Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/10/11
Abian da etorkizuneko Gure Zumardia elkarrekin birpentsatzeko prozesu parte-hartzailea
Prozesua urrian hasi eta urtarrilean amaituko da eta saio espezifikoak eta irekiak aurreikusi dira.
Ostiral goizean, urriaren 11n, agerraldia egin dute Mikel Garcia Peñilek (Antxoko alkateordeak), Laura Rék (Partaidetza zinegotziak) eta Iker Agirrek (Partaidetza teknikariak). Bertan, abiatzera doan etorkizuneko Gure Zumardiaren parte-hartze prozesuaren nondik norakoak azaldu dituzte.
«Topoa lurperatzeko obraren ondorioz – mintzatu da Mikel Garcia –, Gure Zumardia berrantolatzeko proiektua aurrera eraman nahi dugu ETSrekin elkarlanean. Horretarako, herritar eta eragileen iritziak eta ekarpenak jaso nahi ditugu, elkarrekin antxotarrok ditugun beharrak aseko dituen espazio berri bat pentsatzeko».
Horren harira, Pasaiako Udalak etorkizuneko Gure Zumardiaren beharrak zehazteko parte-hartze prozesu bat jarri du abian.
Laura Réren hitzetan, «prozesuaren helburua izango da etorkizuneko Gure Zumardia ahalik eta espazio atseginenena, jasangarriena eta herritar guztion beharrak aseko dituena izatea».
PROZESUAREN NONDIK NORAKOAK
Prozesua hasteko, herritar talde zehatzekin hasiko da lanketa datorren astetik aurrera:
1. Lan saioa adinekoekin. Urriaren 17an, 11:30ean Antxoko Kultur Etxean. Kolektibo honekin bi norabidetan egin nahi da lanketa: alde batetik, memoria historikoa zaindu eta barrutiko bizimodua jasotzeko; eta, bestetik, adin talde honen behar espezifikoak landu eta espazio inklusiboa izan dadin.
2. Bigarren lan saioa emakumeekin izango da, urriaren 24an, 18:00etan, Bekoz Bekon. Jatorri askotariko emakumeen ekarpenak jasoko dira orduan bestelako beharrak identifikatzeko asmoarekin eta horiek diseinuan kontuan hartzeko.
3. Hirugarren saioa nerabeekin izango da. Urriaren 25an, 17:00etan, Antxoko Kultur Etxean. Gizarte talde honekin ere bi ikuspegitik lan egingo da: barrutiarekiko atxikimendua eta kolektiboaren errealitatera egokitutako espazioaren diseinua landuko dira.
Horren ondoren, herritar guztiei zuzendutako batzar irekia egingo da abenduan. Bertan, prozesuaren nondik norakoak zehatz azaldu eta herritarren eta eragileen ekarpenak entzun eta jasoko dira. Bilera honen abiapuntua aurreko saio espezifikoetan landutako hausnarketak eta irizpideak izango dira.
Jasotako informazio guztiarekin, proposamen berriaren zirriborroa osatuko du Udalak eta deboluzio saio irekia antolatuko du urtarrilean. Orduan, aurkeztuko da herritarrekin batera euren beharrak kontuan hartuta landutako proposamena.
Prozesua amaitzeko, «parte-hartzeak emandako emaitza aurkeztuko zaio ETSri eta dena ondo bidean, 2025eko abendurako egon liteke obra amaituta», gaineratu du Garcíak.
Agerraldian prozesuaren kartela eta iruditeria ere aurkeztu dute udal ordezkariek. «Bihotza irudikatu izanak bizitza, komunitatea eta Antxoren motorra dena sinbolizatu nahi izan dugu, horrela ulertzen baitugu antxotarrok Gure Zumardia». Obren ondorioz, gainera, Antxoko motorra dena geldirik egon dela eta orain taupada berreskuratu eta indarberritu nahi dutela aipatu du Ré zinegotziak.
Amaitzeko, bertaratutako udal ordezkari guztiek prozesuan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak, edozein dela ere euren adina, jatorria edota interesa.