Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/06/10

GG4A irakurketa-proiektuaren azken nobedadeak aurkeztu dira Pasaian

Ubera liburutegian, ekainaren 9an

Ekimen berezia egin zen Ubera liburutegian ekainaren 9an. Izan ere, GG4A irakurketa-proiektuaren lantaldeak azken hilabeteetan egindako lan ederra aurkeztu zuen.

Zer da GG4A?

«GG4A: Irakurketaren Sustapen Berritzailea eta Kulturartekoa» nazioarteko proiektuak kalitate handiko Europako sei literatura-lan sustatzen eta testuinguruan jartzen ditu, literatura gutxituetako edo ezezagunetako irakurle gazteei zuzenduak, eta gehienak hedapen txikiko hizkuntzetan idatziak. Zenbait itzultzaile entzutetsuk Esloveniako, Euskal Herriko eta Portugalgo egile ezagunen lanak itzuliko dituzte mazedoniera, esloveniera, euskara, gaztelania eta portugesera.

Proiektuaren nondik norakoak ondorengo webgunean kontsulta daitezke: https://gg4a.eu/es/acerca-del-proyecto/

Pasaian antolatutako ekimen hau liburutegien eta Barbara Pregelj (Malinc), Oier Etxebeste eta Idoia Noble (Alberdania) itzultzaile eta editoreen eskutik antolatu da.

Aitor Brion Kulturako eta Ondareko zinegotzia arduratu zen saioaren aurkezpena egiteaz eta gonbidatuei ongietorria emateaz. Ondoren, herrialde ezberdinetan, proiektuko bost hizkuntzetan idatzi eta itzulitako liburuen pasarte batzuk irakurri zituzten egileek. Parte-hartzaileak: Esloveniako Urban Leskovar (Sodobnost), Portugalgo Joao Manuel Ribeiro (Trinta-por-uma-linha) eta Euskal Herriko Teresa Calo, Patxi Zubizarreta eta Juan Kruz Igerabide (Alberdania). Mazedoniako Iskra Dimkovskak (Skaznuvalka) azken uneko ezbehar baten ondoren ezin izan zuen Pasaiara etorri eta bideo bidez hartu zuen parte.

Xaramela musika taldeak lau kanta hunkigarri eskaini zituen gonbidatu guztientzat, eta amaitzeko bertaratutako guztiek haien bizipenak eta hausnarketak partekatu zituzten ardo baten inguruan.