Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2020/10/06
Euskaraldiaren aurkezpena
Antxon, urriaren 8an
Euskaraldiaren 2. edizioa abian da Pasaian. Bigarren edizioan urrats berriak eman, eta norbanakoek ez ezik, entitateek ere neurriak hartuko dituzte hizkuntza praktika berriak bultzatzeko. Pasaian 70 bat entitatek eman dute izena ariguneen bidez euskaraz lasai aritzeko guneak sortzeko eta hizkuntza ohituretan eragiteko.
Horrez gain, Euskaraldiak, aurreko edizioan egin bezala, edizio honetan ere belarriprestei eta ahobiziei proposatuko die euren egunerokoan egin dezaten hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa. 15 egunetan Euskal Herri guztian zehar zabalduko den ariketa Pasaian ere gauzatuko da azaroaren 20tik abenduaren 4ra.
Testuinguru horretan, Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak Euskaraldiaren aurkezpen ekitaldia antolatu du datorren urriaren 8an, 19:00etan, Pasai Antxoko Ibaiondo pilotalekuan. Ahobizi edo belarriprest modura parte hartzeko izen ematea irekita dagoela iragarri, rol bakoitzak zer esan nahi duen argi azaldu, pasaitarrak Euskaraldian parte har dezaten aktibatu eta euskarazko ikuskizun dibertigarri bat eskaintzea izango da ekitaldiaren helburua.
Hamaika Buelta antzerki taldeak gidatuko du ekitaldia umorez beteriko esketxen bidez, eta amaieran Pasaiako dantza taldeek Pasaiako Euskaraldirako sortu den abestiaren koreografia dantzatuko dute. Ikuskizuna ikusteko ondorengo tokietan lor daitezke gonbidapenak:
- Pasai Antxon: ikastolan, Urdin liburu-dendan eta Rome tabernan
- Pasai San Pedron: Isasa paper-dendan eta Begihaundi tabernan.
- Trintxerpen: Santamaria arrandegian eta Maite tabernan
- Pasai Donibanen: Pari Berri eta Iciar tabernetan
Gainera, bertaratu ezin dutenek ekitaldia streaming bidez ikusteko aukera izango dute “Euskaraldia Pasaia” Youtube kanalean.