Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2021/09/19

Alkatearen gaitzespena Andonaegiko Musika Jauregiaren fatxadako pintaketei

Gizalege falta eta pasaitar guztion ondarearekiko mespretxua adierazten dute

Izaskun Gómez, alkatea: “Pasaitar guztion ondasunak kaltetzen dituzten pintaketek eduki bortitza dutenean, kaltea bikoitza da.”

Andonaegi Musika Jauregiko fatxadak, duela gutxi zaharberritu direnak, pintaketez josita agertu dira. Pintaketa horiek eraikina hondatzen dute eta pasaitar guztiona den ondare bat kaltetzen dute. Gune horretan duela gutxi hobekuntza-jarduketa bat egin zen, eta, eraikin horren fatxadak zaharberritzeaz gain, parkearen eta era, ikinaren beraren argiztapenak indartu ziren.

Gertakari horri dagokionez, Izaskun Gómez Pasaiako alkateak adierazpen hauek egin ditu: "jarrera horiek buruarin baten bihurrikeriatik haratago doaz”, eta “pasaitar guztion ondasunak kaltetzen dituzten pintaketek eduki bortitza dutenean, kaltea bikoitza da”. Ildo berean, alkateak erantsi du oso etsigarria dela Pasaiako guneak hobetzeko egiten ari den ahalegin ekonomikoa eta lana horrela hondatzen dela ikustea.

Pasaiako Udaletik gogorarazten dugu gure ondarea zaintzea ez dela soilik udal zerbitzuen lana, eta herritar guztiei laguntza eskatzen zaie gure herriko eremuak zaintzeko, horien zainketa egokia onuragarria baita udalerriko bizilagun guztientzat.