Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/01/16

Francisco Rabaneda Cuervo Fundazioa aurkeztu da Pasaian

"Desvelando a Rabanne" programa aurkeztu dute, Pasaiako Seme Kutun izendaturikoaren bizitza eta obra ezagutzera emateko

Gaur goizean Francisco Rabaneda Cuervo Fundazioa aurkeztu da Trintxerpeko Alkateordetzan.

Fundazioko kideek "Desvelando a Rabanne" programa ere aurkeztu dute, Pasaiako Seme Kutun izendatuaren bizitza eta obra ezagutzera emateko eginikoa. Rabanne Trintxerpeko barrutian jaio zen 1934ko otsailean eta 2023ko otsailean hil zen Portshallen.

Ekitaldian Pasaiako Udala osatzen duten talde politiko guztietako ordezkariak izan dira, Teo Alberro alkatea buru zutela. Haiekin batera, Noemi López Gobernuaren Gipuzkoako ordezkariordeak eta Goizane Álvarez Gipuzkoako Kultura diputatuak gertutik ezagutu dituzte fundazioaren lehen urratsak. Bertaratutakoen artean, Carmen Torres Moda Españako presidentea ere izan da.

Ekitaldia Teo Alberrok ireki du: "Niretzat berezia da ekitaldi honi hasiera ematea. Gaur fundazioa eta horren Desvelando a Rabanne ekimena aurkeztuko dira, Pasaiako seme kutunaren ondare artistikoa babesteko, zabaltzeko eta balioesteko sortu den proiektua. Gaurkoa bezalako ekimenek artistaren memoria ohoratzeaz gain, belaunaldi berriek bere ekarpen artistikoa ezagut dezaten ere laguntzen dute".

Ondoren, Juanje Neira Fundazioko presidenteak hitza hartu du programaren edukiak aurkezteko: "Aurkezpen publiko honen aurretik gestio asko eta ezberdinak egin behar izan dira, eta gaur hemen bide berri ilusionagarri bat hasi dugu zuekin batera. Pacok esaten zuen eratu behar genuen tresna nagusia bere izena zuen fundazio bat zela, eta gure erritmoan Francisco Rabaneda Cuervo Fundazioa sortu genuen. Bera Ohorezko presidentea izan zen bizirik zenean, eta orain espiritualki ere hala da".

Ekitaldiak aditzera eman duenez, Paco Rabanneren bizitzari buruzko liburu bat ere argitaratuko da, "El cuervo en su jaula" izenekoa, Enrique Santiago, Emilio Gil, Virginia Rodríguez eta Eva Gongorak osatutako talde baten eskutik. Ekitaldian, lehenengo kapituluaren aurrerapena jasotzen duen koadernotxo bat oparitu zaie bertaratutako guztiei.

Detaile berezi moduan, eta ekitaldi guztia girotu duten Carlos Sagi eta Iñigo Ibaibarriagak lagunduta, Modesto Lomba ACMEko (Espainiako Moda Sortzaileen Elkartea) presidenteak Helena Rohner diseinatzaile kanariarrak sortutako bitxigintzako eskultura-pieza eman dio Fundazioari. Pablo Paniagua argazkilariaren irudietan ikusgai dagoen zilarrezko besokoa.

Amaitzeko, eta Illunbe Otxotearen emanaldiaren ondoren, bisita gidatu bat egin da badian zehar, eta bertaratutakoek gertutik ezagutu ahal izan dituzte Pasaiako sekretu eta xehetasun interesgarrienak, Francisco Rabaneda Cuervoren figura ere ardatz izan duen bisita batean.