Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2021/10/08

Pasaiako euskararen plan estrategiko berriaren hasiera eta Bokale lan-taldearen aurkezpena

Pasaiako Aholku Batzordeko kideek 10 urte hauetako ibilbidearen balorazioaren berri eman dute eta irudi eta izen berriekin beste urrats bat egiteko prest agertu dira. Beste urrats hori egiteko, plan estrategiko berriaren osaketarekin hasiko dira.

Pasaiako Euskararen Aholku Batzordea orain dela 10 urte sortu zen. Hain zuzen ere, Pasaiako euskararen lehen plan estrategikoa aurrera eramateko batzorde modura. Bertan parte hartzen dute euskalgintzaren inguruan diharduten hainbat eragilek: ikastetxeek, euskaltegiek, barrutietako batzordeek, merkatari elkarteak eta gazteen aisialdiko nahiz Pasaiako Udaleko ordezkariek.

Batzordearen zeregina Pasaiako Euskararen Plan Estrategikoa garatzea da. Hau da,  bizitzako hainbat arlotan euskara indartzeko proposatutako ekintzak garatzea. Arlo horien artean daude honako hauek:

  • - Familia bidezko transmisioa
  • - Haur eta nerabeen aisialdia eta kirola
  • - Helduen euskalduntzea
  • - Lan-mundua eta merkataritza
  • - Administrazioa
  • - Komunikabideak
  • -...

AURREKO PLANAREN BALORAZIOA

Lehen plan estrategikoak eman ditu bere fruituak eta, herritarrekin batera balorazioa egin ostean, hauek dira lortutako helburuak eta lortzeko geratu direnak:

Lortutakoen artean Pasaiako Aholku Batzordea sortu izana bera azpimarratu dute batzordeko kideek. Batzordeak Pasaian euskararen normalizazioan diharduten eragileak elkartzen ditu. Elkarlan horrek egitasmoak koordinatu eta indar gehiago hartzea dakar. Horren adibide da Euskaraldia bezalako ekimen bat koordinatzeko egitura hori baliatu izana, bertan elkartzen baitira publiko xede desberdinetara heltzen diren eragileak. Beraz, lehen plan estrategiko horrek ekarri zuen Pasaiako euskalgintzako eragileen elkarlanerako gunea sortzea.

Lortutako beste helburu bat herritarren aktibazioa izan zen. Plan estrategikoaren prozesuak herritarrak aktibatzea ekarri zuen Pasaian, eta talde berriak sortzea. Horren adibide izan ziren Prest euskara taldea eta Oarsoirriak egitasmoa, kalean nahiz familietan euskararen erabilera handitzeko taldeak biak.

Euskaltegiekin elkarlanean azken 10 urteotan euskara ikasteko beka sistema sendo bat jarri da martxan egoera ekonomikoa ez dadin izan euskara ikasteko muga Pasaian. Horrekin batera, publiko xede bakoitzari egokitutako ikastaroak sortu ditugu. Horrela, Pasaian geroz  eta heldu gehiagok euskara jakiteko bidea egin da, plan estrategikoan jasotzen zen modura.

Ahozkotasuna sustatzea zen plan estrategikoaren beste erronketako bat. Ikastetxeekin elkarlanean bertsolaritza eta antzerki eskola bezalako ekimenak martxan jartzeak haur eta nerabeek berariaz euskara erabiltzeko espazio ludikoak izatea ekarri du.

Baina badira oraindik hobetzekoak ere. Haur eta nerabeen aisialdi-, kultur- eta kirol-jarduera batzuk oraindik gaztelaniaz eskaintzen dira Pasaian, eta jarduera horietan euskara indartzeko egindako ekimenek ez dute nahi besteko arrakasta izan. Ikastetxeek bakarrik ezin dute haur eta nerabeen euskara gaitasuna bermatu. Hori dela eta, plan estrategiko berrian Pasaiako elkarteekin, akademiekin eta udal zerbitzuekin batera ekintza plan bat garatzen ahaleginduko dira, haur eta nerabeek euskaraz bizitzeko espazio gehiago izan ditzaten.

