Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/01/09
Pasaiako Euskaraldiko prestaketa-lanak aurrera doaz, eta “Hamaikakoa” osatzeko proposamenak bidal daitezke jada
Herritarren proposamenak urtarrilaren 29a arte jasoko dira
Pasaiako Euskaraldiaren prestakuntza-lanak aurrera doaz. Gaur arratsaldean aurkeztu dituzte azken nobedadeak Sanpedrotarra elkartean.
Prentsaurrekoan hitza hartu dute Alazne Uria Bokale Euskararen Aholku Batzordeko kideak eta Alberto Apillanez Antxoko Ariguneko kideak. Bertan izan dira, halaber, Laure Ré Euskarako zinegotzia, Pasaiako Euskaraldiaren dinamizatzailea eta herriko zenbait eragile.
Udaberrian izango da Euskaraldia izango da. Hala, Maiatzaren 15etik 25era euskararen erabilera areagotzeko ariketa kolektiboa egingo da Euskal Herri osoan, eta, beraz, baita Pasaian ere.
“Hizkuntza ohiturak euskararen mesedetan astintzeko hamaika egun izango ditugu. Elkarrekin, euskara eremu guztietara zabaltzeko aukera paregabea. Etxean, kalean, lanean, aisialdian, ikastetxean...” adierazi du Uriak.
“Aurtengoa, Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia izatea nahi dugu. Hamaika egun horiekin euskararen erabilera indartzeko jarrera beste hamaika egunetara zabal dadin eta Euskara sustatzeko gogoa eta beharra sentitzen duten pasaitarren sarea antolatzeko” gaineratu du Apillanezek.
Horretarako, banan-banako elkarrizketak egiten hasi dira herrian. Udazkenean hasi ziren eta datozen hilabeteetan zabaltzen jarraitu nahi dute. Pasai Donibane, Pasai Antxo, Trintxerpe eta Pasai San Pedroko euskaltzaleen iritzi, kezka eta ideiak jasotzeko, eta, denboran zehar irautea nahi den euskararen aktibatzaileen sarea egiteko. Ildo horretan, prozesu honetan parte hartu nahi duenak pasaia@euskaraldia.eus helbidera idatz dezake.
“Bestalde, Euskaraldia hizkuntza jarreretan eragiteko dinamika den heinean, erronka pertsonalak hartu eta ekimenaren enbaxadore izango direnen Hamaikakoa osatu nahi dugu. Euskal Herri mailan eta baita beste hainbat herritan egin bezala, Belarriprest edo Ahobizi izango direnen hamaikako taldea osatu nahi dugu. Talde hori aukeratzeko prozesuan ere, pasaitarren parte-hartzea bultzatuko dugu. Herritarren proposamenak labur.eus/Hamaikakoa-Pasaia helbidean bideratu daitezke, gaur hasi eta urtarrilaren 29a bitarte” azaldu du Bokaleko kideak.
Zeintzuk dira Hamaikakoaren ezaugarriak?
- Euskaraldian Ahobizi ala Belarripest izango diren hamaika laguneko taldea izango da.
- Euskararen erabileran eredu diren edo gehiago egiteko urratsak egin edo konpromisoak hartu dituzten norbanakoek osatuko dute.
- Euskaraldia girotzen eta zabaltzen lagunduko duten enbaxadoreak izango dira.
- Pasaitarra izatea, Pasaian bizitzea edota bertan lan egitea da baldintza.
“Beraz, pasaitarrak deitzen ditugu euskararen erabileran aktibatzaile izatera eta Euskaraldiaren Pasaiako Hamaikakoa osatzeko proposamenak egitera” amaitu dute.