Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/09/03
Pasaiako euskaltegien matrikulazio kanpaina berria aurkeztu da: “Euskera ahoraTÚ”
Laguntza ekonomiko garrantzitsuak emango dira euskara ikasteko
Pasaiako Udalak herriko bi euskaltegiekin elkarlanean landu duen matrikulazio kanpaina aurkeztu du, “Euskera, ahoraTÚ” leloa duena. Hala, 2024/2025 ikasturterako izen-ematea irekia dute Pasai Antxoko Txirrita AEK euskaltegiak eta Trintxerpeko Udal Euskaltegiek.
Teo Alberro Pasaiako alkatearen esanetan, “aurten ere, pasaitarrak animatu nahi ditugu euskara bere egin dezaten eta haien etorkizuna gozatu dezaten. Horretarako, euskara ikastea pauso garrantzitsua da, euskara ulertzera iristea behintzat: lana topatzeko, bezeroei kalitate handiagoko zerbitzua eskaintzeko, euskarazko titulu ofizial bat lortzeko, euskal kultura bete-betean gozatzeko, bizileku- eta lan-baimenekin lotutako administrazio-prozesuetarako, seme-alabekin eskolan ikasitakoa partekatzeko...”.
Euskara zinegotzia den Laura Rék kanpainari buruzko xehetasun gehiago eman ditu: “Euskera, ahoraTÚ” izena eman diogu eta goxoki batekin irudikatu dugu. Hitz-joko honekin pasaitarrak euskara gozatzera, dastatzera eta ikastera gonbidatu nahi ditugu. Goxoki hau euskararen mundurako gonbidapena da. Ezin dizugu euskara oparitu, baina ikasten lagunduko dizugu. Horretarako, Udalak laguntza ekonomiko garrantzitsuak jarri ditu martxan. Herritar askorentzat doakoa izan daiteke euskara ikastea, asistentziaren baldintza betez gero. Gainera, euskara ikastea pasaitar guztien eskubidea izatea nahi dugu, eta egoera ekonomikoa euskaltegian izena emateko oztopo izan ez dadin, matrikula ordaintzeko erraztasunak ere emango dizkie Pasaiako Udalak egoera zaurgarrietan dauden pasaitarrei”.
Raul Perez, Pasai Antxoko Txirrita AEK euskaltegiko ordezkaria aurkezpenean izan da: ”Pasaiako Udalak Pasaian erroldatuta dauden langabetuentzako ikastaro trinkoak eskaintzen ditu. Eskola horiek DOAKOAK dira eta langabetuek euskaraz agudo ikas dezaten diseinatuak. Horregatik, goizetan izango dira urritik abendura bitartean, astelehenetik ostegunera, egunean 5 ordu.
Halaber, ohiko ikastaroetan matrikulatzen diren langabetuek, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta kobratzen dutenek eta Giza Larrialdietarako Laguntza jasotzen duten pasaitarrek matrikularen % 20 bakarrik ordaindu beharko dute ikasturte hasieran. Asistentzia baldintzak betez gero, Udalak kopuru hori ere itzuliko die ikasturte amaieran”.
Era berean, oraindik euskara ulertu ere egiten ez duten pasaitarrak, A0A0 edo A1A0 mailako ikasleak, hain zuzen ere, euskara ikasten hasteko lehen urratsa ematera gonbidatu nahi ditugu. Gainera, ikasle horiek, Udalak ematen duen dirulaguntzaz gain, Eusko Jaurlaritzak helburu berarekin ematen duen dirulaguntza ere eskatu ahal izango dute. Pasaia arigune izatea lortu nahi dugu; 2025ean ere, Euskaraldiak, sustatuko duen kontzeptuari erreferentzia eginez. Hau da, talde edo gune bateko kide guztiek euskara ulertu, behintzat, egiten badute, euskaraz hitz egin nahi dutenek euskaraz lasai aritzeko aukera izango dute.
Kontsuelo Gorostidi Pasaiako Udal euskaltegiko zuzendaria ere agerraldian izan da: “ 16-30 urte bitarteko gazteei ere matrikula ordaintzeko erraztasunak emango zaizkie. Askotan diru-sarrera egonkorrik ez dute izaten, eta euskara etxean jaso ez eta bigarren hizkuntza bezala ikasi dutenei laguntzeko helburuarekin hartu da erabakia.
Bide beretik, Eusko Jaurlaritzak 16-18 urte bitarteko ikasleei C1 maila lortzeko ikastaroetarako dirulaguntza bereziak emango dizkie betiere iaz ikastaro hori egin ez bazuten.
Argi utzi nahi dugu asistentziaren baldintza betetzen ez duten ikasleek Udalak aurreratutako dirua itzuli behako dutela, salbuetsitako egoeraren bat justifikatzen ez badute behintzat”.
Aurtengo ikasturtean ere Mintzalaguna egitasmoa izango da Pasaian. Euskaltegiek eskaintzen duten zerbitzua hobetzeko tresna aparta da. Pasaiako Euskararen Plan Estrategikoan euskaltegietako ikasleek euskara erabiltzeko espazio berriak behar dituztela argi ikusi zen eta horretan mintzalaguna bezalako egitasmoek lagundu dezakete. Hori dela eta, datozen asteetan kanpaina berezia egingo da, pasaitarrek Mintzalaguna egitasmoan izena eman dezaten. Euskaltegietako ikasleentzat aukera bikaina izango da mintzamena landu eta euskara maila hobetzeko, baita harreman berriak egiteko ere.
“Ikastaroei dagokienez, aurreko urteetako ikastaro berezien eskaintza mantenduko dugu: mintzamena lantzeko ikastaroak, Pasaiako merkatarientzako ikastaroak edota euskara online ikasi nahi dutenentzako. Ikastaro horiei buruzko informazio osoa euskaltegietara deituta edo bertara gerturatuta lortu ahal izango duzue” gaineratu du Euskara zinegotziak.
Ikastaro berezi horietaz gain, euskaltegiek ohiko ikastaroak eskaintzen jarraituko dute urritik ekainera, 07:00etatik 21:00ak arteko ordutegi zabalean. Ikastaro guztiak 16 urtetik gorakoentzat dira. Ikasleen eskaeren eta beharren arabera, talde eta formula desberdinak antolatu ahal izango dira.
Beraz, euskara ikasteko interesa duten guztiei Trintxerpeko Udal euskaltegira (Euskadi etorbidea, 61. Tel: 943004340 euskal@pasaia.net) edota Pasai Antxoko Txirrita euskaltegira (Zumalakarregi, 9. Tel: 943525545 pasaia@aek.eus) gerturatzeko deia egiten zaie, bertan informazioa eskuratu eta izena emateko.
Herriko euskaltegietan norberari hobekien egokitzen zaion ikastaroa hautatzeko laguntza izango dute herritarrek. Pasaiako Udalaren Herritarren Arreta Zerbitzuan ere aurretiko izen-ematea egin daiteke.
Udalak euskaltegiekin elkarlanean eskainitako laguntzak baliatzera animatzen ditugu herritarrak, eta euskaltegietara gerturatzeko gonbidapena egiten diegu beste behin. Badakizue: “Euskera, ahoraTÚ. Gozatu zure etorkizuna, ikasi euskara” amaitu du Laura Rék.