Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/05/16
Jaietako feria guneetarako musika-zerrenda bat sortzeko prozesua, abian
12-16 urte bitarteko nerabeek beraien musika gustukoena proposatzeko aukera izango dute
2024az geroztik Pasaia Oinherri Herri Hezitzaileen Euskal Herriko sareko kide da, eta prozesu honek ere begirada horretatik ekarpena egin nahi du, hezteko ardura partekatua herriarena eta komunitatearena ere badela jabetu gaitezen.
Kasu honetan, jaietan nerabeek feria guneetan denbora asko pasatzen dutela ikusita, ekimen honen bidez lortu nahi da gune horietan euskararen presentzia areagotzea eta balio hezitzaileetan oinarritutako abestiez gozatzeko aukera zabaltzea, beraien interesekoa den musika bilduz eta beraiekin batera playlistak landuz.
Laura Ré, parte-hartze zinegotziaren esanetan “Pasaiako Udal Gobernuan argi dugu: euskara ez da soilik eskoletan, administrazioan edo bulegoetan entzun behar. Jaietan, kalean eta ferietan ere gure hizkuntza bizi eta entzun dadila nahi dugu. Horregatik egin dugu apustua feria guneetan euskarazko musika zerrenda bat jartzeko, euskararen erabilera eremu ludiko eta gazteetara zabaltzeko.
Euskararen normalizazioaren alde aurrera egiten jarraitzeko beharrezkoa da esparru desberdinetan eragitea, eta bide horretan beste urrats bat da honakoa”.
Epeak
- 12-16 urteko nerabeen proposamenak jasotzea –> Maiatzak 16-30
- Proposamenen txukunketa –> Maiatzak 30 – Ekainak 5
- Nerabeekin zerrendak osatzea –> Ekainaren 6an Antxoko Kulturgunean eta ekainaren 13an Donibaneko gaztelekuan
Parte hartzeko baldintzak
- 12-16 urte bitarteko nerabea izatea.
- Proposatzen diren 10 kantetatik 8 gutxienez euskaraz izatea.
- Inor bazterrean uzten ez duten letrak izatea.
Parte hartzeko egin beharreko urratsak:
- Proposamenak jasotzeko esku-orria betetzea eta postontzian sartzea. Dagoeneko banatu dira esku-orriak baina Udalaren webgunean ere deskargatu daitezke.
- Proposamenak aztertu eta zerrendak osatzeko saio irekietara bertaratzea.
Non egongo dira postontziak?
- Ikastetxeetan.
- Udal zerbitzuetan (gaztelekuan, kuadrilategi eta kale hezitzaileen lokaletan).
Prozesu hau udalak sortuak dituen hezkuntza gunearekin eta udal zerbitzuen gunearekin elkarlanean gauzatuko da.
“Askotan esaten dugu haur eta nerabeen artean eragin behar dugula euskararen alde. Bada, hau da bidea: entzunak izatea, euren gustuak kontuan hartzea eta euskara espazio erakargarrietan kokatzea. Feria guneetan entzungo den musika-zerrenda ez da helduek prestatutakoa, baizik eta ferietan izango diren haur eta nerabeek aukeratutakoa” amaitu du Laura Rek.