Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2023/09/06
Pasaiako euskaltegietako matrikulazioa kanpainaren aurkezpena
Udal euskaltegia Trintxerpen eta Txirrita AEK euskaltegia Antxon
Azken urteetan bezala, Pasaiako Udalak herriko bi euskaltegiekin elkarlanean landu duen aurtengo matrikulazio kanpaina aurkeztuko dizuegu gaurkoan, “¡Con el euskera ganamos todas/os!” “Euskararekin denok irabazle” lelopean. 2023/2024 ikasturterako izen-ematea irekia dute Pasai Antxoko Txirrita AEK euskaltegiak eta Trintxerpeko Udal Euskaltegiak. Aurten ere pasaitarrak animatu nahi ditugu euskara bere egin dezaten, euskaragile izan daitezen, eta horretarako, euskara ikastea pauso garrantzitsua da, euskara ulertzera iristea behintzat: lana topatzeko, bezeroei kalitate handiagoko zerbitzua eskaintzeko, euskarazko titulu ofizial bat lortzeko, euskal kultura bete-betean gozatzeko, seme-alabekin eskolan ikasitakoa partekatzeko...
Euskaragile izaten laguntzeko, herriko bi euskaltegiek hainbat helburu eta beharretara egokitzen diren ikastaro espezifikoak eskaintzen dituzte, ordutegi malguekin eta metodologia berritzaile eta erakargarriekin. Aurreko ikasturteko emaitza onak horren erakusgarri dira. Pasaiako Udalak, gainera, laguntza ekonomiko garrantzitsuen bitartez lagunduko die euskaltegietako ikasleei. Herritar askorentzat, asistentziaren baldintza betez gero, doakoa izan daiteke euskara ikastea.
Gainera, egoera ekonomikoa euskaltegian izena emateko oztopo izan ez dadin, matrikula ordaintzeko erraztasunak ere emango dizkie Pasaiako Udalak ondorengo egoeretan dauden pasaitarrei.
Batetik, langabetuek, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta kobratzen dutenek eta Giza Larrialdietarako Laguntza jasotzen dutenek matrikularen % 20 bakarrik ordaindu beharko dute ikasturte hasieran, eta eskola-orduen % 85era baino gehiagora bertaratuz gero, Udalak kopuru hori ere itzuliko die ikasturte amaieran. Dirulaguntza ikaslearen abiapuntu-maila edozein dela ere eskatu ahal izango dute.
Bestetik, aukera bera izango dute oraindik euskara ulertu ere egiten ez duten pasaitarrek. Euskara ikasten hasteko lehen urratsa ematera gonbidatu nahi ditugu horiek. Pasaia arigune izatea lortu nahi dugu, Euskaraldiak sustatu duen kontzeptuari erreferentzia eginez. Hau da, talde edo gune bateko kide guztiek euskara ulertu, behintzat, egiten badute, euskaraz hitz egin nahi dutenek euskaraz lasai aritzeko aukera izango dute. Hori dela eta, A0A0 edo A1A0 mailako ikasleei euskaltegietan ikasten hasteko erraztasun handiagoa ematea erabaki genuen aurreko ikasturtean.
Horrekin, euskara ikastea pasaitar guztien eskubidea izatea nahi dugu, horrek, gainera, euskaraz bizi nahi dugun pasaitarrok hala egitea erraztuko duelako.
Azkenik, aurten, matrikula ordaintzeko erraztasunen aukera 16-30 urte bitarteko gazteei ematea ere adostu dugu. Askotan diru-sarrera egonkorrik ez dute izaten, eta euskara etxean jaso ez eta bigarren hizkuntza bezala ikasi dutenei laguntzeko helburuarekin hartu da erabakia. Gazteen artean mezua zabaltzeko sare sozialetara bideratutako bideo dibertigarriak egin ditugu. Ikusgai izango dituzue Bokaleren sare sozialetan (@bokale_pasaia).
Argi utzi nahi dugu asistentziaren baldintza betetzen ez duten ikasleek Udalak aurreratutako dirua itzuli behako dutela, salbuetsitako egoeraren bat justifikatzen ez badute behintzat.
Aurten ere gurasoek euskara inoiz baino eskurago izatea nahi dugu. Horretarako, euskara ikasteko saioak seme-alaben zentroan bertan eskainiko ditugu Pasaiako Euskaltegiek, haiei egokitutako eduki eta ordutegiekin. Ez dugu matrikularen kostua gurasoek euskara ikasteko muga izatea nahi. Hori dela eta, gurasoek 32 edo 160 euro ordaindu beharko dute matrikula ikasturte hasieran, haien lan-egoeraren eta euskara mailaren arabera. Baina denei itzuliko zaie %100, asistentziaren baldintza betez gero.
Aurreko urtean Pasaian Mintzalaguna egitasmoa berreskuratuko genuen. Euskaltegiek eskaintzen dugun zerbitzua hobetzeko tresna aparta dela uste dugu. Azken urte honetan osatzen jardun dugun Pasaiako Euskararen Plan Estrategikoan euskaltegietako ikasleek euskara erabiltzeko espazio berriak behar dituztela argi ikusi dugu eta horretan mintzalaguna bezalako egitasmoek lagundu dezaketela uste dugu. Hori dela eta, datozen asteetan kanpaina berezia egingo dugu, pasaitarrek Mintzalaguna egitasmoan izena eman dezaten. Euskaltegietako ikasleentzat aukera bikaina izango da mintzamena landu eta euskara maila hobetzeko. Beraz, jakin ezazue aurten ere, euskaltegietako ikastaroetan izena emateaz gain, Mintzalaguna egitasmoan izena emateko aukera ere egongo dela Pasaiako euskaltegietan.
Ikastaroei dagokienez, aurreko urteetako ikastaro berezien eskaintza mantenduko dugu: mintzamena lantzeko ikastaroak, Pasaiako merkatarientzako, langabetuentzako ikastaro trinkoak edota euskara online ikasi nahi dutenentzako. Ikastaro horiei buruzko informazio osoa euskaltegietara deituta edo bertara gerturatuta lortu ahal izango duzue.
Ikastaro berezi horietaz gain, euskaltegiek ohiko ikastaroak eskaintzen jarraituko dute urritik ekainera, 07:00etatik 21:00ak arteko ordutegi zabalean. Ikastaro guztiak 16 urtetik gorakoentzat dira. 2 orduko eskolak izaten dira astelehenetik ostegunera. Hala ere, ikasleen eskaeren eta beharren arabera, talde eta formula desberdinak antolatu ahal izango dira.
Beraz, euskara ikasteko interesa duten guztiei Trintxepeko Udal euskaltegira (Euskadi etorbidea, 61. Tel.: 943004340 euskal@pasaia.net) edota Pasai Antxoko Txirrita euskaltegira (Zumalakarregi, 9. Tel.: 943525545 pasaia@aek.eus) gerturatzeko deia egiten diegu, bertan informazioa eskuratu eta izena emateko. Herriko euskaltegietan norberari hobekien egokitzen zaion ikastaroa hautatzeko laguntza izango dute herritarrek. Pasaiako Udalaren Herritarren Arreta Zerbitzuan ere aurretiko izen-ematea egin daiteke.
Udalak euskaltegiekin elkarlanean eskainitako laguntzak baliatzera animatzen ditugu herritarrak, eta euskaltegietara gerturatzeko gonbidapena egiten diegu beste behin. Badakizue: “¡Con el euskera ganamos todas/os!” “Euskararekin denok irabazle”