Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/06/11

Gaztetxoek antolatuta, Trintxerpe garbitu dute auzolanean

Antolatzaileek gogorarazi dute Trintxerpe garbi mantentzearen ardura guztiona dela

Eskubidean izenez ezagutzen den Pasaiako haur eta nerabeen eskubideak bermatzeko planaren helburuetako bat da herrian haurren eta nerabeen partaidetza bultzatzea.

Bide horretan, Pasaiako ikastetxeetan udalak antolatu dituen parte-hartze saioak fruituak ematen ari dira ikasturte amaierarekin batera.

Karmengo Amako LHko ikasleek ingurumenaren zaintzaz eta garbitasunaz kontzientzia hartzeko ekimena antolatu  zuten. Ekainaren 5ean Ingurumenaren munduko eguna ospatzen zela baliatuz, auzolan ekintza bat burutu zen asteburuan, haur eta gaztetxoentzat hain garrantzitsua den Pasaiako kalea garbitzeko. 

Iraitz Pazos Lapido, Trintxerpeko alkateorde eta Ingurumen zinegotziaren hitzetan, “esperientzia oso positiboa izan zen antolatzaile gazteentzat, eta gustura azaldu ziren elkarrekin egin genuen lanarekin. Taldeka banatuta, Trintxerpeko hainbat txoko garbitu genituen bildutako familia eta herritarrok. Amaieran, jasotako hondakinen sailkapena egin genuen eta zenbait ondorio atera zituzten gaztetxoek”. Esaterako, zinegotziak nabarmendu du lurretik jasotako plastiko eta zigarrokin kopuru handiarekin kezka eta haserrea adierazi zutela askok. 

Herritarrei zaborrontziak erabiltzeko eta birziklatzeko deia egin diete, eta Trintxerpe garbi mantentzearen ardura guztiona dela gogora ekarri dute. Ardura horren adibide moduan, antolatzaile gazteek garbiketa eguna iragartzeko jarri zituzten kartelak paretetatik kendu zituzten hurrengo egunetan.