Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2021/08/30

Ikasturte berria “GOXATU” sexu eta generoari buruzko informazioa eta aholkularitza gazteentzako zerbitzuan, berrikuntzaz txertatuta

Irailaren 14an hasiko da

Gaztelekuetan du kokapena eta barruti bakoitzean 15 egunetik behin eskaintzen du zerbitzu presentziala

Inoiz baino beharrezkoagoa da, eta urteetan martxan egon ondoren, irailaren 14an hasiko da berriro ikasturte honetan gazteentzako sexu eta generoari buruzko informazioa eta aholkularitza ematen duen “Goxatu” zerbitzua, “Lahia 3.0” kolektibo profesional ospetsuaren eskutik, nerabe eta gazteekin horrelako eginkizunetan eskarmentu handia duenez. 

Barruti bakoitzean hamabost egunetik behin presentzialki ematen da zerbitzua 17:30etik 19:30era, eta Udaleko Gaztelekuetan kokatuta dago astearte eta asteazkenetan. Horretarako, informazio-kartelak eta sakelako egutegiak diseinatu dira, zeintzuetan barruti bakoitzean zein egunetan egokitzen den zehazten den. 

Hasi zenetik ikasturte batzuk igaro dira, eta ordutik hona zerbitzuan hainbat berrikuntza gertatu dira. Hasiera batean modu esperimentalean hasi zen Trintxerpe-San Pedroko eta Antxoko Udal Gaztelekuetan. Zerbitzuaren balorazioa ona izan zenez, Donibanera hedatzea eta bertako Udal Gaztelekuan kokatzea erabaki zen.

Logoa berritu dugu irudi dinamikoagoa txertatuz, “Goxatu” zerbitzuari ikuspegi berri bat eman nahi zaiola adierazi nahi baita, sare sozialetan presentzia handiagoa izango duelako Instagramen bidez (“@lahia 3.0”), izan ere hainbat gairi buruzko, eta Pasaian eta inguruan antolatzen diren hainbat jarduerari buruzko informazioa izango da. Aldi berean, kontsultaren bat egin nahi dutenentzako eta bertaratzen ez direnentzako posta elektronikoa mantenduko da (“sexuaholkularitza@pasaia.net”).

Halaber, ikasturtearen buruan berariazko tailerrak eskainiko zaizkie udal zerbitzuei, hala nola, Gaztelekuei eta kale-hezitzaileei; baita ikastetxeei ere, behar zehatzen bat detektatuz gero, edo berariazko alderdi edo gairen bat landu nahi izanez gero.

Hasiera batean, Lehen Hezkuntzako seigarren mailatik aurrerako nerabeentzako zerbitzua da.  

Jakitun gara adin gehiagotara zabaldu beharko genukeela, adin bakoitzerako metodologia egokituta, eta aurrekontu handiagoa izanez gero, etorkizun hurbilean hala jokatu nahi dugu zerbitzuaren antolatzaile garen Pasaiako Udalaren Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapenerako Sailak eta Berdintasun Sailak.   

“Goxatu” izenarekin ezagutzen den zerbitzuak proiektuaren filosofia definitzen du, izan ere “gozatu” hitza, gozatzea eta disfrutatzea da, eta “goxatu”, leuntzea eta lasaitzea, zerbitzuaren bitartez goxoki hitz egin eta intimitatean landu nahi baitira gaiok.

Zerbitzuarekin Pasaiako nerabe eta gazteen sexuari buruzko informazioa eta prestakuntza hobetu nahi dugu. Familien eta ikastetxeen bidez informazio eta prestakuntza ugari jasotzen duten arren, nerabe eta gazte batzuek ez dute beren adinerako informazio eta prestakuntza egokirik; Interneten bilatzen dute, edo lagunen bidez eskuratzen dute, eta ez dute beti aurkitzen, ez erarik egokienean bilatzen ere.        

Batzuetan zalantzak edo arazoak izaten dituzte, edo informazioa edo orientazioa behar izaten dute, eta ez dakite nora joan, haien intimitatea eta pribatutasuna gorde nahi dutelako. Hain zuzen ere, behar horri erantzun nahi zaio zerbitzu honekin.   

Ekimenaren bidez, prebentzioa landu eta indarkeria matxistari aurre egin nahi zaio, azkenaldian era kezkagarrian ugaltzen ari delako, baita gaztetxoen artean ere.  

Horretarako, arretarako anonimotasuna eta konfidentzialtasuna ziurtatuko dira, kontuan izanda, betiere, bertako langileak sexualitatean eta gazterian adituak eta gaituak izango direla.

Pasaiako ikastetxeetan “Goxatu” egutegia banatuko da, Lehen Hezkuntzako 6. mailatik gorakoentzat, DBH eta Batxilergokoentzat, Pasaiako LHIK-koentzat, Udal Gaztelekuetan dihardutenentzat eta adin horietara bideratuta dauden udal zerbitzuetan ari direnentzat, esaterako, kale-heziketan edo liburutegietan dihardutenentzat, besteak beste. Era berean, nerabe eta gazteekin jarduten duten eta interesa agertzen duten elkarteei ere banatuko zaie. 

Kontsultak banaka, bikoteka edo taldeka egin daitezke, nahi den bezala; eta lehen esan dugun moduan, bertaratzen direnen anonimotasuna gordeko da; era berean, zerbitzua konfidentziala, berehalakoa, eskuragarria eta doakoa izango da.
 
Zerbitzua euskaraz eta gazteleraz ematen da. Esku hartzeko mailak daude: informazioa, aholkularitza, detekzioa, beste zerbitzu batzuetara bideratzea (osasun zentroetara edo gizarte zerbitzuetara), eta laguntza eskaintzea, beharrezkoa izanez gero.  

Informazio osagarririk nahi izanez gero, Pasaiako Udalaren Haurren, Nerabeen eta Gazteen Sustapen Sailera eta Berdintasun Sailera jo dezakezue.