Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/09/25
Martxan da gazteentzako eta familientzako sexualitate eta generoari buruzko aholkularitza eta informazio zerbitzua
Barrutiz barruti, gaztelekuetan eskainiko da zerbitzua
Beste urte batez, gazte, guraso zein familiei zuzenduta dagoen Goxatu sexu informazio eta aholkularitza zerbitzua martxan du Udalak.
Zerbitzua ikasturte osoan eskainiko da, irailaren 15etik ekainaren 15era arte, San Pedro/Trintxerpe, Donibane eta Antxoko gaztelekuetan, eta baita online ere.
Zerbitzuaren helburua da Pasaiako nerabe eta gazteen sexuari buruzko informazioa eta prestakuntza hobetzea. Halaber, bere helburuen artean daude prebentzioa lantzea eta indarkeria matxistari aurre egitea, era kezkagarrian ugaltzen ari delako, baita gazteen artean ere.
Hamabost egunean behin aurrez aurreko arreta konfidentziala eskaintzen da lau barrutietako gaztelekuetan txandaka egutegian zehazten den egunetan, 17:30etik 19:30era.
Halaber, nahi izanez gero, edozein kontsulta egin liteke Instagrameko “Lahia 3.0” kontuan, edo posta elektronikoko helbide honetan: sexuaholkularitza@pasaia.net.
Kontsultak banaka, bikoteka edo taldeka egin daitezke, nahi den bezala. Bertaratzen direnei gertukoa, konfidentziala, berehalakoa eta doakoa den zerbitzua emango zaie.
Azkenik, aipatu nahi dugu ikasturte honetan, Goxatu programaren barruan, Pasaiako ikastetxeetan LH6ko eta DBH3ko ikasleei zein irakasle eta gurasoei prestakuntza tailerrak eskainiko zaizkiela, baita Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleei ere.









