Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/01/23
Pasaia Itsas Festibalaren laugarren edizioa Fitur azokan aurkeztu da
Maiatzaren 14tik 17ra izango da festibala. Hainbat herrialdetako itsasontzi tradizionalak bilduko dira Pasaian, itsas ondareari eta nabigazio tradizionalari lotutako kultur programazio zabalarekin

Pasaia Itsas Festibalaren laugarren edizioa aurkeztu da gaur goizean FITUR Nazioarteko Turismo Azokan. 2026ko maiatzaren 14tik 17ra izango da, Pasaiako badian. Euskal kostaldeko itsas eta kultur ondareari lotutako hitzordu garrantzitsuenetako bat bilakatu da festibala. Aurten ere egurrezko itsasontziak eta nabigazio tradizionala izango ditu proposamen ororen ardatz.
Hain zuzen, gaur aurkeztu da FITUR-en, Madrilen. Itsas historiaren eta nabigazio tradizionalaren zale diren horiek ezinbesteko hitzordua izango dute. Lau egunez, Pasaiako badia munduko hainbat tokitatik etorritako itsasontzi tradizionalen topagune bilakatuko da berriro eta, horrekin batera, herritarrei kultur programazio anitz bat ere eskainiko zaie.
Aurkezpen ekitaldia Euskadik FITURen duen erakusmahaian egin da, turismo sektoreko eragileen eta erakundeetako ordezkarien aurrean. Festibalaren sustapen bideoa ere ezagutu ahal izan da, lehen aldiz. Aurkezpenean jaialdiaren ardatz nagusiak eman dituzte ezagutzera: filosofia eta helburuak, eta euskal itsas ondarea sustatzeko eta berreskuratzeko egiten den lana. Era berean, festibalaren erakargarritasun turistikoa eta ingurunean duen garapen sozioekonomikoa ere nabarmendu da.
Xabier Agote Pasaia Itsas Festibaleko zuzendariak eta Albaolako presidenteak hartu du hitza lehenik, festibalaren laugarren edizioaren bideoaren proiekzioa eta gero. Honakoa azpimarratu du: “Pasaia Itsas Festibala gure itsas historia bikaina ospatzeko eta hurbiltzeko hitzordu paregabea da. Pasaiak leku garrantzitsua du itsas historian. Mendeetan zehar enklabe estrategiko bat izan da: bertan eraikitzen ziren itsasontzi handiak, eta bertan itsasoratzen ziren ozeanoak zeharkatu eta gure lurraldea munduarekin lotu zuten espedizioak. Garai hartako itsas teknologiarik aurreratuenaren lekuko izan da Pasaia. Gaur egun, ahaztutako jakintza hori guztia berreskuratzea eta transmititzea da gure egitekoa. Pasaia Itsas Festibala bezalako proiektuek ahalbidetzen dute ondarea berriro motor kultural, sozioekonomiko eta turistiko izatea, eta bere itsas ondarea elkarrekin ospatzea”.
Teo Alberrok, Pasaiako alkateak eta Pasaia Itsas Festibalaren presidenteak, Pasaiak itsasoarekin duen betiko lotura nabarmendu nahi izan du: “Pasaia Itsas Festibala gure herriak itsasoarekin duen harreman estu eta historikoan dago sustraitua. Jaialdi honen bidez, Pasaiako itsas ondare material eta immateriala balioan jarriko dugu aurten ere, ikuspegi kultural eta komunitariotik. Bi urtean behin, festibalean parte hartzen duten beste itsas kultura batzuekin harremanak eta sinergiak sortzeko aukera izaten dugu. Lau barrutiek identitate propioa izan arren, guztiek partekatzen dute itsasoarekiko lotura sakona, eta jaialdiak lotura hori ospatzeko eta kultura desberdinen arteko elkarrizketa sustatzeko espazio bat eskaintzen du”.
Azahara Domínguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua ere izan da aurkezpenean. Honakoan jarri du fokua: “Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa Sailetik harro gaude gure lurraldean horrelako festibal berezi bat dugulako. Erakusleiho ezin hobea da bisitatzen gaituztenek gure izateko modu hori partekatzeko: hurbiltasunetik, benetakotasunetik eta garenarekiko harrotasunetik”. Eskerrak eman dizkio Albaolari: “Gure historia, kultura eta nortasuna ospatzeko eta esperientzia bizi bihurtzeko gaitasuna duzuelako, munduarekin partekatzeko”.
