Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/02/24
Pasaiak Finiren Txokoa inauguratu du, zaintzaren eta komunitatearen arteko zubia
Fini Rubioren herentziari esker martxan den zentroa bakardadeari eta hauskortasunari komunitatetik aurre egiteko tresna izango da

Pasaiako Udalak ofizialki inauguratu du gaur Finiren Txokoa, Antxoko Eskalantegi kaleko 53. zenbakian kokatutako 60 urtetik gorako herritarrentzako eguneko arreta zentro berria. Egoera ahulean, hauskorrean edota mendekotasun moderatuan dauden pertsonei zuzendutako baliabide honek otsailaren 10ean ekin zion bere jardunari, eta dagoeneko 20 erabiltzaile ari dira zerbitzua baliatzen.
Inaugurazio-ekitaldia giro hunkigarrian abiatu da, Pasaiako Adinkide elkarteko La Motora antzerki taldeak eskainitako performancearekin. Antzezlan labur horren bidez espazioa “ireki” dute, zaintzaren, komunitatearen eta bizitza partekatuaren sinboloak jarriz erdigunean.
Ekitaldi nagusian Teo Alberro Pasaiako alkateak ongietorria eman die bertaratutakoei, eta nabarmendu du espazio berriaren irekiera “bizitza oso bateko konbentzimendu eta konpromisoaren ondorio zuzena” dela. Alkateak gogora ekarri du Fini Rubiok argi izan zuela zein borrokatan eman nahi zuen bere bizitza, eta baita bere ondarearekin zer egin nahi zuen ere: “Gaur hemen gaudenok horren lekuko gara”, adierazi du.
Alberrok azpimarratu duenez, Fini Rubio ez zen izan “isilik bizi izan zen emakumea”, ezta “isilik joan nahi izan zuena” ere: “Zorrotza, kritikoa, pentsalari aseezina eta konforme geratzen ez zen horietakoa zen; zapalkuntzak izen-abizenekin identifikatzen zituena eta haiei aurre egiten ziena”. Horrenbestez, adierazi du gaur inauguratutako espazioa ez dela soilik udalaren apustu sendo baten emaitza, baizik eta “ikuspegi politiko eta sozial baten jarraipena”.
Eider Mendoza diputatu nagusiak nabarmendu duenez, euren ongizatea hobetzeko abiarazten den “espazio edo zerbitzu bakoitzeko”, adineko pertsonen “orainari eta etorkizunari arreta eskaintzen ari gara”. “Aldi berean, guren gaurko eta biharko gizartearen beharrei erantzuten ari gara; gaurtik aurrera etorkizuneko zaintza eta babes sozialerako espazioak eta zerbitzuak bermatuz”, balioa eman dio diputatu nagusiak txokoari, eta ahalegin horretan kokatu du Pasaiako Finiren Txokoaren irekiera. “Guztion artean, herritar, elkarte eta erakunde, adineko pertsonek bizitza betea izan dezaten ekarpena egiten ari gara, elkarlanean eta berrikuntzatik”, berretsi du.
Amaitzeko, Aintzane Taberna Ezkurra Pasaiako lehen alkateorde eta Gizarte Ekintzako zinegotziak azpimarratu du gizarteak zahartze-prozesu azkarra bizi duela. Bizitzak luzatu izana albiste ona dela esan du, baina erronka handiak ere badakartzala errealitate horrek: adineko pertsonek euren bizitzetako azken etapan ere duintasunez, autonomiaz eta komunitatearekin lotuta bizitzen jarraitu ahal izatea.
Tabernaren hitzetan, Udalak ez dio adintzeari mendekotasunaren edo gaixotasunaren arabera so egin; hauskortasuna, bakardadea, isolamendua eta autonomia galtzeko arriskua kontuan hartu ditu. “Eguneko arreta zentro hau prebentzioaren aldeko apustua da; mendekotasuna iritsi aurretik, garaiz eta gertutik esku hartzeko tresna bat”, adierazi du. Helburua da 60 urtetik gorako bizilagunei ahalik eta denbora gehien euren etxeetan eta komunitatean errotuta bizitzen laguntzea: “Pertsonak beren ingurunetik urrundu beharrean, ingurunea pertsonaren inguruan antolatzean datza gure eredua”.
Begoña Garmendiak, Finiren herentziaren albazeetako batek, itxi du ekitaldia: “Finiren gaixotasunaren amaieran, bere kezka nagusia izan zen adineko pertsonen bakardade egoera, batez ere baliabide ekonomikorik ez duten pertsonena, gizartean inork oraindik bakardadeaz hitz egiten ez zuenean. Horregatik, dena antolatu zuen, hil ondoren haren ondasunak helburu horretara bidera zitezen. Eta hemen gaude.
Finiren pertsona gogoratu nahi dugu: azkarra, zorrotza, argia, eskuzabala, alaia, laguna, dantzari berezia... Eskerrik asko denei, gaurko egunean, Fini eta Anttonen errautsak jaso zituzten Larraulgo belardiak loratzen ari dira…”.
Ekitaldia amaitu ondoren, bertaratutakoek espazioaren bisita gidatua egin dute, dinamizatzailearen eta dagoeneko zerbitzua erabiltzen ari diren pasaitarren eskutik. Ordezkaritza politikoaz gain, herriko eragile eta elkarteetako kide ugari izan dira inaugurazioan.
Zerbitzua
Finiren Txokoa astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, goizez (10:00-13:00) eta arratsaldez (15:30-18:30), eta erabiltzaileek astean bitan parte hartu ahal izango dute, arreta pertsonalizatu eta malgua bermatzeko. Talde bakoitzean 18 plaza daude.
Zerbitzuaren bidez osasun kognitiboa, fisikoa eta psikikoa sustatzeko jarduerak, aisialdi- eta kultura-ekintzak eta komunitate-loturak indartzeko dinamikak garatuko dira, dinamizatzaile baten gidaritzapean eta arlo komunitarioko teknikari baten laguntzarekin.
Finiren Txokoa Josefina Rubio Tiok Pasaiari egindako dohaintzari esker jari da martxan. 939.439,12 euroan zenbatetsitako herentzia egokitu zitzaion Pasaiari, eta Udalak 300 metro koadroko Eskalantegi 53ko lokala erosi zuen 2022an, 211.043,77 eurogatik. Horrez gain, obra-proiektuaren idazketa, zuzendaritza, lanen gauzatzea eta ekipamenduaren horniduragatik 469.066,41 euroko inbertsioa egin du Pasaiako Udalak. Azken zenbateko horretatik 362.879 euro Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Sailaren dirulaguntza bati esker finantzatu dira.
Egokitzapen lanez gain, Udalak dagoeneko zerbitzua lizitatu du bi urterako (beste bi urtez luzatzeko aukerarekin). Zerbitzu horrek urteko 76.923,08 euroko kostua izango du.







