Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/06/26
Euskararen erabilera sustatzeko egitasmoetan Pasaiako 100 establezimendutik gora ari dira parte hartzen
“Hasi” eta “Euskaraz Barra-Barra” egitasmoetako emaitzak aurkeztu dituzte Udalak eta Laurak Bat elkarteak

Pasaiako Udalak eta Laurak Bat merkataritza elkarteak herriko merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuetan euskararen erabilera handitzeko elkarlanean dihardute Bokale Pasaiako Euskararen Aholku Batzordearen baitan.
Laure Ré Euskara zinegotziaren esanetan “helburu hori lortzeko bidean, merkataritza-, ostalaritza- eta zerbitzu-establezimenduetan lehen hitza euskaraz egiteak asko laguntzen du. Hori dela eta, Pasaiako merkataritzako, ostalaritzako eta zerbitzuetako langileak, gutxienez, lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartzera eta elkarrizketak euskaraz hastera gonbidatu ditugu azken hilabeteetan”. Konpromiso hori hartu duten establezimenduek “Hasi” hitza daramaten bereizgarriak jarri dituzte establezimenduetan: sarrerako atean, ordainketak egiteko mahaian, langileen paparrean...
Datuei erreparatuz, Pasaiako 50 establezimenduk hartu dute orain arte lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa. Hala ere, egitasmoan parte hartu nahi duten Pasaiako gainontzeko establezimenduek irekita dute oraindik bereizgarria lortzeko aukera Laurak Bat elkartearekin edo Udaleko Euskara Sailarekin harremanetan jarrita.
“Lehen hitzaz gain, zerbitzu osoan euskara erabiltzeko aukera bermatzen duten establezimenduek Euskal Herrian zabaltzen ari den Euskaraz Barra-Barra “e//” bereizgarria jartzera animatu ditugu” gaineratu du zinegotziak. Bereizgarri hori daramaten establezimenduetan gutxienez euskaraz ulertzen duen langile batek egon beharko du bertan zerbitzua emateko prest, establezimendua zabalik dagoeb bitartean. Horrez gain, establezimenduko langile orok, euskal hiztuna izan edo ez, euskara erabiltzen duen bezeroari edota kontsumitzaileari lehen hitza eta azken agurra euskaraz egingo dizkio, eta kontsumitzaileari euskara erabiltzeko aukera bermatuko zaio establezimenduan.
Dagoeneko, 65 dira Euskaraz Barra-Barra bereizgarria lortu duten Pasaiako establezimenduak. Kasu honetan ere oraindik irekia dago bereizgarria lortzeko aukera Laurak Bat elkartearekin edo Euskara Sailarekin harremanetan jarrita.
Mari Carmen Mogilnicki Laurak Bat merkataritza elkarteko zuzendariak honako hau adierazi du: “prozesua mailakatua bada ere, orain arteko emaitzak positiboak dira. Elkartetik merkatari guztiak animatzen ditugu Pasaian euskararen erabilera sustatzen duten ekimen hauetan parte hartzera, bezeroekiko harremana eurek nahiago duten hizkuntzan egiteko aukera indartuz”.
Bi egitasmoen helburua bera da: euskara gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin egitea. Batzuetan, lehen hitza besterik ez da izango euskaraz; beste batzuetan, elkarrizketa elebidunak sortuko dira batek euskaraz egin eta besteak erdaraz erantzunda; eta hainbatetan, bezero eta merkatari/ostalarien arteko harremana euskara hutsean izango da.
Egitasmo honekin establezimenduetako langileek jarrera aktiboa hartuko dute euskararen erabilera sustatzeko, eta bezeroak ere berdin jokatzera animatu nahi dituzte Laurak Bat elkarteak eta Pasaiako Udalak. “Lehen hitza euskaraz egiteak asko eragiten baitu ondoren etorriko den elkarrizketaren hizkuntza aukeratzerako orduan” amaitu du Laura Ré Euskara zinegotziak.