Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/06/10

“Gandik” proiektua jarriko da martxan Pasaian, tokiko negozioen digitalizazioa bultzatu eta euskararen erabilera sustatzeko

Merkatariek ekimenean parte hartzeko izena eman behar dute

Bokale Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak “Gandik” izeneko proiektua jarriko du martxan, herriko merkatariei zuzenduta.

Ekimenaren helburu nagusia da tokiko negozioen digitalizazioa bultzatzea eta, aldi berean, ingurune digitalean euskararen presentzia indartzea. 

Proiektua elkarlanean garatuko da Eusko Jaurlaritzarekin eta PUNTUEUS Fundazioarekin. Aurkezpen ekitaldian izan dira Iker Vidal (Pasaia-Lezo Lizeoko zuzendaria), Laura Ré (Euskara zinegotzia), Ana Etxabe (Laurak Bat elkarteko lehendakaria), Mikel García Peñil (Merkataritza zinegotzia) eta Alazne Uria (Karmengo Amako zuzendaria).

Webgune berria, doan

Parte hartzen duten merkatariek aukera izango dute beren negoziorako euskarazko webgune propioa sortzeko, guztiz doan.

Ekimenaren berezitasun nagusietako bat da webguneen sorrera Pasaiako DBHko ikasleen esku egongo dela, irakasleen gidaritzapean. Ikasleek merkatariekin elkarlanean jasoko dute beharrezko informazioa eta, ondoren, webgunea diseinatuko dute modu pertsonalizatuan, euskaraz.

Belaunaldien arteko lankidetza

Horrez gain, Gandikek belaunaldien arteko lankidetza eta herri-kohesioa sendotzen ditu. Ikasleek tokiko merkataritza hobeto ezagutzen dute, eta merkatariek gazteen ekarpen berritzailea baloratzen dute. 

Euskara sustatzeko ekimena

Gainera, euskarak funtsezko rola du egitasmoan. Webgune guztiak euskaraz sortzen dira hasiera batean, baina merkatariek beste hizkuntza batzuk gehitu ditzakete beren bezeroen beharretara egokitzeko. Proiektuaren prestakuntza, edukiak eta komunikazioa osorik euskaraz gauzatzen dira, gazteen eta merkatarien artean euskararen erabilera indartuz, eta haren presentzia digitala zabalduz.

Parte-hartzaileek hainbat abantaila jasoko dituzte: webgune erabilgarri eta egokitua, .EUS domeinua eta ostatatzea lehen urtean doan, eta baita kudeaketarako laguntza ere. Proiektuaren amaieran, negozio bakoitzak bere webgunea eta hura kudeatzeko beharrezko tresnak eskuratuko ditu. Gainera, proiektuaren bidez beren saltokiaren ikusgarritasuna handitu eta bezero berriak erakar ditzakete.

Parte-hartzea borondatezkoa bada ere, Pasaiako Laurak Bat merkatari, ostalari eta zerbitzuen elkartearen arabera, aukera paregabea da tokiko merkataritzarentzat kosturik gabe digitalizatzeko eta Interneten presentzia indartzeko. Lehentasuna saltokiek izango dute, baina interesa duen edonork eman dezake izena. 

Epea, zabalik

Izena emateko epea ekainaren 30era arte egongo da zabalik eta irailean informazio-bilera bat egingo da proiektuaren xehetasun guztiak azaltzeko. 

Informazio gehiago behar dutenak harremanetan jar daitezke Pasaiako Udaleko Euskara Sailarekin edo Laurak Bat elkartearekin.

IZENA EMAN