Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/10/04
Ezagutzen al duzu “Goxatu” sexualitate eta generoari buruzko informazio eta aholkularitza zerbitzua?
Gaztelekuetan du kokapena eta barruti guztietan 15 egunetik behin aurrez aurreko zerbitzua eskaintzen du.
Aurtengo ikasturtean ere, gazteentzako sexu eta generoari buruzko informazioa eta aholkularitza ematen duen “Goxatu” zerbitzua eskaintzen ari da Pasaiako Udala.
Zerbitzua, zehazki, Pasaiako Udalaren Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailak eta Berdintasun Sailak bideratzen dute, Eskubidean Sailaren elkarlanarekin.
Kokalekuari dagokionez, barruti guztietako gaztelakuetan ematen da aurrez aurreko zerbitzua hamabost egunetik behin presentzialki 17:30etik 19:30era (astearte edo asteazkenetan). Horren berri emateko, informazio-kartelak eta sakelako egutegiak diseinatu dira. Horietan eta udal webgunean eta sareetan zehazten da barruti bakoitzean zein egunetan egokitzen den. Esaterako, hurrengo saioa urriaren 9an izango da San Pedro eta Trintxerpeko gaztelekuan.
Hasi zenetik ikasturte batzuk igaro dira, eta ordutik hona zerbitzuan hainbat berrikuntza gertatu dira. Hasiera batean modu esperimentalean hasi zen Trintxerpe-San Pedroko eta Antxoko udal gaztelekuetan. Zerbitzuaren balorazioa ona izan zenez, Donibanera hedatzea eta bertako udal gaztelekuan kokatzea erabaki zen.
Aldi berean, kontsultaren bat egin nahi dutenentzako eta bertaratzen ez direnentzako posta elektronikoa mantenduko da (sexuaholkularitza@pasaia.net).
Halaber, ikasturtearen buruan berariazko tailerrak eskainiko dira udal zerbitzuetan, hala nola gaztelekuetan eta kale-heziketako zerbitzuan. Era berean, Goxatu zerbitzuko profesionalak formazioa eta prestakuntza eskaintzen ari zaizkie Pasaiako ikastetxeetako LH6ko eta DBH3ko ikasle, irakasle eta gurasoei, eta baita OLHUI Pasaiako ikasleei ere.
Nabarmendu behar da aurtengo ikasturtean bigarren aldiz ari direla LH6koekin lanean, DBHkoekin lan egiteaz gain. Horrek ikastetxeen beharrei erantzuten die, izan ere, Hezkuntza Gunean adierazi zen sexu heziketa lehenago hasi behar dela eta gehiago sakontzea ezinbestekoa dela.
“Goxatu” izenak berak definitzen du proiektuaren filosofia; izan ere “gozatu” hitzak gozatzeari eta disfrutatzeari egiten dio erreferentzia, eta “goxatu” hitzak leuntzeari eta lasaitzeari, zerbitzuaren bitartez goxoki hitz egin eta intimitatean landu nahi baitira gaiok.
Zerbitzuarekin Pasaiako nerabe eta gazteen artean sexuari buruzko informazioa eta prestakuntza hobetu nahi ditu Pasaiako Udalak. Familien eta ikastetxeen bidez informazio eta prestakuntza ugari jasotzen duten arren, nerabe eta gazte batzuek ez dute beren adinerako informazio eta prestakuntza egokirik; Interneten bilatzen dute, edo lagunen bidez eskuratzen dute, eta ez dute beti aurkitzen, ezta erarik egokienean bilatzen ere.
Batzuetan zalantzak edo arazoak izaten dituzte, edo informazioa edo orientazioa behar izaten dute, eta ez dakite nora joan, haien intimitatea eta pribatutasuna gorde nahi dutelako. Hain zuzen ere, behar horri erantzun nahi zaio zerbitzu honekin.
Ekimenaren bidez, gainera, prebentzioa landu eta indarkeria matxistari aurre egin nahi zaio, azkenaldian era kezkagarrian ugaltzen ari delako, baita gaztetxoen artean ere.
Horretarako, arretan anonimotasuna eta konfidentzialtasuna ziurtatuko dira, kontuan izanda, betiere, bertako langileak sexualitatean eta gazterian adituak eta gaituak direla.
Pasaiako ikastetxeetan “Goxatu” egutegia banatu zaie Lehen Hezkuntzako 6. mailatik gorakoei, DBH eta Batxilergokoei, Pasaiako LHIKkoei, Udal Gaztelekuetan dihardutenei eta adin horietara bideratuta dauden udal zerbitzuetan ari direnei, esaterako, kale-heziketako zerbitzuan edo liburutegietan dabiltzanei, besteak beste. Era berean, nerabe eta gazteekin jarduten duten eta interesa agertzen duten elkarteei ere banatu zaie.
Kontsultak banaka, bikoteka edo taldeka egin daitezke, nahi den bezala; eta bertaratzen direnen anonimotasuna gordeko da; era berean, zerbitzua konfidentziala, berehalakoa, eskuragarria eta doakoa izango da.
Zerbitzua euskaraz eta gazteleraz ematen da. Esku hartzeko mailak ondorengoak dira: informazioa, aholkularitza, detekzioa, beste zerbitzu batzuetara bideratzea (osasun zentroetara edo gizarte zerbitzuetara), eta laguntza eskaintzea, beharrezkoa izanez gero.
Informazio osagarririk nahi izanez gero, Pasaiako Udalaren Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailera eta Berdintasun Arlora jo dezakete pasaitarrek.