Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/09/02
“Euskara, ahoraTÚ”, euskara doan ikasteko aukera Pasaian!
Pasaiako euskaltegietan matrikularen % 100 ordainduko zaie ikastaroa amaitzean ezarritako baldintzak betetzen dituzten pasaitar guztiei

Azken urteetan bezala, Pasaiako Udalak herriko bi euskaltegiekin elkarlanean landu duen matrikulazio-kanpaina aurkeztu du, “Euskara, ahoraTÚ” lelopean.
Agerraldia Antxoko Ibaiondon izan da eta bertan Pasaiako alkateordea den Aintzane Tabernak hartu du hitza: “gaztelania jakiteaz gain, benetan garrantzitsua ere bada euskaraz hitz egitea. Hizkuntza zaila dela entzungo dugu, baina berez ez dago hizkuntza zailik edo errazik, ideia hori oso subjektiboa baita. Ikasten zenbat eta lehenago hasi, orduan eta seguruago sentitzen hasiko zara”.
Hori horrela, 2025/2026 ikasturterako izen-ematea irekia dute Pasai Antxoko Txirrita AEK euskaltegiak eta Trintxerpeko Udal Euskaltegiak. “Aurten ere pasaitarrak animatu nahi ditugu euskara bere egin dezaten, haien etorkizuna gozatu dezaten, eta horretarako, euskara ikastea pauso garrantzitsua da, euskara ulertzera iristea behintzat: lana topatzeko, bezeroei kalitate handiagoko zerbitzua eskaintzeko, euskarazko titulu ofizial bat lortzeko...”.
Doan ikasteko aukera
“Gainera, garai zail hauetan eta doakotasunaren bidean, Pasaiako Udalak beste urrats sendo bat egitea erabaki du: matrikularen % 100 ordaintzea ikastaroa amaitzean ezarritako baldintzak betetzen dituzten pasaitar guztiei, besteak beste, ikastaroan gutxienez % 85eko asistentzia egiaztatuz gero” adierazi du Tabernak.
Kontsuelo Gorostidi, Pasaiako Udal euskaltegiko zuzendaria ere agerraldian izan da eta ikasleen profilari buruzko datu batzuk zehaztu ditu: “Ikasturte berrian, batez ere gizonezkoak gonbidatu nahi ditugu euskara ikastera. Izan ere, urtero, euskara ikastera animatzen diren ikasle gehienak emakumezkoak izaten dira. Eustaten datuen arabera, 2023-2024 ikasturtean Gipuzkoan esaterako, euskaltegietan matrikulatutako ikasleen % 63,81 emakumeak izan ziren, % 36 gizonezkoak eta %0,17 ez bitarrak”.
Ikastaro bereziak
Aurten ere, aurreko urteetako ikastaro berezien eskaintza mantenduko da: mintzamena lantzeko ikastaroak nahiz Pasaiako merkatarientzako ikastaroak. Ikastaro horiei buruzko informazio osoa euskaltegietara deituta edo bertara gerturatuta lortu ahal izango dute pasaitarrek.
Ordutegi malguak
Ikasturtea irailaren amaieran hasi eta ekaina arte luzatuko da, 07:00etatik 21:00ak arteko ordutegi zabalean. Ikastaro guztiak 16 urtetik gorakoentzat dira. Ikasleen eskaeren eta beharren arabera, talde eta formula desberdinak antolatu ahal izango dira.
Diana de Castro Pasai Antxoko Txirrita AEK euskaltegiko ordezkariak honako hau gaineratu du: “aurten ere Mintzalaguna egitasmoa izango dugu Pasaian. Euskaltegietako ikasleentzat aukera bikaina izaten da mintzamena landu eta euskara maila hobetzeko, baita harreman berriak egiteko ere”.
Beraz, euskara ikasteko interesa duten guztiei dei egiten zaie Trintxerpeko Udal euskaltegira (Euskadi etorbidea, 61. Tel.: 943004340 euskal@pasaia.net) edota Pasai Antxoko Txirrita euskaltegira (Zumalakarregi, 9. Tel.: 943525545 pasaia@aek.eus) gerturatzeko, bertan informazioa eskuratu eta izena emateko. Herriko euskaltegietan norberari hobekien egokitzen zaion ikastaroa hautatzeko laguntza izango dute herritarrek. Pasaiako Udalaren Herritarren Arreta Zerbitzuan ere aurretiko izen-ematea egin daiteke.
Amaitzeko, Aintzane Tabernak honakoa adierazi du: “Udalak euskaltegiekin elkarlanean eskainitako laguntzak baliatzera animatzen ditugu herritarrak, eta euskaltegietara gerturatzeko gonbidapena egiten diegu. Badakizue: Euskara, ahoraTÚ. Hitzez hitz, ikasi euskara”.
Euskara ikasten aritu diren ikasle pasaitar batzuk izan dira euren testigantza:
Lucia Gruber
“Euskarak zaila izatearen fama du eta beldurra ematen zidan hasteak. Baina fama besterik ez da. Behin euskaltegi batean hasita, ondo irakatsiko dizute hizkuntza”.
Mikel Fuentes Vicente
“Alaba jaio zenean ikusi nuen oso garrantzitsua zela euskara ikastea. Hasieran oso lotsati nenbilen, baina oso gustura nabil orain. Gaur egun, lanean, gai naiz bilera bat euskaraz egiteko eta kristona da hori niretzat”.
Felipe Fernandez Rodriguez
“Niri euskarak ate pila bat ireki dizkit. Osakidetzan egiten dut lan eta euskara ez nekienez, lehenengo kontratuak oso motzak ziren. Hizkuntza ikasi eta lan aukera eta puntu gehiago lortu nituen eta, azkenean, plaza finkoa lortu dut euskarari esker”.







