Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/12/04
Gure Zumardia irudikatzeko saio irekia herritar eta eragile guztientzat
Abenduaren 11n, 18:30ean Antxoko elizan

Topoaren lurperatzearen ondorioz etorkizunean Antxok berreskuratuko dituen espazioen inguruko erabilera beharren lanketa egin zuen Udalak, urrian, herriko hiru kolektibo zehatzekin (adinekoekin, nerabeekin eta emakumeekin).
Horren ostean eta aurreikusia zegoen moduan, herritar eta eragile guztiekin saio irekia antolatuko du Pasaiako Udalak. Hitzordua abenduaren 11n izango da 18:30ean Antxoko elizan.
Mikel García Peñil Antxoko alkateordearen hitzetan, “Antxo jarduera komunitario handiko barrutia izanik, prozesu honetan ere herritarren zein eragileen ahotsa entzutea ezinbestekoa izango da, aurretiaz kolektibo zehatzekin landuriko proposamenaren gainean, komunitatea ehuntzen jarraitzeko”.
Herritarrei eta eragileei zuzenduriko saioan, aurreko hiru saioetan landuriko edukia aurkezteaz gain, etorkizuneko Gure Zumardiaren izaera zein izango den zehazten jarraitzeko urratsa emango da.
“Udaletik, berriro ere, Antxok parez pare duen aukeran jarri nahi dugu azpimarra, etorkizunean bizigarriagoa izango den Antxo elkarrekin birpentsatzeko, hain zuzen ere. Aukera hori baliatzeko, komunitatea batu eta elkarrekin etorkizuneko Gure Zumardia izango dena irudikatzeko ariketan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak, beraien adina, jatorria edota interesa edozein dela ere” gaineratu du Laura Ré parte-hartze zinegotziak.
Abenduaren 11ko saioa irekia izango den arren, udaletik bertaratzeko asmoa duten herritarrei eskatu diete aurrez izena ematen ahalegin daitezen, antolakuntza beharrak direla-eta. Horretarako, ondorengo formularioan izena emateko eskatzen zaie interesdunei.
Hala ere, antolatzaileek berretsi dute norbaitek azken unera arte bertaratu ahalko duen ez badaki, izena eman gabe ere parte hartu ahal izango duela saioan.