Argitaratze-data: 2021/12/16
Gabonetako haur jaia
Barruti guztietan abenduaren 27, 28 eta 29an (Aldaketa: Antxon "Tomaxen abenturak" emanladia asteartean izango da)
Jolasak, tailerrak, pailazoak eta magoak izango ditugu covid kontrako segurtasun-protokolo guztiak zorrotz beteko diren jaian
Pasaiako Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailak 28. urtez jarraian, iazko geldialdia izan ezik, Gabonetako Haur Jaia antolatu du Pasaiako barruti guztietan, hilaren 27an, astelehena, 28an, asteartea, eta 29an, asteazkena.
Oso programazio polita antolatu da Ekaitza Aisialdi Taldearekin elkarlanean Trintxerpen, eta halaber, Pasaiako San Pedro, Donibane eta Antxoko Udal Ludotekekin elkarlanean.
Astelehenean, hilak 27, jolasak eta gabonetako apaingarriak egingo dituzte barruti guztietan. Horrez gain, Donibanen Hodei magoa izango da, Juanba Berasategi Auditoriumean 17:30ean egingo den "Ezinezkoaren logika" ikuskizun handiarekin. 4 urtetik gorako haurrak sartu ahal izango dira, eta, lekurik badago, haien familiak; izan ere, lehentasuna haurrei emango zaie. Halaber, Gabonetako Haur Jaian parte hartzen duten haurrek lehentasuna izango dute.
Asteartean, hilak 28, adin desberdinetara egokitutako jolasak eta tailerrak izango dira. Aurten ezin izango da ohiko txokolotada ospatu, covid kontrako segurtasun kontuengatik. AZKEN UNEKO ALDAKETA: Antxon, “Tomaxen abenturak” pailazo ezagunak izango dira 18:00etan, Antxoko Kultur Etxean, “Adi, grabatzen, ekin” izeneko azken ikuskizunarekin.
Asteazkenean, hilak 29, jolas eta tailerrez gain, hainbat ikuskizun izango dira. San Pedron Magiklown mago-pailazo dibertigarriak Udal Aretoan 18:00etan. Trintxerpen berriz, Eriz mago ospetsua izango dugu 17:45ean Karmengo Ama eskolako gimnasioan, "Auskalo" ikuskizunarekin.
Jarduerak arratsaldeko 4etatik 7etara izango dira honako areto hauetan: Antxoko Kultur Etxean, Trintxerpeko Karmengo Ama eskolan, Donibaneko udal ludotekan eta San Pedroko Udal Aretoan. Bai jarduerak eta bai ikuskizunak doakoak izango dira, Pasaiako 4 urtetik gorako haur guztiek gozatzeko aukera izan dezaten.
Zorrotz beteko da osasun-agintariek ezarritako covid kontrako protokolo guztia, eta nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea 6 urtetik aurrera, eta gomendagarria adin horretatik beherakoentzat. Legearekin bat datozen edukierak nahikoak izango dira, baina mugatuak.
Aisialdi-talde eta Udal Ludotekei dagokienez, azpimarratzekoa da egiten duten lan handia. Guztiak dabiltza haur eta gazte animazioan eta Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailarekin batera gogor lan egiten dute Gabonetako Haur Jaia arrakastatsua izan dadin, bai programazioari dagokionez, eta baita parte-hartzeari dagokionez ere.
Haurrak jarduerak egiteko hainbeste muga dituen urte honetan, eremu formaleko eta ez-formaleko hezkuntza-eragile guztiok uste dugu funtsezkoa dela Pasaiako haurrentzat jolaserako eta dibertimendurako gune bat eskaintzea. Horregatik, ahalegin berezia egin dugu, covid kontrako protokolo guztiak betez, jolaserako eta sozializaziorako topagune bat eskaini ahal izateko.