Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/04/30
Hasi da Pasaiako Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriaren (HAPOaren) aurrerakinaren jendaurreko erakustaldia
Aurrerakina ekainaren 30era arte egongo da jendaurrean, eta herritarri zuzendutako hainbat informazio- eta partaidetza-ekintza antolatu dira.

Pasaiako Udalak 2020an hasi zituen udalerriko Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria (HAPOa) idazteko lanak.
Izan ere, HAPOa udalerri bateko antolamendu-tresnarik garrantzitsuena da, horrekin erabakitzen baitira udalerri baten lurzoruaren erabilerak eta eraikinak. HAPOaren bidez udalerriaren lurzorua sailkatzen da: Hiri-lurzorua, lurzoru-urbanizagarria eta lurzoru urbanizaezina. Azken finean, HAPO batek zer, non eta zenbat egin daitekeen arautzen du, Pasaiako eremu fisikoan, eraikin eta lurzoru publiko zein pribatuetan.
Hasiera 2020an izen bazen ere, COVID-19ak eragindako pandemia dela eta, atzerapena izan zuten lehen ekintzek.
2021ean egin zen lehen fasea, Hirigintza informazioa lantzen zuena, eta ordutik, Aurrerakina dokumentua lantzen aritu da Udala. Fase horiek aberasteko, herritarren parte-hartze prozesu bat ere egin zen, 2021-2022 bitartean.
Orain, 2025ean, Pasaiako Udalak Plan Orokorraren Aurrerakina jendaurrean jarriko du maiatzaren 1etik ekainaren 30era. Horretarako, hainbat informazio- eta partaidetza- ekintza antolatu ditu: “Herriaren etorkizuna baldintzatuko duen proiektua da, Pasaitarren egungo beharrei eta etorkizuneko beharrei erantzuteko funtsezkoa. HAPOak herriko egitura fisikoan bakarrik eragingo duen arren, eragin zuzena izango baitu gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-garapenean. Gaur egun 1996ko Arau Subsidarioek betetzen dute eginkizun hori eta hirigintza plan berri bat behar dugula argi dago. Hori dela eta, Udal Gobernuak funtsezkotzat jotzen du herritarren partaidetza. Ez hori bakarrik, gai konplexu eta oso teknikoa denez, herritar guztientzat ulergarria izatea nahi dugu. Horretarako zenbait ekintza, bilera eta erakustaldi antolatuko ditugu” adierazi du Teo Alberro Pasaiako alkateak.
Alde batetik, erakusketa finkoak antolatu dira 4 barrutietan:
Erakusketak
• Maiatzak 1-15, Trintxerpe (Alkateordetzako lehen solairua).
• Maiatzak 16-29, San Pedro (liburutegia).
• Maiatzak 30 - ekainak 12, Antxo (Kultur Etxea).
• Ekainak 13-30, Donibane, (Juanba Berasategi).
Erakusketa horiek eraikinak irekita dauden ordutegietan bisita daitezke. Horiez gain, bisita gidatuak egingo dira eta aditu batek HAPOaren aurrerakinaren berri emango die gerturatzen diren herritarrei, euskaraz zein gaztelaniaz.
Bisita gidatuak:
- Maiatzak 8, 17:30, Trintxerpeko alkateordetzan.
- Maiatzak 29, 17:30, San Pedroko Udal aretoan, Ertin.
- Ekainak 4, 17:30, Antxoko Kultur Etxean.
- Ekainak 18, 17:30, Donibaneko Juanba Berasategin.
Halaber, bi informazio-hitzaldi antolatu dira, ele bietan izango dira, eta horietan partaidetza-tailerrak egingo dira:
Informazio-hitzaldiak:
• Maiatzak 8, 19:00, Trintxerpeko alkateordetzan.
• Ekainak 4, 19:00, Antxoko Kultur Etxea.
HAPOari buruzko webgunea
HAPOari buruzko informazio zehatza eta eguneratua jasotzen duen webgune bat ere prestatu da: hapo-pasaia.eus
Aurrerakinaren ideia nagusiak
Gaiari buruz gehiago jakiteko egokiena erakusketetan edota bisita gidatuetan parte hartzea bada ere, aurrerakinaren ideia nagusiak honako hauek dira:
- Lehentasuna ematea hiri-berroneratzeari eta dagoeneko erabilitako lurren berrerabilerari.
- Jarduera ekonomikoen eremuak sendotzea.
- Espazio libreak berreskuratzea.
- Hiri-bilbearen barrualdea osatzea.
- Erabilera desberdinen nahasketa sustatzea.
- Hirigunearen eta kanpoaldearen arteko loturak egokituz joatea, gainerako auzoekiko lotura indartuz eta bereziki, naturarekin mugan dauden guneak zainduz.
“Aurrerakinaren ondoren eta helburuen eta irizpideen akordioa lortu ostean, hurrengo pausoa izango da HAPOa idaztea eta hasierako onespena ematea; baina pausoz pauso egin beharko dugu bidea, elkarrekin” amaitu du Iraitz Pazos Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumeneko zinegotziak.
IRADOKIZUNAK EGITEKO MODUA
Jendaurreko erakustaldiak irauten duen bitartean (ekainak 30a arte), iradokizunak edota ekarpenak egin nahi dituzten herritarrek erregistro bidez egiteko aukera izango dute: Udalaren egoitza elektroniko bidez edota aurrez aurre HAZ bulegoetan.