Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/09/02
Euskara ipar, plan biribila! lelopean aurkeztu da euskaltegien matrikulazio kanpaina berria
Herriko bi euskaltegiek eskaintza zabala dute aurten ere eta izen-emateak irailean zehar egin daitezke

Azken urteetan bezala, Pasaiako Udalak eta udalerriko bi euskaltegiek elkarlanean landu duten aurtengo matrikulazio-kanpaina aurkeztu dute “¡Súbete al barco del euskera! Euskara ipar, plan biribila!” lelopean.
Izan ere, 2026/2027 ikasturterako izen-ematea irekia dute Pasai Antxoko Txirrita AEK euskaltegiak eta Trintxerpeko Udal Euskaltegiak. Aurten ere pasaitarrak animatu nahi dituzte euskara bere egin dezaten, haien etorkizuna gozatu dezaten; eta horretarako, euskara ikastea pauso garrantzitsua da, euskara ulertzera iristea behintzat: lana topatzeko, bezeroei kalitate handiagoko zerbitzua eskaintzeko, euskarazko titulu ofizial bat lortzeko, euskal kultura bete-betean gozatzeko, bizileku- eta lan-baimenekin lotutako administrazio-prozesuetarako, seme-alabekin eskolan ikasitakoa partekatzeko...
Aurtengo kanpainaren eta iruditeri berriaren aurkezpena Laura Ré Euskara zinegotziak, Diana de Castro Txirrita AEK Euskaltegiko zuzendariak eta Ane Olkotz Udal Euskaltegiko idazkari akademikoak egin dute.
Euskarako zinegotziak nabarmendu du euskararen normalizazioa udalaren lehentasun estrategikoetako bat dela: "Euskara, gure hizkuntza izateaz gain, komunitatea egiteko tresna da, kohesioa sortzen duena eta aukera gehiago irekitzen dizkiguna. Gure helburua da Pasaian bizi den edonork euskaraz ikasteko eta bizitzeko aukera erreala izatea, bere egoera sozioekonomikoa edo jatorria edozein direla ere", adierazi du.
Ildo horretan, zinegotziak gogorarazi du Udalak euskara sustatzeko egiten duen apustua ez dela matrikulazio kanpainara mugatzen, urte osoan zehar garatzen diren politika eta ekimenen parte dela. "Euskararen biziberritzea guztion ardura da, baina erakundeok bidea erraztu behar dugu. Horregatik, prestakuntza eskuragarri egiteaz gain, euskararen erabilera handitzeko baldintzak sortzen jarraituko dugu, Pasaia gero eta euskaldunagoa izan dadin", azpimarratu du.
Maila guztietako eskaintza
Pasaiako Udal Euskaltegian eta Txirrita AEK Euskaltegian maila guztietara egokitutako ikastaroak eskainiko dituzte ordutegi zabalean.
Langabetuentzako aukera bikaina
Horien artean langabetuei zuzendutako ikastaro trinkoa azpimarratu nahi izan dute. Ikastaro horren bidez, euskara azkarrago ikasteko aukera izango dute ikasleek eta lana aurkitzeko aukerak handituko zaizkie, beste abantaila batzuen artean.
Dagoeneko euskaraz dakitenak ere animatu nahi izan dituzte Pasaiako euskaltegietara, haien maila hobetu dezaten, inoiz ez dela berandu iritzita. Eta horrekin batera, euskara ez dakiten ingurukoak animatzera deitu dituzte Pasaiako euskaltegietan ikastearen abantailak baliatuta.
Matrikularen % 100 berreskuratzeko aukera, pasaitarrek
Pasaiako Udaleko eta bi euskaltegietako ordezkariek ez dute nahi egoera ekonomikoa euskara ikasteko oztopoa izan dadin. Hori dela eta, ikastaroek arrazoizko prezioak izango dituzte, eta gainera, pasaitarrek matrikularen % 100 berreskuratu ahal izango dute baldintzak betez gero. Baldintza horien artean, % 85eko asistentzia egiaztatu beharko da.
Ikastaro bereziak
Aurtengoan ere, aurreko urteetako ikastaro berezien eskaintza mantenduko dute: mintzamena lantzeko ikastaroak, nahiz Pasaiako merkatarientzako ikastaroak. Ikastaro horiei buruzko informazio osoa euskaltegietara deituta edo bertara gerturatuta lortu ahal izango duzue.
Ikastaro berezi horietaz gain, euskaltegiek ohiko ikastaroak eskaintzen jarraituko dute irailaren amaieratik ekainera, 07:00etatik 21:00ak arteko ordutegi zabalean. Ikastaro guztiak 16 urtetik gorakoentzat dira. Ikasleen eskaeren eta beharren arabera, talde eta formula desberdinak antolatu ahal izango dira.
Beraz, euskara ikasteko interesa duten guztiei Trintxepeko Udal Euskaltegira (Euskadi etorbidea, 61. Tel.: 943004340 euskal@pasaia.net) edota Pasai Antxoko Txirrita Euskaltegira (Zumalakarregi, 9. Tel.: 943pasaia@aek.eus) gerturatzeko deia egiten diete, bertan informazioa eskuratu eta izena emateko. Izen-emateak hilabete osoan zehar izango dira irekita.
Herriko euskaltegietan norberari hobekien egokitzen zaion ikastaroa hautatzeko laguntza izango dute herritarrek. Pasaiako Udalaren Herritarren Arreta Zerbitzuan ere aurretiko izen-ematea egin daiteke.
Pasaiako euskaltegien web atala