Merkataritza eta ostalaritza establezimendu batzuetako hizkuntza paisaian ere euskarak oraindik ez du presentziarik. Pasaiako kaleetako hizkuntza paisaian euskararen presentzia handiagoa izan dadin plan estrategiko berriaren osaerak estrategia berriak definitzeko aukera ere eman dezake.

IZEN ETA IRUDI BERRIA

10 urte pasa dira eta urte horietan guztietan Pasaiako Euskararen Aholku Batzordea izan da plan estrategikoaren gidaritza eraman duena, baita Euskaraldiarena ere. Horrek batzordea maiz elkartzea ekarri du, ia hilabetero, eta dinamismo horrek batzordeak berak izen eta irudi propioak izateko beharra sortu du. Azken urtean aholku batzordean aurrera emandako prozesu baten ondorioz batzordeak BOKALE izena hartzea erabaki du, bokalea Pasaiako badiaren bereizgarri den heinean. Horri lotuta 4 barrutiak kolore bidez irudikatu eta badia forma hartzen duen logoa sortu dute Txakur Gorria taldeko diseinatzaileek. Horixe izango da hemendik aurrera Pasaiako Euskararen Aholku Batzordea identifikatzeko erabiliko diren izena eta irudia.

PLAN BERRIA

Behin etorkizunera begira jarrita, plan estrategiko berrira ahalik eta eragile gehien batzea nahi dute Bokaleko kideek. Ikastetxe, euskaltegi, merkatari eta aisialdi-, kultur- nahiz kirol-elkarteez gain, lan-munduko eragileak, gazteak, auzo elkarteak,  nahiz gizarte mugimenduak ere prozesuaren parte izatea nahi dute. Haur eta nerabeen parte-hartzea ere sustatuko da. Horrela, euskara Pasaiako geroz eta eremu gehiagotan indartzea lortzea da asmoa.

Prozesua abiatzeko, komunikazio kanpaina bat martxan jarriko dute, ahalik eta pasaitar gehienengana iristeko. Horretarako, Pasaiako profil eta arlo desberdinetako 12 pertsona elkarrizketatuko dituzten, eta Pasaian euskararen etorkizunari buruz duten iritzia jasoko dute. Pertsona horiek iritzia emateaz gain, gainerako pasaitarrak prozesuan parte hartzera gonbidatuko dituzte. Hauek izango dira elkarrizketatuak: gazteak, kirol entrenatzaileak, merkatariak, irakasleak, herri mugimendutakoak, emakume taldeetakoak, euskaldun berriak, erdaldunak, aisialdi taldeetako hezitzaileak, gurasoak...

Horrez gain, galdetegi bat zabalduko zaie herritarrei haien iritzia jaso eta ondoren egingo diren bileretan galdetegietan jaso dena lantzeko. Galdetegia Pasaiako Udalaren webgunean zintzilikatuko da eta lau barrutietako liburutegietan ere egongo da eskuragarri. Urriaren 22 arte egongo da erantzuteko aukera.

Behin erantzunak jasota, plan estrategiko berria osatzeko bilerak egingo dira arloz arlo: aisialdi eta kiroleko eragileekin, gazte taldeekin, lan-munduko eragileekin, Pasaiako auzo elkarte eta gizarte mugimenduekin, euskaltegiekin, ikastetxeekin, merkatariekin, haur eta nerabeekin... Arlo bakoitzeko eragileekin bina bilera egingo dituzte.

Pasaiako lau barrutietan ere bina bilera ireki egingo dira, edozein herritarrek bere iritzia emateko aukera izan dezan. Azpimarratu nahi izan dute plan estrategikoaren osaketa prozesuan parte hartzeko ez dela beharrezkoa izango euskara jakitea. Erdaldunen edo euskaraz ongi moldatzen ez direnen iritziak eta ekarpenak jaso nahi dituzte. Euskara geroz eta eremu gehiagotara iristeko haien parte-hartzea beharrezkoa dela uste dute.

Beraz, Bokaletik dei egiten zaie pasaitarrei Pasaian euskarak izan dezakeen etorkizunean pentsatzera eta haien ekarpenak partekatzera.