Argitaratze-data: 2023/02/01
Haatik konpainia pasaitarrak 5 hautagaitza jaso ditu 2023ko Max Sarietako
Gala apirilaren 17an ospatuko da Cadizeko Gran Teatro de Falla antzokian

2011. urtean jaio zen Aiert Beobidek eta Iurre Aranburuk gidatzen duten Haatik konpainia pasaitarra. Ordutik, hamaika proiektu eta ekimen garatu ditu eta orain, lan guzti horren fruitu bezala, 2023ko Max Sarietako 5 hautagaitza jaso ditu beraien azken ikuskizunengatik:
UR
- Kaleko ikuskizun onenaren hautagaitza
- Argazkiak.
- Promo bideoa.
UR BIZITAN
- Dantza ikuskizun onenaren hautagaitza
- Produkzio lan onenaren hautagaitza
- Jon Arsuaga, gizonezko dantzari onenaren hautagaitza
- Iñigo Etxeberria, gizonezko dantzari onenaren hautagaitza
- Argazkiak.
- Promo bideoa.
Konpainia aspalditik ari da, Pasaiako Udalarekin batera, herrian hainbat proiektu aurrera eramaten:
- 2019an jaio zen PASAIAKO DANTZA FESTIBALA -Lau egunetan dantzaz modu ezberdinetan gozatzeko aukera ematen duen festibala: tailerrak, erakusketak, hitzaldiak, ikuskizunak, zinema… Eta puntako konpainien lanez gain, herriko talde eta eskolek ere lekua izaten dute egitarauan.
- 2021ean HIK DANTZA SENTITU ekimena sortu zuten - Pasaiako ikastetxeetan dantza ikasleei hurbiltzeko balio duten tailer bereziak dira. Modu ludiko eta erakargarrian ikasleek dantzaren oinarrizko alderdiak lantzen dituzte. Dantza gazteen emozioak lantzeko tresna delako, eta hitzez adierazi ezin dutena, mugimenduz adieraztea ahalbidetu dezakeela uste dutelako.
Orain, harro sentitzen dira hautagaitza hauengatik eta baten bat herrira ekartzeko esperantza dute, baina bitartean, lanean jarraitzen dute eta datozen hilabeteetako agendan data berriak ixten dihardute, besteak beste, Gandiara bidaiatuko dute martxoan, Portugaleko Villa Real hirira irailean, Tenerifera, Madrilera, eta Euskal Herriko hainbat herritan ere ikusi ahalko dira taldearen azken lanak.