Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2018/11/27

Trintxerpeko Korkoiburuak antolatutako egitaraua Euskararen eguna ospatzeko

Ospakizuna abenduaren 1ean izango da

Gertu dugu abenduaren 3a (Euskararen Nazioarteko Eguna) eta bigarren urtez, Trintxerpeko Korkoiburuok egun osoko egitaraua prestatu dugu Trintxerpen, euskaldun guztion altxorra den honi bultzada emateko asmoz. Ospakizuna abenduaren 1ean izango da, larunbata.

Eguerdian hasiko da festa, kasu honetan, etxeko txikiekin. 12:30ean Boveda Gazte Elkartea eta Ekaitza Gazte Taldearekin elkarlanean antolatu ditugun jolasak eta tailerrak izango ditugu haurrentzat.

Jarraian, 13:00etan, trikipoteoa abiatuko da Gernika Plazatik eta hau, bazkal ordurarte luzatuko da.

14:00ak aldera, Ziriza Etxeko ateak irekiko ditugu, bertan antolatu dugun bertso bazkariari hasiera emateko. Gogorarazi behar dugu tiketak dagoeneko salgai daudela Trintxer Tabernan eta tokia mugatua izango dela (18€ helduenak eta 8€ haurrenak). Aurten, berritasun bezala, haurren menua zein berogailuak izango ditugu bazkarian zehar, azken hauek ahalik eta goxoen bazkaltzeko. Joan den urtean Gaztelumendi anaiak izan genituen bertsotan, aurten aldiz, Maddi Ane Txoperena eta Maider Arregi izango ditugu.

Azkenik, eta eguna biribiltzeko, erromeria izango dugu. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da Laja II taldea Ziriza astintzen, eta orduan nahi duen ororentzat ateak eta taberna irekiko ditugu.

Gurekin egun zoragarria pasa nahi duten haur, gazte zein heldu guztiak gonbidatu nahi ditugu, Trintxerpeko Korkoiburuak guztiona baita!