Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/09/26
Hasi da Udal gaztelekuen ikasturte berria
Nerabeak dira protagonistak eta disfrutatzeko eta sozializatzeko aukera dute
Pasaiako Udalaren Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailak jakinarazi du zabalik direla Trintxerpe-San Pedro, Donibane eta Antxoko Udal Gaztelekuetako ateak. Denboraldia uztailaren erdialdera arte luzatuko da.
Gaztelekuak 13-17 urte bitarteko gizarte eta hezkuntza zerbitzuak dira. Nerabeek, garapen etapa dela-eta, lagunekin egoteko eta esperientzia berriak partekatzeko beharra daukate, eta gaztelekuek horretarako aukera ematen diete. Horietan haiek dira protagonistak eta hezitzaileak dauzkate ondoan, bide-lagun, haiei entzun eta laguntzeko, haien proposamen, zalantzei eta beharrei erantzuteko.
“Udal gaztelekuak elkartzeko guneak dira, kuadrillarekin egoteko lekuak, beste gazte batzuk ezagutzeko, gozatzeko eta elkarrekin hainbat plan egiteko guneak”, mintzatu da Julen Rodriguez, Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko zinegotzia. Bertan jarduera ugari egiten dituzte nerabe eta gazteek: talde jolasak, futbolina, ping-pong-a, sukaldaritza, serigrafia, komikiak eta aldizkariak irakurtzeko txokoa, musika entzuteko txokoa, zinema-forumak eta irteerak zinemara, izotz jauregira, hondartzara surf egitera... Iazko ikasturte amaieran abenturazko jarduerak egiteko bidaia antolatu zen Pirinioetara eta Port Aventurara.
Ordutegiei erreparatuz, gaztelekuak ostegunetan 18:00etatik 20:00etara eta ostiral eta larunbatetan 17:00etatik 21:00etara irekitzen dira. Gazteleku bakoitzaren informazio zehatza udal webgunean kontsulta daiteke.
“Pasaiako 3 gaztelekuek urte hauetan guztietan gazteen artean oso harrera ona izan dute. Beste udalerri batzuen aldean oso erabilera indize altua daukate, eta hori pozgarria da”, mintzatu da zinegotzia. “Horrek bultzatzen gaitu ekipamenduen hobekuntza eta aukera berriak mahai gainean jartzera, eta horretan dihardugu departamentuan”. Helburua zerbitzua zabaltzea izango da.
Udal gaztelekuak funtsezko zerbitzuak dira Pasaiako Udalak garatzen duen haur, nerabe eta gazteen politika sustatzeko; eta beroietan nerabeen oinarrizko eskubideak bermatzen dira, hala nola: parte-hartzea, berdintasuna, inklusioa, aukera berdintasuna eta aisia hezitzailea.