Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2021/09/07
Pasaiako euskaltegietako matrikulazio kanpaina 2021-2022
Aurten, bereziki, euskara ulertu ere egiten ez dutenak euskara ikasten hasteko lehen urratsa ematera gonbidatu nahi ditugu. Pasaia arigune izatea lortu nahi dugu, Euskaraldiak sustatu duen kontzeptuari erreferentzia eginez. Hau da, talde edo gune bateko kide guztiek euskara ulertu, behintzat, egiten badute, euskaraz hitz egin nahi dutenek euskaraz lasai aritzeko aukera izango dute. Hori dela eta, A0A0 edo A1A0 mailako ikasleak gonbidatuko ditugu zehazki.
Pasaitar guztiek euskara ulertzeko helburua lortzeko eta gure gonbidapena errazago onartzen laguntzeko Pasaiako Udalak eta bi euskaltegiek honakoa adostu dugu: euskaltegiko hastapen ikastaro batean izena emanez gero, ikasleak matrikularen %20 bakarrik ordaindu beharko du ikasturte hasieran, gainerako % 80a Udalak aurreratuko dio. Eta gainera, ikasleak urte guztiko asistentzia betetzen badu, % 20 hori ere itzuliko zaio ikasturte amaieran.
Beraz, esan bezala, euskarara gerturatzeko lehen urrats hori ematera gonbidatzen ditugu oraindik euskara ulertzen ez duten pasaitarrak. Gonbidapen hori egiteko eta matrikula ordaintzeko erraztasunen berri emateko etxe guztietako buzoietan gonbidapen-postala utziko da.
Euskaraz baldin badakizu ere, zeure aletxoa jar dezakezu. Nola? Postala hartu eta beste norbait euskara ikastera gonbidaturik. Hark eskertuko dizu, eta guk ere bai. Gonbidapenak ikastetxeen eta merkatarien bidez ere zabalduko dira, eta Udaleko nahiz euskaltegiko bulegoetan ere egongo dira eskuragarri. Gonbidapena ahalik eta jende gehienarengana iristea da asmoa, inor informaziorik gabe gera ez dadin.
Beraz, euskara ikasteko interesa duten guztiei Trintxepeko Udal euskaltegira (Euskadi etorbidea, 61. Tel.: 943004340 euskal@pasaia.net) edota Pasai Antxoko Txirrita euskaltegira (Zumalakarregi, 9. Tel.: 943525545 pasaia@aek.org) gerturatzeko deia egiten diegu, bertan informazioa eskuratu eta izena emateko. Herriko euskaltegietan norberari hobekien egokitzen zaion ikastaroa hautatzeko laguntza izango dute herritarrek. Pasaiako Udalaren Herritarren Arreta Zerbitzuan ere aurretiko izen-ematea egin daiteke.
Udalak euskaltegiekin elkarlanean eskainitako laguntzak baliatzera animatzen ditugu herritarrak, eta euskaltegietara gerturatzeko gonbidapena egiten diegu beste behin. Badakizue ¡Hazlo tuyo!