Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/03/17
Har ezazu parte Pasaiako laugarren Euskaraldian!
Maiatzaren 15etik 25era izango da. Aurkezpenean herriko hamaikakoa ezagutu zen
Martxoaren 14an, ostirala, Euskaraldiaren Pasaiako aurkezpena egin zen.
Hizkuntza ohiturak euskararen mesedetan astintzeko, maiatzaren 15etik 25era izango den ariketari abiada eman zitzaion Pasaian. Horretarako, San Pedroko Proisako aterpean 100 pertsona baino gehiago elkartu ziren.
Nerea Intxaustik gidatu zuen ekitaldian Euskaraldiaren laugarren edizioaren gakoak landu, eta Pasaiako Hamaikakoa aurkeztu zuten. Trintxerpe, Pasai Antxo, San Pedro eta Donibaneko hamaika lagun izango dira aurtengo Euskaraldiaren enbaxadore: Izaskun Salaberria, Manex Gondat, Cristina Salgueiro, Ander Makazaga, Kattalin Altuna, Diego Hipolito, Satoko Hosomi, Lorea Etxabe, Josema Elizasu, Nikol Paraschiv eta Elena Martinez. Bideo batean haien erronka pertsonalak azaldu zituzten, eta Hamaikakoa oholtzara igota, Lorea Etxabek erronka pertsonalak erronka kolektibo bilakatzeko deia egin zuen. Ondoren, publikoarekin batera talde argazkia atera zuten.
Jarraian, Pasai Antxoko bizilagun eta Badalab hizkuntza berrikuntza laborategiko zuzendari den Goiatz Oiartzabalek euskararen erabileran jauzi egiteko jarrera denboran zabaldu eta arau sozial berriak barneratzeko beharra azpimarratu zuen: “haurrekin euskaraz egitetik, haurren aurrean helduok euskaraz egitera salto egingo dugu, adibidez?” Era berean, sare herritar aktibo baten aukera eta beharra ikusarazi zuen, “elkarrekin gauzak errazagoak dira, babesguneak behar ditugu, kolektibotasunak ahalduntzen gaitu...” eta “erakunde publikoak mugiarazteko giltza herritarren mugimenduak izaten dira askotan.”
Bukatzeko, Nerea eta Goiatzen artean euskaraz gehiago egiteko gakoak azpimarratuz borobildu zuten ekimena: “Lehen hitza euskaraz! Bigarrena ere bai. Ahal den guztietan eutsi euskarari. Eta esan denei guri euskaraz egiteko.”
Martxoaren 15etik aurrera ahobizi ala belarriprest modura izena emateko aukera irekita dago euskaraldia.eus helbidean, eta, maiatzaren 15etik 25era txapa soinean, euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasatzeko aukera ezin hobea izango dute pasaitarrek.