Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2022/09/12

Pasaiako udalak eta Euskaltegiek 22/23 ikasturteko matrikulazio kanpainaren aurkezpena egin dute

Irailaren 7an Pasaiako Udalak herriko bi euskaltegiekin elkarlanean landu duen aurtengo matrikulazio kanpaina aurkeztu zuen, “¡Hazlo tuyo!” lelopean aurten ere.

Loreto Osa Pasaiako Udaleko zinegotziak hitza hartu du eta honakoa adierazi du:

2022/2023 ikasturterako izen-ematea irekia dute Pasai Antxoko Txirrita AEK euskaltegiak eta Trintxerpeko Udal Euskaltegiak. Aurten ere pasaitarrak animatu dituzte euskara bere egin dezaten, euskaragile izan daitezen, eta horretarako, euskara ikastea pauso garrantzitsua da, euskara ulertzera iristea behintzat: lana topatzeko, bezeroei kalitate handiagoko zerbitzua eskaintzeko, euskarazko titulu ofizial bat lortzeko, euskal kultura bete-betean gozatzeko, seme-alabekin eskolan ikasitakoa partekatzeko...

Euskaragile izaten laguntzeko, herriko bi euskaltegiek hainbat helburu eta beharretara egokitzen diren ikastaro espezifikoak eskaintzen dituzte, ordutegi malguekin eta metodologia berritzaile eta erakargarriekin. Aurreko ikasturteko emaitza onak horren erakusgarri dira. Pasaiako Udalak, gainera, laguntza ekonomiko garrantzitsuen bitartez lagunduko die euskaltegietako ikasleei. Herritar askorentzat, asistentziaren baldintza betez gero, doakoa izan daiteke euskara ikastea.

Gainera, egoera ekonomikoa euskaltegian izena emateko oztopo izan ez dadin, matrikula ordaintzeko erraztasunak ere ematen dizkie Pasaiako Udalak ondorengo bi egoeretan dauden pasaitarrei.

Udane Migeltorena, Pasai Antxoko Txirrita AEK euskaltegiko zuzendariak azaldu duenez, batetik, langabetuek, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta kobratzen dutenek eta Giza Larrialdietarako Laguntza jasotzen dutenek matrikularen % 20 bakarrik ordaindu beharko dute ikasturte hasieran, etaeskola-orduen % 85era baino gehiagora bertaratuz gero, Udalak kopuru hori ere itzuliko die ikasturte amaieran.

Bestetik, aukera bera izango dute oraindik euskara ulertu ere egiten ez duten pasaitarrek. Euskara ikasten hasteko lehen urratsa ematera gonbidatu nahi ditugu horiek. Pasaia arigune izatea lortu nahi dugu, Euskaraldiak sustatu duen kontzeptuari erreferentzia eginez. Hau da, talde edo gune bateko kide guztiek euskara ulertu, behintzat, egiten badute, euskaraz hitz egin nahi dutenek euskaraz lasai aritzeko aukera izango dute. Hori dela eta, A0A0 edo A1A0 mailako ikasleei euskaltegietan ikasten hasteko erraztasun handiagoa ematea erabaki dugu. Pasaitar guztiek euskara ulertzeko helburua lortzeko eta gure gonbidapena errazago onartzen laguntzeko adostu dugun neurria da Pasaiako Udalak eta bi euskaltegiek.

Argi utzi nahi izan dute asistentziaren baldintza betetzen ez duten ikasleek Udalak aurreratutako dirua itzuli behako dutela, salbuetsitako egoeraren bat justifikatzen ez badute behintzat.

Euskara ikasten hastearen esperientziaren berri emateko bertan izan dira aurreko urtean hasi ziren Mariaje Treceño eta Carlos Javier Paniagua.

Mariaje Treceño: aurreko urtean hastapen ikastaro batean hasi zen Udal euskaltegiko ikaslea.

Oso esperientzia ona izan da euskara ikasten hastea eta aurten eregoizeko taldean jarraitzea da asmoa. Orain arte ez dut denbora nahikoa izan, baina beti izan dut gogoa eta oso pozik nago”.

Carlos Javier Paniagua, Aurreko urtean Txirrita AEK-ko hastapen ikastaro batean hasi zen ikaslea. 

Carlos Javier naiz, Salamancakoa naiz eta Pasaian bizi naiz duela zortzi urte. Denbora horretan guztian ez nuen pentsatu euskara ikastea,iaz nire bikotekideak eta lagunek animatu ninduten arte. Euskara aurkikuntza bat izan da niretzat. Aurten ikasten jarraitu nahi dut, pila bat gustatzen zaidalako, bai hizkuntza, bai kultura. Jende zoragarria ezagutu dut, bai ikaskideak, euskaltegiko irakasle guztiak. Eskerrik asko eta barkatu nire euskaragatik, baina Jon Maiak esan zuen bezala: “Euskara politena ikasten ari den pertsonarena da”. 

