Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/12/05

“GUREA ERABIL DEZAKEZU” kanpaina aurkeztu da Pasaian

Haur eta nerabeei mugikorra erabiltzeko beharra murrizteko helburua du

Pasaiako Udalak, Altxa burua Pasaia guraso taldearekin eta Laurak Bat ostalari eta merkatari elkartearekin elkarlanean, “Gurea erabil dezakezu” kanpaina aurkeztu du gaur goizean.

Kanpaina honen helburu nagusia da haurrei lehen smartphonea emateko adina atzeratzea eta mugikorrik gabeko nerabezaroa sustatzea. Izan ere, telefono mugikorren gehiegizko erabilera goiztiarra eta horrek sortzen duen mendekotasuna gurasoen kezka iturri izaten ari dira, Altxa burua taldetik adierazi dutenez. Horregatik, inertzia hori hautsi eta nerabeek espazio publikoa berreskuratu, jolastu eta hitz egin dezaten bultzatu nahi da. Era berean, komunitateko kideen laguntza eta elkarren zaintza sustatu nahi dira.

Kanpainan parte hartzen duten zerbitzu publiko eta saltokiek haurrei edo nerabeei telefonoa eskuragarri jarriko diete, haiek beharrezkoa badute. Proiektuan parte hartzen duten saltokiak eta udal-eraikinak identifikatzeko, "Gurea erabil dezakezu" dioen pegatina jarriko da erakusleihoan edo sarreran.

Haur edo nerabeak pegatina hori duen edozein espaziotan sartu ahal izango dira ustekabe edo larrialdiren bat dutenean. Horrela, ez da beharrezkoa izango telefono mugikorra izatea gurasoekin harremanetan jartzeko.

“Gaur aurkeztera gatozen ekimena funtsezkoa da gure herriko haur eta nerabeen ongizatea eta garapen askea bermatzeko. Honi esker, adingabeek teknologien erabilera goiztiarra ekidin ahalko dute, baina, era berean, bermatuko zaie euren guraso edo gertukoekin harremanetan jarri ahal izatea behar dutenean, mugikorrekiko dependentzia alde batera utzita”, mintzatu da Teo Alberro Bilbao Pasaiako alkatea.

Mikel Garcia Peñil Ostalaritza eta Merkataritzaren ardura duen zinegotziak ziurtatu du Pasaiako denda eta zerbitzuek “konpromiso sendoa” erakutsi dutela “berriro ere” komunitatearekin. Hala amaitu du: “Ekimen honek adin guztietako bizilagunen eta merkatari nahiz ostalarien loturak indartzeaz gain, gure herria erreferente gisa ere kokatzen dute haurtzaro osasuntsu baten sustapenean”.

Honakoak dira kanpainaren helburuak:
•    Haur eta nerabeei mugikorra erabiltzeko beharra murriztea.
•    Herriaz gozatzea, eta Pasaia haurrentzako segurua bezain atsegina izatea.
•    Haur eta nerabeek konfiantza- eta segurtasun-sentimenduak izatea espazio publikoan.
•    Haur eta nerabeen autonomia areagotzea, buru-estimua eta soziabilitatea indartzea.
•    Komunitateko kideen laguntza, babesa eta koordinazioa indartzea. Zaintza komunitarioa sustatzea.
•    Heldu erreferente gehiago izatea; gizarte-sarea indartzea.

Parte-hartzaileak:
Momentuz, Pasaiako lau barrutietako 73 saltokik eman dute izena.
Saltokiez gain, hainbat udal zerbitzu ere batu dira Gurea erabil dezakezu kanpainara: liburutegiak, kirolguneak, ludotekak, gaztelekuak eta kale heziketako zerbitzu edo eraikinak.

Kanpaina abenduan hasiko da eta urtebeteko iraupena izango du. Urtebete barru baloratu eta erabakiko da etorkizunean nola jarraitu.

Kanpainarako izen-ematea irekita dago. Herriko saltokiak edozein unetan batu daitezke kanpainara honako bi bide hauetatik: Laurak Bat elkartea: laurabat@laurakbat.com edo Eskubidean plana: eskubidean@pasaia.net

“Pasaiako haur eta nerabeak zaindu eta babestea guztion ardura da. Kanpaina honen bidez, Udalak eta gure herriko komunitateak berretsi egiten dugu haur eta nerabeen garapen integralarekin dugun konpromisoa” amaitu du Alberrok.