Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/06/05

Gure Zumardiaren etorkizuneko diseinuaren aurkezpen irekia ekainaren 11n izango da

19:00etan, Antxoko elizan aurkeztuko dute parte-hartze prozesuaren emaitza.

Pasaiako Udal Gobernuak aurkezpen saio ireki batera gonbidatu ditu antxotarrak, herriko eragileak eta interesa duen oro datorren ekainaren 11n, asteazkena, 19:00etan, Pasai Antxoko elizan. Bertan jarriko dira lehen aldiz jendaurrean Gure Zumardiaren diseinua erabakitzeko egin zen parte-hartze prozesuaren emaitzak eta, horiekin batera, plazaren etorkizuneko diseinu-proposamena.

Aurkezpenean bertan azalduko dira proposamen berriaren planoak, hiri-altzariak, berdeguneak, zuhaitzak, eta plazaren askotariko erabilerari erantzuteko aurreikusitako zonakatzeak. Saioan, Laura Ré Lozano Parte-hartze zinegotziak prozesuaren emaitzak aurkeztuko ditu, eta Mikel Garcia Peñil Antxoko alkateordeak diseinuaren xehetasun nagusiak azalduko ditu. Halaber, proposamena osatu duten arkitekto taldeak ere parte hartuko du, proposamen teknikoari eta diseinuaren logikari buruzko azalpenak emateko.

Udalak parte-hartze zabaleko prozesua abiatu zuen joan den urtean, antxotarrek plaza berria dela-eta, zer nahi eta behar zuten zehazteko. Elkarte, kolektibo espezifiko nahiz norbanakoen ekarpen horiek oinarri hartuta, diseinu-proposamena osatu eta Euskal Trenbide Sareari aurkeztu zion Udalak (erakunde publiko hori baita obra gauzatzearen arduraduna). “Aurkezpen hau nahiko genukeena baino gehiago atzeratu den arren, argi genuen ez geniela antxotarrei aurkeztu nahi errealista izango ez zen proposamen bat”, zehaztu du Parte-hartze zinegotziak. ETSren eta Udalaren negoziaketei esker, eta proiektuaren bideragarritasuna bermatuta, aurkezpen publikoa egiteko unea heldu da: “Aurkeztuko dugun diseinua adostua izan da herritarren ekarpenen eta baliabide errealen artean, eta pozik gaude emaitzarekin”.

Mikel Garcia Peñilek gaineratu du: “Gure Zumardia askoz berdeagoa, bizigarriagoa eta irisgarriagoa izango da, belaunaldi arteko elkarbizitza sustatuko duten espazioekin, eta oinezkoei lehentasuna emango dien begirada batetik abiatuta. Naturalizazioaren ikuspegitik ere, zuhaitzak, itzalguneak eta klima-babesleku naturalak izango dira proiektuaren ardatz”.

“Antxotarrontzako Gure Zumardia gure barrutiaren bihotza da”, amaitu du alkateordeak. “Azken urte hauetan obrek eragindako traba eta sufrimenduaren ostean, orain aurkezten dugun proposamen honekin etorkizun desiragarriago eta bizigarriago batera hurbiltzen gara. Bizilagunak gonbidatu nahiko nituzke saiora bertara daitezen, bertatik bertara ezagutzeko nola itzuliko zaien Zumardia: berrituta eta hobeto egokituta. Euren ekarpenak oinarri izan dituen diseinu baten bidez”.