Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2023/12/22
Gabonetako haur jaia
Barruti guztietan, abenduaren 26, 27 eta 28an
Jolasak, tailerrak, pailazoak, magoak, musika ikuskizunak jaiaren 30. edizioan
Pasaiako Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailak Gabonetako Haur Jaia 30 urtez jarraian antolatu du Pasaiako barruti guztietan. Aurten abenduaren 26an, asteartea; 27an, asteazkena; eta 28an, osteguna, izango da.
Pasaiako aisialdi talde eta ludoteka guztiekin batera oso programazio polita eta erakargarria antolatu dute: Trintxerpen Ekaitza Aisialdi Taldeak; eta San Pedron, Donibanen eta Antxon Ludotekek hartu dute parte.
Asteartean, hilak 26, jolasak, tailerrak eta Gabonetako apaingarriak egingo dituzte barruti guztietan. Horrez gain, Donibanen Gari, Montxo eta Jose Lontxo pailazo ezagunak “Txaplin” ikuskizunarekin egongo dira, 18:00etan Juanba Berasategi Auditorioan. 4 urtetik gorako haurrak bakarrik sartu ahalko dira, eta beren familiak, tokia baldin badago.
Antxoko Kultur Etxean 18:00etan Tomaxen abenturak pailazo dibertigarriek “Misterioa ikasgelan” ikuskizuna eskainiko digute. San Pedron Udal Aretoan 18:00etan Tor magoa egongo da “Amarru” ikuskizunarekin. Trintxerpen, Karmengo Ama Eskolako Gimnasioan Hodei magoa 17:45ean izango da “Harritzearen abilezia” ikuskizunarekin.
Asteazkenean, hilak 27, barruti guztietan jolasak eta tailerrak izango dira arratsaldean zehar. Halaber, barruti guztietan txokolate-hartzea izango da.
Ostegunean, hilak 28, azken egunean, jolas eta tailerrez gain, barruti guztietan izango dira emanaldiak arratsaldeko 18:00etan, Trintxerpen ezik, hor 17:45ean hasiko baitira.
Antxon oso barregarria den Eriz magoak jaiari bukaera emango dio “Auskalo!” ikuskizunarekin. San Pedron Potxin eta Patxin pailazoek “Baserrian” eskainiko dute. Trintxerpen Kiki. Koko eta Moko sona handiko pailazoak “Katapuntxispun festa” ikuskizunarekin izango ditugu.
Azkenik, Donibanen Txoborro magoak “Gezur gehiegi” ikuskizunarekin bukatuko du festa Juanba Berasategi Auditorioan.
Jarduerak arratsaldeko 4etatik 7etara izango dira areto hauetan: Antxoko Kultur Etxean eta Ludotekan, Trintxerpeko Karmengo Ama Eskolan, Donibaneko Udal Ludotekan eta Juanba Berasategi Auditorioan, eta San Pedron Ludotekan eta Udal Aretoan. Bai jarduerak eta bai ikuskizunak doakoak izango dira, Pasaiako 4 urtetik aurrerako haur guztiek gozatzeko aukera izan dezaten.
Haurrak behar bezala artatu ahal izateko egoitza guztietan lekua zabala baina mugatua izango da.
Aisialdi taldeei eta Udal Ludotekei dagokienez, azpimarratzekoa da egiten duten lan handia. Guztiak dabiltza haur eta gazte animazioan, eta Pasaiako Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailarekin batera gogor egiten dute lan, urtero bezala, Gabonetako Haur Jaia arrakastatsua izan dadin, bai programazioari dagokionez, baita parte-hartzeari dagokionez ere.