Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2021/05/07

Pasaiako euskararen 1. plan estrategikoa baloratzeko bilerak

Lau barrutietan maiatzaren 11tik ekainaren 17ra

Pasaiako euskararen lehenengo plan estrategikoak eman du berea, 2010 – 2020 epealdirako osatu baitzen, eta hori dela-eta, datorren irailean hurrengo 10 urterako II. Euskararen Plan Estrategikoa egiten hasiko da Pasaiako Euskararen Aholku Batzordea. Datozen 10 urteetan Pasaian euskara indartu dadin zer eta nola egin behar den jasoko da plan berrian, besteak beste.

Horren aurretik, ondorengo asteetan orain 10 urte Pasaiako Euskararen Plan Estrategikoa osatzeko prozesuan parte hartu zuten, eta bertan parte hartu ez bazuten ere, aurreraxeago, plan estrategikotik eratorritako ekintzetan parte hartu izan duten pasaitarrak gonbidatu nahi ditu Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak plana baloratu eta aurrera begira jartzeko. Egingo diren bileretan 10 urteotan egindakoak azaltzea da asmoa eta herritarren ekarpenekin I. Euskararen Plan Estrategikoaren balorazioa osatzea, hori izango da-eta II. Plan Estrategikoaren abiapuntua.

Pasaian euskarak gero eta presentzia handiagoa izan dezan zer egin den ondo eta zer hobetu behar den aztertuko dute herritarrekin batera, eta horretarako, bilerak antolatu dituzte lau barrutietan:

  • Trintxerpen: maiatzaren 11n, 18:30ean, Alkateordetzan.
  • Pasai San Pedron: maiatzaren 12an, 18:00etan, udal aretoan.
  • Pasai Antxon: maiatzaren 18an, 18:30ean, kultur etxean
  • Pasai Donibanen: ekainaren 17an, 18:30ean, kulturgunean

Bertaratu aurretik euskara@pasaia.net helbidera idaztea edo Pasaiako Udalaren Euskara Sailera deitzea komeni da bilerak hobeto antolatu ahal izateko.