hori gonbidatuei.

Gernika-Palestina ekimenetik zapi bana eman diete bertaratutakoei, Gernikako koadroko ama eta alaba bat irudikatzen dituena. 

Gora Herriaken azken hitzordua, bihar

Gora Herriak egitasmoaren azken jardunaldia bihar, ekainaren 13an, izango da: 12:30ean Palestinarekiko elkartasun kalejira abiatuko da Santiago plazatik Meipira. 14:00etan herri bazkaria egingo da, Palestinako menu bereziarekin. Arratsaldean, 16:00etan, ekitaldi nagusia izango da Palestinako dantzari baten eta haur dantzarien emanaldiekin; 16:30ean Nur eta Ahmed kantari palestinarrak ariko dira; 17:30ean Palestinako egoerari eta arteari buruzko saioa egingo da; eta 18:30ean kantaldiarekin emango zaio amaiera aurtengo Gora Herriak egitasmoari.

Bixi-Bixik eta Pasaiako Udalak herritar guztiak gonbidatu dituzte jardunaldian parte hartzera eta palestinar herriari elkartasuna adieraztera.

Harrera Palestina