Susana Garro, Pasaiako Udal euskaltegiko zuzendariak honakoa adierazi du: “aurten gurasoek euskara inoiz baino eskurago izatea nahi dugu. Hori dela eta, haiei zuzendutako kanpaina berezia egiten gabiltza. Euskara ikasteko saioak seme-alaben zentroan bertan eskainiko ditugu Pasaiako Euskaltegiek, haiei egokitutako eduki eta ordutegiekin. Ez dugu matrikularen kostua gurasoek euskara ikasteko muga izatea nahi. Hori dela eta, gurasoek 32 eta 160 euro bitarte ordaindu beharko dute matrikula ikasturte hasieran, haien egoera ekonomikoaren eta euskara mailaren arabera. Baina denei itzuliko zaie %100, asistentziaren baldintza betez gero”.

Bestalde Edurne Urkiola Pasaia Lezo Lizeoko zuzendariak eta Mikel Vargas Karmego Ama ikastetxeko ordezkariak adierazpen hauek egin dituzte:

Aspaldi konturatuta gaude ikastetxeetako irakasleok ezin dugula haur eta nerabeen euskalduntze prozesuaren pisu guztia guregan hartu. Hau da, ikastetxean ikasleek pasatako orduak ez dira nahikoa haur eta nerabeak euskara maila on bat lortzeko eta are gutxiago haien egunerokoan euskara erabiltzeko. Beraz, etxeko bizitzan euskarak presentzia handiagoa izatea oso garrantzitsua da haur eta nerabeek euskara bere egin dezaten. Hori dela eta, guraso pasaitarrak eta Pasaiako ikastetxeetako gurasoak euskara ikastera animatzen ditugu. Susanak aipatu bezala, Pasaiako ikastetxeetan edo euskaltegietan haiei egokitutako ikastaroetan parte hartzeko aukera izango dute eta, asistentziaren baldintza betez gero, matrikula osoa itzuliko zaie. Beraz, gurasoen artean ere ¡Hazlo tuyo! mezua zabaldu nahi dugu, eta horretarako, gure ikastetxeetako familia guztiengana iritsiko da euskaltegietara gerturatzeko gonbidapena”.

Halaber, Patxi Azparren, Mintzalaguna egitasmoko dinamizatzaileak adierazi du aurten, berritasun modura, PasaianMintzalaguna egitasmoa berreskuratuko dutela. Hark dioenez, Euskaltegiek eskaintzen dugun zerbitzua hobetzeko tresna aparta dela uste dugu. Azken urte honetan osatzen jardun dugun Pasaiako Euskararen Plan Estrategikoan euskaltegietako ikasleek euskara erabiltzeko espazio berriak behar dituztela argi ikusi dugu eta horretan mintzalaguna bezalako egitasmoek lagundu dezaketela uste dugu. Hori dela eta, datozen asteetan kanpaina berezia egingo dugu, pasaitarrek Mintzalaguna egitasmoan izena eman dezaten. Euskaltegietako ikasleentzat aukera bikaina izango da mintzamena landu eta euskara maila hobetzeko. Beraz, jakin ezazue aurten, euskaltegietako ikastaroetan izena emateaz gain, Mintzalaguna egitasmoan izena emateko aukera ere egongo dela Pasaiako euskaltegietan.

Loreto Osa Pasaiako Udaleko zinegotziak hartu du hitza berriz ere, eta ikastaroei buruzko xehetasunak eman ditu: aurreko urteetako ikastaro berezien eskaintza mantenduko da: mintzamena lantzeko ikastaroak, Pasaiako merkatarientzako, langabetuentzako ikastaro trinkoak edota euskara online ikasi nahi dutenentzako. Ikastaro horiei buruzko informazio osoa euskaltegietara deituta edo bertara gerturatuta lortu ahal izango duzue.

Ikastaro berezi horietaz gain, euskaltegiek ohiko ikastaroak eskaintzen jarraituko dute urritik ekainera, 07:00etatik 21:00ak arteko ordutegi zabalean. Ikastaro guztiak 16 urtetik gorakoentzat dira. 2 orduko eskolak izaten dira astelehenetik ostegunera. Hala ere, ikasleen eskaeren eta beharren arabera, talde eta formula desberdinak antolatu ahal izango dira.

Beraz, euskara ikasteko interesa duten guztiei Trintxepeko Udal euskaltegira (Euskadi etorbidea, 61. Tel.: 943004340 euskal@pasaia.net) edota Pasai Antxoko Txirrita euskaltegira (Zumalakarregi, 9. Tel.: 943525545 pasaia@aek.org) gerturatzeko deia egiten diete, bertan informazioa eskuratu eta izena emateko. Herriko euskaltegietan norberari hobekien egokitzen zaion ikastaroa hautatzeko laguntza izango dute herritarrek. Pasaiako Udalaren Herritarren Arreta Zerbitzuan ere aurretiko izen-ematea egin daiteke.

Udalak euskaltegiekin elkarlanean eskainitako laguntzak baliatzera animatzen dituzte herritarrak, eta euskaltegietara gerturatzeko gonbidapena egiten diete beste behin. Badakizue: ¡Hazlo tuyo!