Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/03/17

Etorkizuneko Gure Zumardirako proposamenaren ildo nagusien berri eman du Udalak

Plaza berdeagoa, oinezkoentzako eremu zabalagoa duena, eta elkarbizitza sustatuko duena proposatu dute pasaitarrek

Pasaiako Udalak Gure Zumardiaren etorkizuna irudikatzeko martxan jarritako parte-hartze prozesua oso modu baikorrean baloratu du. “Bai urrian adinekoekin, nerabeekin eta emakumeekin, egindako lan-saioak, bai abenduan elizan egin zen bilera irekia oso aberatsak izan dira, eta parte-hartze zabala izan dute”, mintzatu da Mikel Garcia Peñil Antxoko alkateordea. Bizilagunek euren iritzi eta beharrak plazaratzeko aukera izan dute, eta ekarpenok oinarri hartuta, aditu talde bat proposamen zehatza lantzen ibili da azken hilabeteetan.

Orain prozesu horretatik ateratako diseinua eta horren aukerak lantzen ari dira Pasaiako Udaleko eta Euskal Trenbide Sareko (ETS) teknikariak. Laura Ré Parte-hartze zinegotziak eman ditu azalpen gehiago: “Garrantzitsua iruditzen zaigu herritarrei proposamena aurkeztu baino lehen bermatzea hori errealista, bideragarria eta egingarria dela”.

Gure Zumardia berdeagoa eta bizigarriagoa
Udal gobernuak aurreratu du herritarrek proposaturiko proiektuaren ildo nagusiak zeintzuk diren. Gehienek bat egiten zuten Gure Zumardiak askoz berdeagoa eta komunitate osoarentzat irisgarriagoa izan behar zuela esatean, espazio jasangarri eta bizikidetza-eremu gehiagorekin.

Naturalizazioaren erronkari aurre egiteko, udalak arbolazaintzan aditua den aholkularitza kontratatu du, berdeguneak eta klima-babesleku naturalak lehenetsiko zituen proposamen bat lantzeko. Espazio berriak zuhaitzak eta itzalgune naturalak izango ditu ardatz, naturarekin harremanetan oinarritutako elkarbizitza sustatzeko. “Hirigintzak eta obrek zementuaz askoz haratago joan behar dutela sinetsita gaude, eta eskaera hori bera jaso dugu herritarren partetik”, mintzatu da Ré.

Pasaitarrek Gure Zumardia berdeagoa irudikatu dute, eta baita belaunaldi arteko elkarbizitza sustatuko duen eremu gisa ere. “Belaunaldi desberdinak batuko dituen guneak sortzea positiboki baloratu da, eta pozgarria da hori, gure kaleek dibertsitatea eta elkarbizitza espazioak behar baitituzte”, mintzatu da Ré. “Helburua da zumardiaren gunea eroso eta moldakor bihurtzea, bertan pertsonek konpartitzeko, hitz egiteko, irakurtzeko edo, besterik gabe, inguruneaz gozatzeko aukera izan dezaten”, gehitu du ondoren Garciak.

Hala ere, proposamenean aurreikusten da adinaren edo norberaren egoeraren arabera giro bat edo beste hautatzeko aukera bermatzea. Horrez gain, ekintza edo erabilera desberdinen artean gatazkak ekiditeko elementuak ere ezarriko dira, batez ere aktibitate dinamiko eta geldoen artekoak.

Ildo horretan, mugikortasunari erreparatzea funtsezkoa izan da. Proposamenak bilatzen du Gure Zumardia ahal den heinean oinezkoentzako izatea, eta ibilgailuen pasaera ahalbidetuko duen arren (Hamarretxetatik), ahalik eta maiztasun nahiz abiadura baxuenean gertatzea hori. Espazio publikoa oinezkoentzat egokitzeko irizpideetako bat izan da, halaber, kota aldaketarik gabeko eremu laua planteatzea egungo Gure Zumarditik lehen Azokak hartzen zuen oruberaino.

Laura Rék honela laburbildu du proposamena: “Funtsean, plaza zabal eta ireki bakarra irudikatu bada ere Eskalantegitik Gelasio Aranbururaino, zonakatze bat ere sortzea proposatu da. Alegia, guztiontzako askotariko espazioak sortu dira, giro edo behar espezifiko guztiei leku egiteko, eta elkarren arteko talkak sor litzaketen erabilerak bereiziz”.

Gobernuak adierazi du ahalik eta lasterren aurkeztuko diela herritarrei parte-hartze prozesu honek emandako emaitza; hots, identifikatutako beharrak kontuan izango dituen diseinua.