Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2016/12/14
Gabonetako haur jaia barruti guztietan. Jolasak, tailerrak, pailazoak eta magoak
Abenduaren 26tik 28ra

Pasaiako Udaleko Gazteria Departamentuak 24 urtez jarraian Gabonetako Haur Jaia antolatu du Pasaiako barruti guztietan, abenduaren 26an, astelehena, 27an, asteartea, eta 28an, asteazkena.
Pasaiako aisialdi talde eta ludoteka guztiekin batera oso programazio polita eta erakargarria prestatu dute: Trintxerpen Ekaitza eta Boveda aisialdi taldeek, San Pedron Udal Ludotekak, Donibanen Itaia Kolektiboak eta Antxon barrutiko ludotekak hartu dute parte.
Astelehenean, hilak 26, jolasak, tailerrak eta Gabonetako apaingarriak egingo dituzte barruti guztietan. Horrez gain, Antxon Trokolo pailazoak “Chef chof” ikuskizun dibertigarriarekin izango dira. San Pedron Potxin eta Patxin “Herriko jaiak” emanaldiarekin. Donibanen Imanol Ituiño magoak “Magia parrastan” ikuskizuna eskainiko du. Trintxerpen Tomaxen abenturak pailazoek “Hiru ipuin, hamaika irri” ikuskizun berria eskainiko digute.
Asteartean, hilak 27, barruti guztietan jolasak eta tailerrak izango dira arratsaldean zehar. Halaber, Antxon, Donibanen eta Trintxerpen txokolate-hartzea izango da. San Pedron Marsel magoa izango dugu “Magia potagia” emanaldiarekin.
Asteazkenean, hilak 28, azken egunean, jolas eta tailerrez gain, barruti guztietan izango dira saioak arratsaldeko 6etan, San Pedron izan ezik, txokolate-hartzearekin bukatuko baitute. Trintxerpen Txomorro magoak emango dio bukaera jaialdiari. Antxon Kidam Magoak “1805” ikuskizunarekin itxiera egingo du. Azkenik, Donibanen Kiki, Koko eta Moko pailazoek “Natura gara” ikuskizunarekin bukatuko dute festa.
Jarduerak arratsaldeko 4etatik 7etara izango dira areto hauetan: Antxoko Kultur Etxean eta Ludotekan, Trintxerpeko Karmengo Ama eskolan, Donibaneko Udal Ludotekan eta San Pedroko Udal Aretoan. Bai jarduerak eta bai ikuskizunak doakoak izango dira, Pasaiako 4 urtetik aurrerako haur guztiek gozatzeko aukera izan dezaten.
Haurrak behar bezala artatu ahal izateko egoitza guztietan haur kopuru handia onartuko da, baina lekuak mugatuak izango dira.
Aisialdi taldeei eta udal ludotekei dagokienez, azpimarratzekoa da egiten duten lan handia. Guztiak dabiltza haur eta gazte animazioan, eta Gazteria Departamentuarekin batera gogor lan egiten dute Gabonetako Haur Jaia arrakastatsua izan dadin, bai programazioari dagokionez, eta baita parte-hartzeari dagokionez ere.