Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2022/03/07

Pasaiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren inguruko informazio- eta partaidetza-saioak (HAPO)

Lau barrutietan, martxoaren 7tik 27ra bitartean

PASAIAKO HAPO BERRIARI DAGOKION PARTAIDETZA PROZESUAK AURRERA JARRAITZEN DU, AURRERAKINERAKO ALTERNATIBAK LANTZEKO

Partaidetza interesa duten guztientzat irekia egongo da, martxoaren 7tik 27ra bitartean. Era berean, partaidetza-saio publikoak lau barrutietan egingo dira.

Gaur egun, HAPO berria 2. fasean dago, Aurrerakinaren fasean; eta horren helburua da Pasaia osorako etorkizuneko planaren “zirriborro aurreratu” moduko bat egitea, egiturazkoa, leku zehatz batzuetan hainbat aukera proposatuz.

Pasaiako HAPOren fase honetan parte hartu nahi dutenek, hainbat modutan egin dezakete. Batetik,  informazio eta partaidetza-saio batera bertaratuz, 18:00etatik 20:00etara.

Martxoaren 15ean:

  • Donibanen (Juanba Berasategin).
  • Antxon (Kultur etxean).

Martxoaren 22an:

  • San Pedron (Udal aretoan).
  • Trintxepen (Alkateordetzan).

Saioen lehen zatia informatiboa izango da. Horren ondoren, saioen zati handiena partaidetzari eskainiko zaio, eta partaideza hori lantaldeen bidez egingo da. Saioak elebidunak izango dira, eta euskaraz zein gaztelaniaz parte hartu ahal izango da. Haurrak edo adinekoak zaintzen dituztenak haiekin etor daitezke, kontziliazioa errazteko.

Bestetik, webgunearen bidez ere parte har daiteke (www.hapo-pasaia.eus) martxoaren 7tik martxoaren 27ra bitartean. Izen-emateei, datei eta lekuei buruzko informazio guztia web horretan dago.

Zure partaidetza funtsezkoa da, anima zaitez!

2020an, Udala Pasaiako HAPO lantzen hasi zen. Herritarrek Parte hartzeko Programa osatu ondoren,  1. Fasea, Informazioa eta Diagnostikoa, hasi zen, eta 2021ean partaidetza egin zen. Oraingo fasea Aurrerakina idaztean datza, hirigintza-plan berria izango denaren zirriborro aurreratu gisa.
HAPO udalerrian erabilerak eta eraikuntzak antolatzeko oinarrizko tresna nagusia da. Laburbilduz, HAPOk zer, non eta zenbat eraiki daitekeen arautzen du, udalerriko eremu fisikoaren barruan, bai lurzoru publikoan bai pribatuan. Egun Pasaiak ez du HAPOrik, Arau Subsidiarioak baizik. HAPO idaztea legez nahitaezkoa da, prozesu luze eta konplexua da, eta hainbat fase ditu, behin betiko onespenera iritsi arte.
Zergatik da garrantzitsua? HAPO berriak Pasaiaren egitura fisikoan (lurzoru eta eraikin publiko eta pribatuak) bakarrik jarduten badu ere, garrantzitsua da, horrek zuzenean eragiten duelako udalerriaren ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-garapenean; hiria izateko eskubidean, pasaitarren ahalduntzean, hiria bertako herritarrentzat planifikatzeko garaian. Laburbilduz, Pasaiako HAPO berriak ikuspegi integral bat emango du, Pasaiak nolakoa izan nahi duen jakiteko, epe laburrean, ertainean zein luzean.