Aurkezpenari amaiera emateko, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak hartu du hitza: “Pasaia Itsas Festibala da gure itsas nortasuna, gure kultur ondarea eta turismo jasangarri eta kalitatezkoaren aldeko apustua proiektatzen dituen erreferentziazko hitzordua. Festibalak mundura zabalik dagoen portu handi bat bihurtzen du Pasaia, tradizioa eta berrikuntza eskutik hartuta, eta hori bultzada ekonomiko eta turistiko garrantzitsua da lurraldearentzat. Milaka bisitari erakartzen ditu eta Euskadik itsasoari, kulturari eta bikaintasun turistikoari lotutako helmuga gisa duen irudia indartzen du”.
Historia bete festibal
Mendeetan zehar, Pasaia Bizkaiko golkoko portu natural onenetako bat izan zen. Badia hartatik espedizio ugari abiatu ziren Ternuarantz, eta bertako itsasertzetan galeoi handiak eraiki ziren. Ur horietan itsas jarduera bizia garatu zen: teknologikoki aurreratua, eta arrantzari, merkataritzari eta itsas eraikuntzari lotua. Garrantzi historiko horren adierazle dira, esaterako, Real Compañía Guipuzcoana de Caracas edo Real Compañía de Filipinas delakoak.
Gaur egun, etengabe ari gara lanean ondare inmaterial hori berreskuratzeko eta balorean jartzeko. Aipagarriak diren ekimenen artean dago San Juan baleontziaren erreplikaren eraikituntza, pasa den azaroan uretaratu zena. Botadura eta gero, Albaolak euskal itsas historiaren beste atal bat ezagutzeko aukera eskainiko dio publikoari: Ozentziyo atunontzia. Donostiako portuko egurrezko azken itsasontzia da, Albaola Itsas Kultur Faktorian jendaurrean zaharberrituko dena.
Pasaia Itsas Festibala itsas eta kultur ondare partekatu horren ospakizun gisa sortu zen, hain zuzen ere. Bertako badiaren berezitasunak, ondo kontserbatutako hirigune historikoak, eskaintza gastronomikoak eta kultur programazioak bihurtzen dute Pasaia bisitatzeko helmuga nabarmena; bereziki, festibala bitartean.
Topaketak iraganeko garaiak ekartzen ditu gogora, baina bere begirada guztiz garaikidea da. Pasaiak itsasoari begira bizitzen jarraitzen du: merkataritza postuak, arrantza, Albaola Itsas Kultur Faktoria ontziola-museoa, estropadak. Horren guztiaren itsas ondareak egiten du lurralde bizia, berezia eta itsas nortasunari sakonki lotuta egotea.
Badator festibala
Pasaia Itsas Festibala 2026ko maiatzaren 14tik 17ra bitartean ospatuko da Pasaiako badian, Donostiatik hiru kilometrora, eta bi eremu handitan garatuko da: itsasoan eta lurrean.
Itsasoko protagonista nagusiak itsasontziak izango dira. Itsasontzi handiak jendearentzat bereziki erakargarriak badira ere, ontzi handi eta txiki bakoitzak bere istorioa dauka. Garai ezberdinetakoak dira, askotariko lanak egiteko sortuak izan direnak eta, oro har, horietako bakoitza da ondare aniztasunaren eta balioaren eredu.
Aldi berean, lehorrean, kultur ekitaldiz osatutako programa bat egongo da martxan. Gastronomia, tailerrak, tokiko eta nazioarteko musika, arte eszenikoak, lanbide tradizionalen erakustaldiak eta artisautza azoka hartuko ditu barne, besteak beste.
Festibalak, gainera, eragileen arteko lankidetza bultzatuko du eta ideia berriak sustatuko ditu kulturaren, ingurumenaren eta elkartasunaren ikuspegitik. Festibalak lurralde osoan izango du eragina, eta mundura irekia egongo da.
Festibalari buruzko albiste guztiak www.pasaiaitsasfestibala.org webgunean egongo dira.







