Eduki publikatzailea

Pasaiako gazte sortzaileek Euskaraldirako egin duten “Bihurguneak” kantuaren aurkezpena

Prentsa-aurrekoan emandako azalpenak

Egoitz Albizu

Eskerrik asko etortzeagatik. “Bihurguneak” kanta aurkezteko elkartu gara gaur. Euskaraldia azaroan abiatuko bada ere, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketari musika eta kolorea jarri nahi genion. Horretarako, Pasaiatik eta pasaitarren artean egindako sorkuntza lana abiatu genuen, eta gaur lehen emaitza entzun eta ikusi ahal izango dugu: “Bihurguneak” abestia, estudioan egindako grabazioa. Sorkuntza prozesua nola izan den azaltzeko Eiderrek eta Josuk hitza hartuko dute. Baina hori baino lehen, bihotzez eskerrik beroenak, eskuzabaltasun osoz, abestiari forma eman eta doinua jarri diozuen musikari-artista guztiei, eta irailean aurkeztu nahi dugun bideokliperako koreografiak pentsatzen jarri zaituztegun dantzari eta taldeoi. Hemen zaudetenoi eta gaur etorri ahal izan ez dutenei.

Eider Perez

Abestiaren letra egiteko eskaera jaso nuenean, kanta gaztea bilatzen genuen eta nortasuna izan behar zuela pentsatu nuen. Pasaia erakutsi nahi izan dut, euskara gehiago egiteko gogoa duen herria. Indarrak batzeko gai dena, belaunaldi berrien bultzadaz. Bihurguneek batzen dituzte lau Pasaiak eta euskara gure ahotara gehiago hurbilduko duen bihurgunea hartzeko gonbidapena luzatu nahi dugu abestiarekin.

Josu Elberdin

Gonbidapen horri helduz, musika egiteko proposamena jaso nuen. Elkarlanean osatu den abestia izan da. Abesti dinamikoa eta gogoratzeko erraza izatea bilatu dut. Mezua melodiarekin batera itsatsi dadin. Pasaiako musikari gazteen parte hartzea izan dugu, ahotsetan zein instrumentuetan. Azkenean, giroa sortu eta dantzagarria ere baden abestia lortu dugula uste dut.

Aholku Batzordea

Labetik atera berria dugun abestia laster entzun ahal izango dugu, baina egitasmo honek bigarren txanpa bat ere badu. Pasaiako dantzari, akademia eta dantza-talde ezberdinak bildu ditugu, estilo eta barruti ezberdinetakoak, eta guztion artean koreografia bat osatzea da helburua. Euskal dantza, dantza urbanoak eta klasikoak egiten dituztenen artean, estilo ezberdinen fusioa bilatu eta urria hasieran jendaurrean eta bideoklip baten bidez aurkeztuko dugu.