Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/04/07

Kirolean euskara sustatu eta genero-berdintasuna lantzeko egitasmoa, Pasaian 

Egitasmoaren nondik norakoak bideo batean aurkeztu dituzte

Pasaiako Udalak, Pasaiako Kirol Badia klubarekin, Kiru-Do karate klubarekin, Koxtape arraun elkartearekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean, kirolean euskara sustatu eta genero-berdintasuna lantzeko egitasmoa du abian. 

Gazteekin zuzenean lan eginez, kirol-ingurunean ematen diren botere-harremanak, lehiakortasuna eta hizkuntza-ohiturak eraldatzeko estrategiak proposatzen ditu egitasmo honek.

Proiektua hiru fasetan banatzen da: 2023-2024 ikasturtean ikerketa egin zen, 2024-2025ean esku-hartze pilotua, eta 2025-2026 ikasturtean  lan hori finkatzen eta zabaltzen ari dira. Hona hemen ikasturteko hiru lan-lerro nagusiak:

  1. Zabalpena: egindako lana herritarren artean ezagutaraztea, bereziki sortutako ikus-entzunezkoaren bidez, eta beste klub batzuk prozesura gerturatzea.
  2. Kontrastea: adituekin eta herriko eragileekin (udal teknikariak, klubak...) hausnarketa saioak egitea programa doitzeko.
  3. Esku-hartzea: saio sistematizatuak egitea kirolari gazteekin eta entrenatzaileekin, azken horiek balioen erreferente gisa formatuz.

Egitasmoaren muina gazteen ahotsa erdigunean jartzea da, haien bizipenetatik abiatuta kirol-taldeak "babesgune" bihurtzeko: euskararentzako arnasgune eta genero-bereizketarik gabeko praktika berrientzako espazio.

Egitasmoaren nondik norakoak bideo batean laburtu dituzte. Ikus-entzunezko hori 2026ko Kirol Galan aurkeztu zen.