Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/09/12

Pasaiako Udalak udal-galdara batzuk ordeztu ditu eta gasoliozkoak erabat ezabatu ditu

Ordezte-lanak Donibaneko kiroldegian eta Kalparran egin dira

Pasaiako Udalak, energia-iturri berriztagarrietan oinarritutako trantsizio energetikoa bultzatzeko eta hobetzeko, ur bero sanitarioa (UBS) ekoizteko ekipoa ordeztu du zenbait eraikinetan.

Horietako bat Donibaneko Larrabideko kiroldegia da. Lehen, instalazio horrek gasolio-galdara bat zuen, eta urtean 41.000 kWh behar zituen ur bero sanitarioaren eskaerari erantzuteko. Sistema horren ordez, sistema eraginkorragoa eta jasangarriagoa ezarri da: bero-ponpa. Zehazki, aerotermiako 3 ekipo konpaktu instalatu dira, 3,21eko errendimenduarekin (SCOP). Horrela, ekipoek urtean 13.000 kWh energia elektriko inguru kontsumituko dutela kalkulatzen da (urtean 41.000 kWh-ko balioekin alderatuta).

Gainera, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) 3.559,50 euroko dirulaguntza eman dio Udalari proiektu horretarako.

Bestalde, antzeko lanak egin dira San Pedroko Kalparra udal-eraikinean ere. Lehen, gasolio-galdara batekin funtzionatzen zen, % 89ko errendimenduarekin. Berokuntza-sistema dela-eta, 131.748,58 kWh behar dira eraikin horren eskariari aurre egiteko.

Horregatik, Udalak sistema hori ordeztea erabaki du, eta 3 aerotermia-ekipo trinko instalatu ditu.

Horrela, kalkulatzen da ekipoek urtean 41.043,14 kWh energia elektriko kontsumituko dutela (orain arteko urteko 131.748,58 kWh-ko balioekin alderatuta).

Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) 3.559,50 euroko dirulaguntza eman dio Udalari proiektu horretarako.

Iraitz Pazos Zerbitzu, Sare eta Mantentze-lanetako zinegotziak adierazi duenez, "inbertsio hori funtsezkoa izan da Udalak gasolio-galdarekin lanean jarrai ez dezan. Kutsatzaileagoak izateaz gain, ekoizpenean gabezia handiagoak dituztelako". Gainera, adierazi duenez, "hori beste urrats garrantzitsua da Udalaren neutraltasun klimatikorako bidean eta Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko 1/2024 Legeak ezartzen duen Berotegi Efektuko Gasen (BEG) emisioen murrizketan". Lege horrek eskatzen du BEG isuriak % 45 murriztea 2030erako.

Proiektu horiek ekonomiaren hainbat sektoretan energia berriztagarri termikoen instalazioak ezartzeko pizgarrien programari atxikita daude, Europar Batasunak finantzatutako Berroneratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan – NextGenerationEU.