Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2021/05/27

Pasaiako HIRI ANTOLAMENDUKO PLAN OROKORRAren (HAPO) prozesu parte-hartzailea

Ekainaren 1etik uztailaren 1a arte

HIRI ANTOLAMENDUKO PLAN OROKORRA

PROZESU PARTE-HARTZAILEA

 

PASAIAKO HAPO BERRIARI DAGOKION PARTAIDETZA PROZESUA HASI BERRI DA

Partaidetza interesa duten guztientzako irekia izango da, ekainaren 1etik uztailaren 1era bitartean.

Informa zaitez eta har ezazu parte www.hapo-pasaia.eus webgunean.

Zure iritzia funtsezkoa da!


Izaskun Gómez Pasaiako alkateari elkarrizketa

PASAITARREK ESKUBIDEA DUTE PASAIA BEREN BEHARRETAN PENTSATUZ PLANIFIKATZEKO

Zer da Pasaiako HAPO berria?

Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) plangintza-tresna bat da, eta, funtsean, udalerri barruan zer, non eta zenbat egin daitekeen arautzen du, bai lurzoru publikoan, bai pribatuan. Esate baterako, zenbat eraikin, zer erabilera eta dimentsiorekin eraiki ahal izango diren; zer espazio erabiliko ditugun berdeguneetarako eta ekipamenduetarako, edo zer gune erabiliko ditugun enpresa- edo industria-jarduerak finkatu ahal izateko. Eta horrek guztiak eragin zuzena du udalerriko gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-garapenean.

Zergatik da garrantzitsua?

Plan Orokorra funtsezko dokumentua da, azken batean, etorkizuneko Pasaia diseinatzen ari garelako, hau da, belaunaldi berriek jasoko dutena. Horregatik da hain garrantzitsua parte-hartzea; izan ere, "Pasaitarrek eskubidea dute Pasaia beren parte-hartzearekin eta beraiengan pentsatuz planifikatzeko"; beren etxebizitza-premietan, enpresek enplegua izateko behar dituzten espazioetan edo beren ongizaterako beharrezkoak diren kultura-, kirol- eta edonolako ekipamenduetan.

Zergatik idatzi orain HAPO?

Plan Orokorra idazteko unea iritsi da. Arau Subsidiarioak onartu zirenetik 25 urte igaro dira eta Pasaiak beste behar batzuk ditu gaur egun. Topoa lurperatzea bezalako proiektuek, Adinberri izenekoak, bultzada handia emango diote udalerriaren eraldaketari, eta Pasaia egungo eta etorkizuneko beharrei erantzungo dien plangintzarekin prestatu behar da. Gainera, Plan Orokorra egitea nahitaezkoa da, legez. Lan garrantzitsua eta luzea da, baina horretarako unea iritsi da.

Nola enfokatzen da parte-hartzea eta nola parte har daiteke?

Lehen esan dudan bezala, pasaitarren parte-hartzea funtsezkoa da, "Beren beharretan pentsatuz herria planifikatzeko eskubidea dutelako". Plan Orokorra egiten den bitartean, herritarren parte-hartzea presente egongo da hasierako fase horretatik, eta parte hartzeko lehen unea ekainaren 1etik uztailaren 1era izango da. Parte hartzeko hainbat modu daude: hitzaldi informatiboa, parte-hartze digitala eta erakusketa paraleloak Pasaiako lau barrutietan: Donibane, San Pedro, Antxo eta Trintxerpe. Inskripzio, data eta tokiei buruzko informazio guztia, baita HAPO berriaren edukiei buruzkoa ere, HAPOren webgunean egongo da, hemen: www.hapo-pasaia.eus.


Nahikari Otermin Hirigintza zinegotziari elkarrizketa

Zer arautzen du HAPOk?

Sinple esanda, esan dezakegu Plan Orokorrak arautzen duela, funtsean, zer, non eta zenbat egin daitekeen udal-lurzoruaren barruan, bai publikoan, bai pribatuan. Hau da, HAPOk Pasaia osoa hartzen du, bere 1.130 hektareatik gora, eta honela sailkatzen du: hiri-lurzorua (eraikita dagoena), lurzoru urbanizagarria (hiri-lurzoruari erantsi beharreko lurzoru naturala) eta lurzoru urbanizaezina (landa-lurzorua eta bere balio naturalengatik babestua). Era berean, HAPO xehe-xehe sartzen da eta lurzoruari erabilerak esleitzen dizkio. Adibidez, bizitegitarako (etxebizitzetarako lurzorua), jarduera ekonomikoetarako eta abarretarako, eta, gainera, eraiki beharreko bolumena esleitzen dio lurzoru bakoitzari (eraikigarritasuna deitzen duguna).

Parte-hartzea sinplifikatzeko eta errazteko, HAPOk hamar gai ditu, HAPOk jorratuko dituen gaiak laburbiltzen dituztenak.

Zer fase ditu?, eta, zein fasetan gaude Pasaian?

HAPOren idazketa prozesu luzea eta konplexua da, eta, kasurik onenean, udalek hiru bat urte behar izaten dituzte onartzeko. Zergatik? Hainbat fase dituelako, hasten denetik behin betiko onartu arte. Oro har, lehen "0 fasea", Herritarren Partaidetza Programa (HPP) eta ondorengo zazpi faseak aipatzen ditugu: Informazioa, Aurrerapena, Aurrerapenaren Azalpen Publikoa, Hasierako Onarpena, Hasierako Onarpenaren Azalpen Publikoa, Behin-behineko Onarpena eta Behin Betiko Onarpena.

Pasaian, 2020an hasi ginen plana egiten. HPP onartu genuen eta, Informazioko 1. faseko parte-hartzea prestatzen hasi ginenean, pandemia iritsi zen. Horregatik, maila teknikoan aurrera egin dugu Informazio fasearekin, eta orain fase horretan parte hartuko dugu. Horrekin, hurrengo faseari ekitea espero dugu, Aurrerapenari, alegia. Fase horrek herritarren parte-hartzea ere ekarriko du, plana aberasteko hasierako, behin-behineko eta behin betiko onarpenetan.

Zein da fase honetan herritarren parte-hartzearen helburua?

Esan dizudan bezala, oraintxe bertan parte-hartzea Informazioaren 1. fasean sartzen da. Oso garrantzitsua da udalerriko beharrak bildu eta kontrastatzeko. Zergatik? Horiek hurrengo faserako balioko dutelako, hots, etorkizuneko HAPOren Aurrerapena idazteko. Horregatik, pasaitar guztiak animatzen ditugu planaren lehen fase honetan eta ondorengo faseetan parte hartzera.

Nola aurreikusten duzu HAPO berriak pandemiari erantzutea?

Pandemiak eragin erabakigarria izan du gure bizitzetan. Oro har, hirigintzarekin zerikusia duen orotan, bertatik bertara ikusi dugu hiri-trinkotasunaren eta erabilera-nahasketaren garrantzia; hau da, gure egunerokoan, etxetik gertu, behar dugun guztia izatea. Parisen "15 minutuko hiria" izendatu dute (Pasaiako eskalako udalerri batean 5 edo 10 minutukoa izan daiteke). Pandemiak, hirigintzatik, aire zabaleko espazioen, espazio naturalen, paseorako, aisialdirako eta kirolerako premiaren inguruko hausnarketa ere eragin digu. Batzuetan "naturako bainuak" esaten zaion horretan. Horregatik guztiagatik, osasuna Pasaiako HAPO berrirako gaien artean sartu nahi izan dugu, zeharkako gai baten barruan: "Iraunkortasuna, klima-aldaketa eta osasuna"-ren barruan.