Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2022/06/23
Hiru Udal Gaztelekuetako txangoak eta irteerak ikasturte bukaera iristen ari den honetan
Udalaren Donibaneko, Antxoko eta Trintxerpe-San Pedroko Gaztelekuetako 2021-22 ikasturtea bukatzear dago; zehazki, datorren uztailaren 9ko asteburuan bukatuko da. Gaztelekuetako gazteek, hezitzaileekin batera, hurrengo egunetarako irteerak eta txangoak prestatuko dituzte.
Donibanekoak 24an Donostiara joango dira surf ikastaroa egitera eta 25ean, larunbata, bazkaria egingo dute Donibaneko Gaztelekuan.
San-Pedro/Trintxerpekoek ekainaren 18an egin zuten ekintza berezia, Kalaburtzan igaro baitzuten larunbata.
Antxotarrek, aldiz, ekintza berezi bakarra antolatu dute, egun osokoa. San Markos mendia igoko dute Antxoko Gaztelekutik abiatuta; bertan barbakoa bat egin, eta, ondoren, arratsaldean jolasak antolatu eta egingo dituzte San Markosen bertan.
Ikasturte hau zaila izan da, kontuan hartzen badugu osasun-egoera zaila bizi izan dugula eta edukieraren aldetik murrizketak izan ditugula. Hala ere, gazteleku guztietan gazteen parte-hartzea oso handia izan da. Guztira, 100 gaztek baino gehiagok hartu dute parte udal gaztelekuetan. Horrek erakusten du zerbitzu hauek oso harrera ona dutela nerabe eta gazteen artean, izan ere, topaguneak eta sozializatzeko guneak behar dituzte. Familiek ere estimatzen dituzte honelako zerbitzuak.
Hiru gaztelekuetan garatu diren jarduerak askotarikoak izan dira, eta halaber, gazteek euren beharren eta gustuen arabera antolatu dituzte jarduera horiek, kale-hezitzaileekin batera.
Hauxe da, hain zuzen ere, Udalaren Gazteria Saileko udal gaztelekuen helburuetako bat, gizarte eta hezkuntza arloan oinarri-oinarrizkoa izatea, nerabeek euren aisialdiaren kudeaketan modu aktiboan parte hartzea, haien nahiak bideratzea eta helduarorako emantzipazio-prozesuan aurrera egitea.
Gaztelekuak elkartzeko tokiak dira, eta lagunekin eta adineko beste gazte batzuekin gelditzekoak. Beroietan ongi pasatu ez ezik, euskararen erabilera, aniztasuna, berdintasuna eta balioen heziketa bultzatu ohi dira.
Gaztelekuen zerbitzua Kantauri Ludiko Elkarteak kudeatzen du, eta gazteleku bakoitzean aisia hezitzailean prestakuntza eta eskarmentua duten bi hezitzaile ari dira lanean.
Udaleko Haurren, Nerabeen eta Gazteen Sustapen Saila pozik dago ikasturte honetako emaitzarekin, eta eskerrak eman dizkie publikoki hezitzaileei, lan handia egin dutelako, etagazteek beren konfiantza agertu dutelako eta egoki parte hartu dutelako.