Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/03/02
Gure moneta eta bazkidetza kanpaina aurkeztu dira
Herriz herri moneta bat jarriko dute martxan, Euskal Herri osora hedatzeko anbizioa duena

|
Otsailaren 25ean, Gure moneta proiektua eta bazkidetza kanpaina aurkeztu zituzten Errenteriako Lekuona fabrikan. Teo Alberro, Pasaiako alkatea, bertan izan zen. Aurkezpen ekitaldiaren lehen zatian proiektua sustatzen ari diren eragileok monetaren egitasmoa aurkeztu zuten, mahai baten metafora erabiliz monetaren lau hankak azaltzeko, ikus-entzunezko zein hitzartzeen bitartez:
Gure monetaren inspirazio izan den Euskoaren esperientzia azaltzeko tartea ere hartu zuten; Ipar Euskal Herri osoan erabiltzen den moneta da, duela 13 urte martxan jarri zena. Hainbat datu esanguratsu partekatu zituzten: Elkargoko 158 udalerrietan erabiltzen da, 1.500 erabiltzaile profesional ditu (ordainketak egin daitezkeen establezimenduak), 4.500 erabiltzaile partikular ditu (Euskoa ordainketak egiteko erabiltzen duten pertsonak), 38 herriko etxek erabiltzen dute, Euskal Elkargoa bazkideetako bat da eta ia 5 milioi Eusko daude zirkulazioan gaur egun. Segidan Gure moneta proiektua aurkeztu zuten Gure monetaren koordinatzaile den Luix Intxauspek eta lehen pilotuak martxan jarri dituzten lurraldeetako lantaldeetako kideek: Oarsoaldeko Olatz Olaizola eta Baztango Aintzane Ariztegi. Azaldu zuten moduan, Euskoaren esperientzian oinarrituta, tokiko moneta osagarri bat sortzeko urratsak ematen ari dira, etorkizunean Euskal Herri osoan erabili ahal izateko helburuarekin. Hegoaldean martxan daude dagoeneko eta 2026ko azken hiruhilekoan, hasteko, moneta Oarsoaldean eta Baztanen erabili ahal izango da. Hori bai, monetak oraindik ez du izenik eta euskarrien diseinua oraindik ez dago definituta. Uda honetarako prest egotea aurreikusten da. Gure moneta martxan jartzeko eta hurrengo urratsak emateko masa kritikoa sortu behar dute. Horretarako, “Herriz herri, moneta bat” kanpaina jarri dute martxan. Kanpainaren helburua 2026. urtearen amaierarako gutxienez 1.000 bazkide laguntzaile lortzea da, proiektua ekonomikoki babestuko dutenak, bakoitzaren gaitasunaren arabera. Euskal Herri osoko bazkidetzak jaso nahi dituzte; izan ere, bazkide egiteak proiektua babestea esan nahi du, Oarsoaldea eta Baztandik hasita, baina gutxinaka Euskal Herri osora zabaldu dadin. Proiektuarekin engaiatuta dauden ia 100 pertsona zein eragileren bazkidetzak lortu dituzte honezkero. Norbanako zein enpresa eta elkarteek daukate bazkide egiteko aukera, webgunearen bidez. Norbanako eta eragileen babesaProiektuak jaso duen babesaren pareko harrera jaso zuen aurkezpen ekitaldiak. Hamarnaka herritarrez gain, askotariko norbanako eta eragileetako kideak egon ziren bertan: Idurre Eskisabel (Euskalgintzaren Kontseilua), Nekane Artola (Ikastolen elkartea), Aize Otaño (AEK), Unai Andueza (Gipuzkoako Foru Aldundia), Haritz Alberdi Arrillaga (Udalbiltza), Aizpea Otaegi Mitxelena (Errenteriako alkatea), Mikel Arruti Salaberria (Lezoko alkatea), Teo Alberro Bilbao (Pasaiko alkatea), Ibon Mitxelena (Oiartzungo zinegotzia), Lorea Lizarreta (Baztango Udala), Fernando Nebreda (Oarsoaldeko garapen agentzia), Beñat Irasuegi (Olatukoop), Izaskun Abril (Cederna-Garalur), Niessen enpresako zuzendaria, Labore kooperatibako arduraduna, Oarsoaldeko eta Baztango merkatarien elkarteetako ordezkariak, EAJ, EH Bildu, PSE eta Elkarrekin Podemos alderdietako ordezkariak, mugimendu feministako kideak eta beste hainbat ordezkari. |







