Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/05/16

HAPOaren partaidetza-prozesuan zenbait gai espezifiko lantzeko ekintza osagarriak egingo ditu Udalak

Ingurumenaz eta klima larrialdiaz, merkataritzaz eta etxebizitzaz aritzeko saioak egingo dira. Lehenengoa, maiatzaren 19an

Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren erakustaldi fasean murgilduta dago Pasaiako Udala. Maiatzaren 1ean hasi zen Aurrerakina jendaurrean jarri eta herritarrek ekarpenak egiteko prozesua eta udalak hainbat bide sortu eta abiatu ditu ekarpenak jasotzeko.

Iraitz Pazos Hirigintza eta Ingurumen zinegotziaren hitzetan “proiektuaren garrantzia eta hainbat gaietan izango duen inpaktuaz jabetuta, barrutiz barruti antolatutako partaidetza bideez gain, ekintza osagarri gehiago egitea erabaki dugu”.

Ekintza osagarriak ondorengoak izango dira: 

  • Ingurumena eta klima larrialdia lantzeko lan saio espezifikoa. Maiatzaren 19an izango da, 17:30ean, San Pedroko Udal aretoan (Ertin).
  • Etxebizitza, birdentsifikazioa, erabilera aldaketak eta merkataritza. Saio honetan hurrengo galderei buruzko hausnarketa egingo da: Etxebizitza beharren aurrean proposatu daitezken birdentsifikazio neurriek nola eragiten dute herrian? Zein ondorio izan ditzakete merkataritzan? Zer eduki behar da kontuan eta nola orekatu behar ditugu tokiko merkataritzaren sustapena eta etxebizitza beharrak? Lan-saio espezifikoa ekainaren 4an izango da, 14:30ean Antxoko Kultur Etxean.
  • Hirigintza Aholku Kontseilua. Udalak herritarren partaidetza bermatzeko sortua duen legezko gune iraunkorra izanik, aurrerakinaren erakustaldi fasean bere ekarpena egitea ezinbestekoa izango da. Aholku Kontseiluaren saioa ekainaren bigarren hamabostaldian izango da (data zehatza, ordutegia eta lekua aurretik jakinaraziko du Udalak).

Saio espezifikoak badira ere, hitzordu horietara herritar guztiak daude gonbidatuta.

Horrez gain, erakusketa finkoen datak gogorarazten dira:

Erakusketak

  • Maiatzak 1-16, Trintxerpe (Alkateordetzako lehen solairuan). EGINA
  • Maiatzak 16-30, San Pedroko Liburutegian.
  • Ekainak 1-13, Antxoko Kultur Etxea.
  • Ekainak 13-30, Donibane (Juanba Berasategi).

Erakusketa horiek eraikinak irekita dauden ordutegietan bisita daitezke. Horiez gain, bisita gidatuak egingo dira eta aditu batek HAPOaren aurrerakinaren berri emango die gerturatzen diren herritarrei, euskaraz zein gaztelaniaz.

Bisita gidatuak

  • Maiatzak 8, 17:30, Trintxerpe. EGINA
  • Maiatzak 29, 17:30, San Pedro.
  • Ekainak 4, 17:30, Antxo.
  • Ekainak 18, 17:30, Donibane.

Halaber, bi informazio-hitzaldi antolatu dira, ele bietan izango dira, eta horietan partaidetza-tailerrak egingo dira:

Informazio-hitzaldiak

  • Maiatzak 8, 19:00, Trintxerpe (Alkateordetza). EGINA.
  • Ekainak 4, 19:00, Antxoko Kultur Etxea.

HAPOari buruzko webgunea

HAPOari buruzko informazio zehatza eta eguneratua jasotzen duen webgunea ere kontsultagarri dago: hapo-pasaia.eus.