Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2019/09/10
Ikasturte hasiera hiru Udal Gaztelekuetan, berriak eta guzti
Irailaren 19tik aurrera
Donibaneko Gaztelekuak egoitza estreinatuko du eta hiru Gaztelekuak ostegunetan ere irekiko dira.
Pasaiako Udalaren Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailak jakinarazten du irailaren 19an, osteguna, arratsaldeko 6etan irekiko dituztela Trintxerpe-San Pedro, Donibane eta Antxoko Udal Gaztelekuetako ateak, uztailaren erdialdera arteko iraupena izango duen denboraldiari hasiera emateko.
Ikasturte honetan zehazki bada berri bat, izan ere Gaztelekuak egun gehiagotan irekiko dira. Ostiral eta larunbatean arratsaldeko 5etatik 9etara irekitzeaz gain, ikasturte honetan ostegunetan arratsaldeko 6etatik 8etara ere irekiko dira.
Nerabeek aspaldi egiten ari ziren eskaera zen, eta aurten zati batean behinik behin, erantzuna eman ahal izango zaie, egun batean gehiagotan irekiz. Irekitzeko egunak aldian-aldian gehitzen joateko asmoa dago, Gipuzkoan 50 Gaztelekutik gora izanda, horietako gehienetan egiten den bezala. Ildo beretik, datorren ikasturterako helburua ikasturte honetan baino egun bat gehiago irekitzea litzateke.
Bestalde, beste berri bat ere bada; azkenean, Donibaneko Udal Gaztelekuak egoitza berria izango baitu, JJ Otaegi eraikinean kokatua, azken solairuan. Bertan aurten berrikuntza garrantzitsu bat egin da, eroso bertaratu ahal izateko igogailua jarri baita. Altzari batzuk ere berritu dira, eta plangintzaren arabera, berritzeko bigarren fasea datorren urtean gauzatuko da.
Hiru Gaztelekuetan antolatzekoak diren jardueren bidez, gazteen behar eta gustuei erantzun eman nahi zaie; hartara, gazteek eurek, hezitzaileen laguntza dutela, aukera izango dute abian jarriko diren jarduera asko antolatzeko.
Batez ere, elkartzeko tokiak izango dira, adin tarte bereko lagun eta gazteekin gelditzeko guneak izango dira, eta bertan mahai-joko eta estrategia-jolasak izateaz gain, Interneten nabigatzeko aukera izango dute; baita futbolinean edo play-stationean aritzeko ere.
Halaber, komikiak, liburuak eta aldizkariak irakurtzeko txokoa izango dute; musika entzun ahal izango dute, eta pelikulak ikusi, ondoren filmez aritu ahal izateko. Ikastaroei buruzko informazioa ere eskura izango dute eta egungo gaiei buruzko monografikoak ere egiteko aukera izango da. Aparteko jarduerak antolatuko dira, esaterako, tailerrak, kirol-probak, irteerak, txangoak,...
Hasiera-hasieratik, nola Trintxerpe-San Pedroko gaztelekuak hala Donibaneko gaztelekuak, biek izan dute barruti horietako gazteen artean harrera ona. Antxoko Gaztelekua izan da irekitzen azkena, eta nerabe eta familien harrera ezin hobea izan da. Joan den ikasturtean 170 gazte izan dira Gaztelekuetako bazkide, aldian behin joaten direnez gain, eta horrek adierazten du beste udalerri batzuen aldean erabilera indizea altua dela; eta handia da hori, metroak direla-eta, zer mugatuta dauden kontuan izanda.
Gaztelekuen zerbitzua Kantauri Ludiko Elkarteak kudeatzen du, eta gaztelekuetan animazio eta aisia hezitzailean prestakuntza eta eskarmentua duten bina hezitzailez gain, hiru gaztelekuetarako koordinatzaile bat ari da lanean.
Antxoko Gaztelekua Axular plaza, 7 behean dago. Trintxerpe-San Pedroko gaztelekua Gran Sol, 11, behean dago, eta telefonoa hau da: 943 248198; Donibaneko gaztelekua J.J. Otaegiko eraikineko hirugarren solairuan dago, eta telefonoa hau da: 943 517290.
Udal Gaztelekuak funtsezko zerbitzuak dira Pasaiako Udalak garatzen duen haur, nerabe eta gazteen politika sustatzeko; eta beroietan nerabeen oinarrizko eskubideak bermatzen dira, hala nola: parte-hartzea, euskara, berdintasuna, inklusioa, aukera berdintasuna eta aisia hezitzailea.