Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/02/20

Atera argazkia Euskarari eta irabazi saria!

Euskararen Paparazziak argazki lehiaketaren seigarren edizioa

Euskararen Paparazziak argazki lehiaketaren seigarren edizioa antolatu du Oarsoaldeko Euskara Batzordeak. Aurreko edizioetako bideari jarraituz, argazkigintza merkataritzarekin eta ostalaritzarekin lotzen duen lehiaketa martxan da berriz ere Oarsoaldean. Aurtengo edizioa eskualdeko Korrika kulturaleko ekintza izango da.

Prezio berean, euskaraz!” egitasmoaren barnean antolaturiko argazki lehiaketa da EUSKARAREN PAPARAZZIAK. Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan euskararen erabilera handitzeko, hizkuntza paisaiak duen garrantzia azpimarratzea du helburu egitasmoak. 

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek Oarsoaldeko (Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia) saltokietan ikusgai eta euskaraz dauden errotuluei, kartelei edo bestelako idatziei argazkiak atera, eta e-posta bidez (euskararenpaparazziak@gmail.com) (Wetransfer erabiliz, behar izanez gero) edo WhatsApp bidez bidali beharko dituzte 747 449 416 zenbakira.

Euskara eta merkataritza/ostalaritza hobekien uztartzen dituzten argazkiak bidali dituztenek irabaziko dute herri bakoitzeko saria. Izan ere, aurten eskualdeko bi sari eman ordez, herri bakoitzean sari bana ematea erabaki dute antolatzaileek. Originaltasuna eta argazkien kalitatea ere baloratuko direla adierazi dute antolatzaileek

Lehiaketan parte hartzeko ez da ez adin, ez bestelako mugarik izango, gehienez 5 argazki aurkezteko muga baino ez. 

Argazkiak otsailaren 20tik martxoaren 18ra bitartean bidali beharko dira eta lehiaketaren lau irabazleek 2024ko martxoaren 25etik apirilaren 30era bitartean Oarsoaldeko saltokietan gastatzeko 150 euroko diru-saria irabaziko dute. Martxoaren 21ean emango dira ezagutzera irabazleen izenak. Informazio gehiago nahi duenak oinarriak eskura ditu www.oarsoarrak.eus web gunean.

Animatu parte hartzera!