Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/06/12

Gure Zumardiaren etorkizuneko diseinuaren aurkezpen jendetsua egin du Udalak

140 pertsona elkartu dira parte-hartze prozesuaren emaitza ezagutzeko. Antxo bizigarriagoa, irisgarriagoa eta berdeagoa adostu dute herritarrek.

Pasaiako udal gobernuak Gure Zumardiaren diseinua erabakitzeko egin zen parte-hartze prozesuaren emaitzak aurkeztu zituen atzo, eta horiekin batera, plazaren etorkizuneko diseinu-proposamena. 140 pertsona elkartu ziren Antxoko elizan arratsaldeko azken orduan egin zen saio publikoan, plazaren diseinuaren nondik norakoak ezagutzeko: bizilagunak eta herriko eragileak izan ziren bertan.

Saioan, Mikel Garcia Peñil Antxoko alkateordeak eta Laura Ré Lozano parte-hartze zinegotziak hartu zuten hitza. Halaber, proposamena osatu duten arkitekto taldeak ere parte hartu zuen, proposamen teknikoari eta diseinuaren logikari buruzko azalpenak emateko. Pasaiako Udaleko parte-hartze teknikariak gidatu zuen saioa eta herritarrek beraien iritzia eman eta zalantzak galdetzeko aukera izan zuten.

“Gure Zumardiarena prozesu sakona bezain emankorra izan da, eta atzo zikloa era ezin hobean itxi genuen. Harrera oso zabala izan zuen aurkezpen saioak; herritarrak, eragileak, eta askotariko bizilagunak aritu dira lanean. Pozgarria izan da, oso, guztiak elizan bilduta ikustea” adierazi du Mikel Garciak.

Saioa hasteko, prozesuaren xehetasunak aurkeztu zituen Udal gobernuak. Izan ere prozesua 2024. urteko amaieran hasi zen, antxotarrek plaza berriak zer-nolakoa izan behar zuen adosteko helburuarekin. Lehendabizi herritar eta eragile talde zehatzekin hasi zen lanketa eta saio haietan 80-90 pertsona inguruk hartu zuten parte.

-Urriaren 17an, adinekoen saioa. Kolektibo horrekin bi norabidetan egin zen lanketa: alde batetik, memoria historikoa zaindu eta barrutiko bizimodua jasotzeko; eta, bestetik, adin talde horren behar espezifikoak landu eta espazio inklusiboa eta irisgarria izan zedin.

-Urriaren 24an, saioa emakume eta pertsona migratuekin. Jatorri askotariko emakumeen ekarpenak jaso ziren orduan, euren ikuspegia ere txertatzeko.

-Urriaren 25ean, nerabeekin.  Adin talde horrekin bi ikuspegitik lan egin zen: barrutiarekiko atxikimendua eta kolektiboaren errealitatera egokitutako espazioaren diseinua aztertzea.

Horren ondoren, herritar guztiei zuzendutako batzar irekia egin zen abenduaren 12an. Bertan, prozesuaren nondik norakoak zehatz azaldu, eta herritarren eta eragileen ekarpenak entzun eta jasotzeko unea izan zen. Bilera haren abiapuntua aurreko saio espezifikoetan landutako hausnarketak eta irizpideak izan ziren.

Elkarte, kolektibo espezifiko nahiz norbanakoen ekarpen horiek guztiak entzun, landu eta oinarri hartuta, diseinu-proposamena osatu eta Euskal Trenbide Sareari aurkeztu zion Udalak (erakunde publiko hori baita obra gauzatzearen arduraduna).

“Parte-hartze prozesuan zehar ETSrekin harreman etengabea izan dugu. Modu honetan, hasiera-hasieratik Udalak jakin du prozesuaren eta espazioaren baldintzatzaile nagusiak zeintzuk ziren, eta horrek lagundu du proposamena ahalik eta errealistena egiten” gaineratu du alkateordeak.

Laura Ré Partaidetza zinegotziaren hitzetan, “guztiok nahiko genukeena baino mantsoagoa izan da prozesua, baina gobernu honek hasieratik izan du argi gauzak korrika eta presaka ezin direla egin barruti baten bihotzaren etorkizunari buruz ari garenean. Horregatik, pausatu, eseri, herritarrei hitza eman, kolektibo zaurgarrienengana gerturatu, eta lehentasuna eman diogu hasieratik emaitzari, antxotarrek nahi eta behar zutena izan zezaten. Horretarako, proposamenaren arduradun teknikoek oinarrian izan dituzte hasiera-hasieratik bizilagunek jarritako irizpideak gaur egungo diseinua osatzeko”.

Proposamenaren ardatz nagusiak

Baldintzatzaile teknikoak eta aurretik aipatutako herritar-taldeen irizpideak kontuan izanik, Gure Zumardiaren ardatz nagusiak ondorengoak izango dira:

•    Topo geltokiaren integrazioa.
•    Oinezkoen mugikortasuna lehenestea. Ibilgailuen pasaera ahalbidetuko duen arren (Hamarretxetatik), ahalik eta maiztasun nahiz abiadura baxuenean izango da.
•    Plazaren berdetzea/naturalizazioa.
•    Irisgarritasuna bermatzea. Kota aldaketarik gabeko gune jarraitua izatea.
•    Erakargarria izatea: espazio zaindua eta berdeguneekin. Esaterako, askotariko altzariak izango dira: banku zirkularrak, hamaka itxurako eserlekuak, mahaiak,...
•    Askotariko espazioa izatea: adin guztietakoen elkarbizitza eta askotariko erabilera sustatzeko (kultura-ekimenak, ospakizunak,...).

Gure Zumardiaren diseinu berriaren planoak bi zonalde nagusi ditu:

1.    Hamarretxeta – Gelasio Aranburu.
2.    Hamarretxeta – Eskalantegi.

Lehen eremuak elementu urbano gehiago izango ditu, tartean berdeguneak, zuhaitzak, parkea naturalago eta berdeagoa eta  haurrentzako espazioa. Bigarren gunea, berriz, herriaren bihotza dena, jaiak eta beste hainbat ekimen eta ekitaldi ospatzeko eremu erabilgarria izango da. Gainera, gune txikiago batzuk izango ditu alboetan, lasai egoteko edota erabilera ezberdinak uztartzeko.

Aurkezpenean zehar planoak ikusteko aukera izan zuten herritarrek eta erabilitako euskarriak eta planoak eskuragarri daude HEMEN.

Urbanizazioaren amaiera, urte bukaeran

ETSrekin adostuta, lanak San Ferminen ostean hasiko dira eta urbanizazioa 2025eko urte bukaeran amaitzea aurreikusten da. Udala obraren epe eta xehetasunei buruzko informazioa argitaratzen joango da.

“Eskerrik asko, benetan, prozesu osoan zehar parte hartu duzuenoi eta, modu batean ala bestean, ekarpena egin duzuenoi. Zuei esker, sekula baino gertuago dugu etorkizuneko Antxo bizigarriagoa eta atseginagoa. Aurrerantzean ere, eta behin Gure Zumardia berrurbanizatzeko obra hasita, Antxoko barrutian zabalduko diren aukera berrien inguruan herritarrekin eztabaidatzeko eta sortzeko gure prestasuna berretsi nahi dugu, Biteri plaza berritzea zein biaduktuaren eraispenak libratuko duen espazioaren etorkizuna elkarrekin adosteko” amaitu du Antxoko alkateordeak.

AURKEZPENA IRAKURRI


 

Gure Zumardia aurkezpen saioa